Eusko Jaurlaritzako eledun ohia

Miren Azkarate: «Herri batek bere etorkizuna erabakitzeko borondatea badu, aurrera aterako du lehenago edo geroago»

Azkarate Jaurlaritzaren bozeramaile izan zen 2004tik aurrera, eta bete-betean harrapatu zuen estatutu berrirako proposamenak lan horretan: «Oso intentsoa izan zen».

Miren Azkarate. MAIALEN ANDRES / FOKU
Miren Azkarate. MAIALEN ANDRES / FOKU
Iosu Alberdi.
Donostia
2025eko urtarrilaren 26a
05:00
Entzun

Miren Azkarate (Donostia, 1955) 2001ean iritsi zen Eusko Jaurlaritzara, Kultura sailburu izateko. Eta kargu hartan iraun zuen 2009ra arte. Tartean, baina, Josu Jon Imazek EBBrako bidea hartu zuen, eta Azkaratek hartu zion erreleboa gobernuko eledun gisa. 2004an izan zen hori. Ibarretxe plana bere bidea egiten ari zen, eta hura defendatzea egokitu zitzaion. Harro da lan hartaz, eta zain dago ea zer gertatuko etorkizun hurbilean, hogei urte igaro izanagatik presente direlako orduan jorratutakoak.

Bi hamarkadaren ostean, nola erreparatzen diozu ordukoari?

Oso intentsoa izan zen. Kazetariekiko errespetu guztiarekin, ez dut esango boxeolari bat nintzenik, baina bai sparring moduko bat. Aldi berean, harrotasun handiko garaia izan zen. Esan izan dut behin baino gehiagotan: burua ondo dudan bitartean, otsailaren 1eko egun hura ez zait sekula ahaztuko. Legebiltzarrean proposamena onartu genuen eguna ere ez. Koldo Ordozgoitik idatzi zuen memoria liburu bat, eta han Ibarretxek esaten du bera oso harro zegoela Kongresuko egunaz, eta ziur ez zela bakarra. Ni, dudarik gabe, horietako bat nintzen, eta naiz oraindik ere.

Joan aurretik esana zizueten ez zuela aurrera egingo. Nola planteatu zenuten mintzaldia?

Gernikako Estatutuaren 46. artikulua hartuta, argi zegoen bidea zein zen: proposamena landu, onartu eta gero Madrilgo ibilbidea egin. Ibarretxe lehendakariaren diskurtsoan oso argi geratu zen zilegitasun osoa zuela; planteamendua egin da, eta hori defendatzera gatoz. Agerian uztera... Ez dakit zein hitz erabili, ez da hipokrisia, baina bai PPren eta PSOEren artean egindako ituna, hasieratik bide guztiak ixteko. Herri baten eskubideak nola gauzatu aztertzeko inolako borondaterik ez, eta ustez badute hori ukatzeko ahalmena. Baina ez da horrela. Herri batek bere etorkizuna nola bideratuko duen erabakitzeko borondatea badu, aurrera aterako du lehenago edo geroago.

Konstituzionalera jo zuen Aznarren gobernuak, eta Zigor Kodearen aldaketa ere sustatu zuen. Arriskuan ikusi zenuten zeuen burua?

Jakina, galdetu bestela Ibarretxe lehendakariari. Epaile baten aurrean eseri zen. Eta 2009ko hauteskundeak irabazi, bai, baina gobernatzeko aukerarik ez zen egon. Baina, egon balitz, auskalo.

«Gizartearen zerbitzura egongo den kudeaketarik ezin duzu izan beti beste norbaiten tutoretzapean bazaude»

Zu 2001ean iritsi zinen Jaurlaritzara, Lizarra-Garaziren hausturaren ostean. Testuingurua kontuan hartuta, abagune aproposa ikusten zen halako planteamendu bat garatzeko?

2001eko ituna hain justu zen: batetik, printzipio etikoa. Gauza guztien gainetik giza eskubideak; beraz, ETAri ez. Bestetik, printzipio demokratikoa. Nazio bezala, etorkizuna erabakitzeko genuen eskubidea. Jakinik eskubide horren egikaritzea hitzartu egin behar zela. Ibarretxe lehendakariaren Kongresuko hitzak irakurtzen dituenak ikusiko du etengabe aipatzen duela eskuak zabalik ditugula. Badakigu hau bakarrik ezin dugula erabaki, baina eurek bakarrik ezin dute erabaki ateak ixtea. Orduan, eser gaitezen. Ez zen aukerarik izan.

Prozesua hasi zenean Arzallus zen EBBko burua; 2004tik aurrera, Imaz. Jaurlaritzan babestuak sentitu zineten alderdiaren partetik?

