Herri baten erradiografia «poliedrikoa»

Euskal Herriaren iraganaz, orainaz eta etorkizunaz hausnartu dute Eusko Ikaskuntzak eta Euskal Herriko Unibertsitateak antolatutako ikastaro batean. EI lantzen ari den Liburu Berdea elikatzea eta datorren urtean diagnostikotik proposamenetara igarotzea da asmoa.

Euskal unibertsitateetako eta Eusko Ikaskuntzako ordezkariak, asteazkenean. JON URBE / ARP.
jon olano
Donostia
2017ko irailaren 15a
00:00
Entzun
Nola irudikatu etorkizuneko Euskal Herria? Zein antolaketa juridiko-politiko izan behar dute euskal lurraldeek, barnera eta nazioartera begira? Zein jokalekutatik dator Euskal Herria, eta zein ingurune politikotan garatu beharko du bere etorkizuna? Hamaika galdera erantzuteko saioan ari da Eusko Ikaskuntza, eta saio horretan pauso bat eman nahi izan dute asteazkenetik ostiralera bitartean, Eusko Ikaskuntzak eta Euskal Herriko Unibertsitateak antolatutako Kohesioa eta bizikidetza eraikitzen: Euskal lurraldeak eta lurraldetasuna XXI. mendean ikastaroan.

Bertan aurkeztu dituzte Eusko Ikaskuntza ontzen ari den Liburu Berdearen zirriborroaren edukietako batzuk. Halaber, zirriborroa izanik, ikastaroan landutako edukiekin ekarpena egin nahi izan diote Liburu Berdeari, azaro aldera behin betiko bertsioa gizarteratzeko. Azken hilabeteetako lanari gehitzeko, diziplina ugaritako edukiak izan dituzte aztergai ikastaroan, egoeraren «diagnostikoa elkarrekin» egin eta, ondo bidean, Liburu Berdetik Zurira igarotzeko; alegia, diagnostikotik proposamen zehatzetara jauzi egiteko. 2018ko udazkenean izango da hori, Eusko Ikaskuntzaren 18. Kongresuarekin eta erakundearen mendeurrenarekin bat eginez.

LIBURU BERDEA
Diagnostikoa osatzen

Osatze prozesuan badago ere, Liburu Berderanzko bide, xede eta metodologiak azaldu zituen Beatriz Akizu Eusko Ikaskuntzako egitura soziopolitikoaren adarraren sustatzaileak eta, Mario Zubiaga Euskal Herriko Unibertsitateko irakaslearekin batera, ikastaroko zuzendariak. Hain justu, galdera batetik abiatu zen Liburu Berdea, Akizuren hitzetan: zeintzuk dira euskal gizartearen egungo premiak? Prozesuan xedetzat hartu dute «lurraldetasunaren inguruan eztabaida partekatua eta egituratua bideratzeko oinarriak eskaintzea», eta bide hori «metodologia metatzailean eta progresiboan» ezartzea, «begirada poliedrikoa» txertatuta.

Liburu Berdeaz harago, 2018tik aurrera ere «euskal lurraldeak munduan kokatzeko hausnarketa gune bat» eratzea nahi du Zubiagak. Haren ustez, «ziurgabetasun» aro batean bizirik eta erantzunak «itxitura eta gotortzea edo kohesioa eta elkarkidetza» izanik, Euskal Herriak baditu tresnak ziurgabetasun horri erantzuteko:«Euskal lurraldeek historian erakutsi dute badagoela gaitasun bat beste mundu ikuskera bat proposatzeko. Badaude sinergia eta ardatzak; gure lana da horiek trinkotzea».

Liburuaren zenbait atal aletu zituen Zubiagak. Tartean, aztergai ditu euskal lurraldeak kohesionatzeko oinarriak nahiz Euskal Herriaren kokapena globalizazioaren aroan: «Globalizazio eredu nagusia tentsioan dago komunitate demokratikoarekin». Geopolitikan, Europari eta mundu mailari erreparatu diote, eta Euskal Herriaren «periferizazio arriskua» sumatu dute, periferizazio horretan izan beharreko rolaz galdetzearekin batera.

EGITURAKETA
Demokrazia eta erabakia

Jule Goikoetxea EHUko irakasleak eta Zelai Nikolas legelari eta Gure Esku Dago-ko eledunak jorratu zituzten egitura politiko-instituzionalaren demokratizazioa eta erabakimena. Goikoetxeak ohartarazi zuenez, esan ohi da «kapitalismo finantzarioaren aroan desnazionalizazio bat» ematen dela, baina, uste duenez, horren esanahia da«herri burujabetza desjabetu» dela: «Burujabetzaren pribatizazio edo desmuntatze bat dago. Horregatik, subiranotasuna da birpentsatu behar dena». Ezinezko deritzo «demokrazia global bati tokian tokiko demokraziarik gabe». «Fluxuez» mintzatu zen, «muga berriak sortzen eta zaharrak desegiten» dituztenez gero: «Kontua da horiek —kapital, informazio… fluxuak— demokratizatzea».

