EUSKAL PRESOAK

Herrera de la Manchan ez da jada euskal presorik, eta laster Puerto Ien ere ez da izanen

Hiru euskal preso hurbilduko dituztela iragarri dute Espainiako Espetxe Erakundeek: Fernando Elejalde Tapia Puerto Ietik Mansillara mugituko dute, Iñigo Vallejo Franco Dueñasetik Duesora eta Garikoitz Etxeberria Goikoetxea Sevilla IItik Dueñasera.

Puerto I eta II espetxeak, joan den urrian. NAGORE ARIN
maddi ane txoperena iribarren
2021eko apirilaren 9a
14:22
Entzun

Azken asteotan baino mugimendu gutxiago iragarri dituzte gaur Espainiako Espetxe Erakundeek: hiru euskal preso hurbilduko dituzte Euskal Herriko inguruko kartzeletara —horietako bat jada hurbildua zegoen, eta are gehiago hurbilduko dute—. Ez dute iragarri inor Euskal Herriratuko dutenik.

Fernando Elejalde Tapia Puerto I kartzelatik (Andaluzia, Espainia, 1.020 kilometro) Mansillara mugituko dute (Espainia, 370 kilometro). Garikoitz Etxeberria Goikoetxea ere Andaluziatik hurbilduko dute: Sevilla IItik (Espainia, 990 kilometro) Dueñasera (Espainia, 310 kilometro). Iñigo Vallejo Franco jada hurbildua zegoen, eta are gehiago hurbilduko dute: Dueñasetik Duesora (Kantabria, Espainia, 170 kilometro).

Elejalde zen Puerto I kartzelan zegoen azken euskal presoa, eta, beraz, euskal presorik gabe geldituko da kartzela hori ere. Puerto III kartzelan oraindik badaude euskal presoak, halere: bederatzi.

Herrera de la Manchako espetxean jada ez da euskal presorik. Argazki hori utzi dute asteon Espainiako Espetxe Erakundeek egindako mugimenduek. Izan ere, Etxerat senideen elkarteak gaur jakinarazi duenez, aitzinetik iragarritako zazpi mugimendu egin ditu Madrilek azken egunotan, eta horien artean zen Jon Mirena San Pedro Blancorena: Herrera de la Manchako (Espainia, 640 kilometro) azken euskal presoa izan da, Dueñasera hurbildu baitute (Espainia 310 kilometro).

Bertze mugimenduetatik, hiru Euskal Herriratu egin dituzte: Juan Carlos Subijana Izquierdo Leondik (Espainia, 370 kilometro) Basaurira (Bizkaia) ekarri dute; Josune Arriaga Martinez, Topasetik (Espainia, 460 kilometro) Iruñera; eta Ainhoa Barbarin Iurrebaso, Picassentetik (Herrialde Katalanak, 600 kilometro) Zaballara (Araba). Iñaki Etxeberria Martin, berriz, Topasetik Duesora (Espainia, 170 kilometro) hurbildu dute; Arkaitz Goikoetxea Basabe, Villenatik (Herrialde Katalanak, 700 kilometro) Logroñora (Espainia, 170 kilometro); eta Gorka Palacios Aldai, Murcia II-tik (Espainia, 820 kilometro) Estremerara (Madril, 520 kilometro).

Mugimendu horiekin, dagoeneko 31 dira Euskal Herrian dauden euskal presoak: hamabortz Zaballan daude —horietatik hiru ez dira EPPK-koak—, zazpi Martutenen, bortz Iruñean, eta bi Basaurin. Bertze biak zentro berezietan daude: Aita Mennin bat (Arrasate, Gipuzkoa) eta Besarkada zentroan bertzea (Gasteiz).

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.