Ez dagokit alderdiaren kontuak aipatzea. Niri dagokidanez, ez nuen babes faltarik sentitu. Areago, oroitzen naiz Josu Jon bozeramaile zela bere erantzuna izaten zela Konstituzioa 1970eko hamarkadan lortutako itun bat izan zela, baina ez Jainkoaren hitza. Legealdiko helburua zen estatutu berri baterako proposamena onartzea. Gero, Kontsulta Legearekin, kontuak ezberdinak izan ziren.

Hor publikoki azaldu zenituzten jarrera ezberdinak.

Bai, baina gu programa horrekin aurkeztu ginen hauteskundeetara, eta programa horrekin irabazi genituen. Ibarretxe lehendakaria ezagutzen duen edonork badaki programa batekin aurkezten bada hori eramango duela aurrera.

2004ko abenduaren 30eko Eusko Legebiltzarreko bilkuran ezker abertzalearen botoekin onartu zen proposamena. Zer iruditu zitzaizuen haien erabakia?

Gerora, eta ez da denbora asko, bati entzun nion Arnaldo Otegik hartua zuela erabakia. Ez dakit horrela ote zen. Nik eta nire inguruko jendeak ez zekien, eta tentsio handiko eguna izan zen. Batetik, ez genuelako ulertzen ezker abertzaleak ezezkoa ematea. Bestalde, inguruan zurrumurrua zen: «Ez duzue gehiengo absolutua lortuko». Otegik esan zuenean botoak banatuko zituztela, pentsatu genuen: «Bueno, behintzat bide emango diote estatutu berriari eta aurrera jarraitzeari». Hala, Madrilgo urratsa faltako zaio, baina, autonomia erkidegoari dagokionez, hori onartu zen, eta oraindik ere indar osoa du. Beste testu bat etorri beharko da atzetik, hura indargabe uzteko. Hogei urte pasatu dira, baina hor dago oraindik.

«Nahiko nuke, eta ez naiz bakarra, EAJren eta EH Bilduren artean zubiak egitea eta hainbat proposamen aurrera ateratzea»

Orduan, 39 baiezko izan ziren. Gehiengo osoa bai, baina ez zen motz geratu?

Ez, bi arrazoirengatik. Gehiengo absolutua leku guztietan da erdia gehi bat. Badago zati handi bat hori babesten ez duena? Ba eser gaitezen eta hitz egin dezagun, ez Madrilen bakarrik, hemen ere bai. Baina, zati horrek ezin digu bidea itxi. Eta bi: hau nire konbentzimendua da, eta nahiko nuke aukera izan ikusteko, nahiz eta nahiago nukeen arrazoia ez izan. Begiratu gaur egungo legebiltzarraren osaera, zenbat biltzen duten EAJk eta EH Bilduk. Demagun bien artean onartzen dutela testu bat; gehiengo oso kualifikatu bat litzateke. Madrilen aurrera egingo luke? Nire apustua? Ez. Nire konbentzimendua da gauza bera izango litzatekeela. Areago, nik uste erasoa gogorragoa izango litzatekeela.

Aipatu duzu egungo gehiengoa. Halere, hori zabaltzeko beharraz hitz egiten da; PSE batzeko. Baina, zer oinarrirekin egin behar da?

Eneko Anduezaren adierazpenak entzuten ditudanean, burura datorkit garai hartan esaten zena: aceras y banderas, gestioa eta identitatea. Eta oraindik ere esaten dute behar direla Etxebizitza Lege aurrerakoiago bat, enplegua babesteko neurriak... Bai, hori guztia behar dugu, baina horretarako autogobernu sendo bat ere bai. Identitateak hutsik ez du zentzu handirik, baina gizartearen zerbitzura egongo den kudeaketarik ere ezin duzu izan beti beste norbaiten tutoretzapean bazaude. Estatutu berrirako proposamenak bazekartzan bitariko batzorde bat osatzea eta autogobernu benetakoa, oinarri izanda nazio bat garela eta etorkizuna demokratikoki erabakitzeko eskubidea dugula. Parte hori sozialistekin negoziatzea ez da erraza izango.

Eta Espainiako testuinguru politikoa ikusita, halako zerbait ikus dezakegu datozen urteetan?

Ni konformatuko nintzateke, 2004an bezala, Eusko Legebiltzarrean aurrera egingo balu. Konformatu baino gehiago, ez litzaidake ahuntzaren gauerdiko eztula irudituko. Benetan nahiko nuke, eta ez naiz bakarra, EAJren eta EH Bilduren artean zubiak egitea eta hainbat proposamen aurrera ateratzea, eta hau abiapuntu bat da.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.