Nikolasek gogorarazi zuen XX. mendean eztabaidaren erdigunean zegoela beren geroa erabaki nahi zuten herriek horretarako titulartasuna ote zuten: «XXI. mendean, Euskal Herria, Kanada, Eskozia, Katalunia edo Groenlandiatik, beste proposamen bat egiten ari gara». Haren iritziz, erabakitzeko eskubidea «demokrazian sakontzeko, bizi baldintzak garatzeko, nortasuna garatzeko eta erabakitzeko kultura eta gaitasuna garatzeko tresna» da, baina «zailtasun eta mugak» ere nabari ditu; estatuen ukazioa, globalizazioa eta ahalduntze maila, kasurako.

EUSKAL HERRIA MUNDUAN
Gogoeta geoestrategikoki

Euskal Herriak munduan duen kokapen geoestrategikoa ere aztertu zuten. Sabin Azua aholkulariak identitatea babestu zuen alor ekonomikoan: «Euskal ereduan garrantzitsuena arlo soziala da. Ezaugarri berezituak ditugu. Tradizio komunitarioak sendoago egiten gaitu garapenean». Haren iritziz, «Euskadik bere lekua topatu behar du munduan», eta elkartasuna indartu: «Nahi badugu gizarte kohesionatu bat, kulturaniztunak izan behar dugu». Antzera uste du Globernance institutuko kide Cristina Astierrek. Haren arabera, globalizazioak eragina du lurraldetasunean; hura moldatu du. Posible da aldaketa prozesu horiek lurraldeetatik gobernatzea? Astierren iritziz, «erronka konpartituei» aurre egiteko «ezintasunak» dituzte tokiko erakundeek.

Adrian Zelaia Ekai Centerreko presidenteak ere premiazkotzat du Euskal Herriak bere burua munduan «birkokatzea». Ziurgabetasunen aurrean, politika ekonomiko berriak ezartzearen aldekoa da: «Lurralde txikia gara, eragin gaitasun urrikoa. Fideltasun itzela izan diogu mendebaldeko elite finantzarioari».

HISTORIA
Iraganak eta mugak

Atzera ere begiratu dute. Iraganera, eta Ipar nahiz Hego Euskal Herriko mugatik Aitzpea Leizaola antropologoa; haren esanahi eta ondorioetatik: «Oso porotsua izan da gure muga, baina, azken bi mendeetan, Espainia eta Frantzia gerran ez egoteak egonkortasuna eman dio». Mugaren bi aldeen arteko harremanak «oso estuak» izan dira, «baina, paradoxikoki, estatuen mugak desartikulatzean, harremanak lausotu dira».Aizpururen hitzetan, lurraldeen arteko kohesioa «praktikatu» egiten zen: «Harreman horiek praktikoagoak izan dira teorikoak baino». Leizaolaren arabera, mugak «kontingenteak, arbitrarioak eta erlazionalak» direla-eta, Aizpuruk erantsi:«Mugaren aurrean, guk mugimendua jarri behar dugu. Mugimenduak dauden neurrian izango da posible kohesioa».

ANIZTASUNA
Kapital soziala kohesionatuz

Lurralde, kultura eta ikuspegi politiko askotarikoak daudelarik, kapital sozialaz eta aniztasun hori kudeatzeko moduez gogoetatu zuten. Eduardo Ruiz Vieytez Deustuko Unibertsitateko irakasleak askatasunarekin lotzen du aniztasuna, eta aukeratzat du: «Gizarte kohesionatuagoa eta zoriontsuagoa lortzeko tresna da». «Estrategia pluralista» bat nahi du.

Euskarari heldu zion Jone Goirigolzarri Deustuko Unibertsitateko irakasleak: «diskurtso aglutinatzaile baten beharra» azpimarratu zuen, eta «euskararen inposizioaren eta bazterketaren diskurtsoak deseraikitzera» deitu. Mari Luz Esteban EHUko irakasleak «glosategi berritu bat» proposatu zuen, eta «gizarte mugimenduen arteko aliantza berriak» goraipatu. Kohesioari begira «tresna nagusietakoa» delakoan, hezkuntzaz aritu zen Amelia Barquin Mondragon Unibertsitateko irakaslea. Haren iritziz, immigrazio berriak arazo batzuk «nabarmen» utzi ditu: «Bagenekien eskola berean geletan ematen zela segregazioa. Naturaltzat jo izan dugu. Baina, immigrazioari esker, azaleratu egin da gaia».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.