Ekhi Erremundegi Beloki.
Beskoitzeko ikastola

Herra

2023ko abenduaren 20a
09:38
Entzun

Eta bat-batean, errealitatea. Errealitate gordina, zaflako baten gisa. Herriko etxe bat gai da bere herriko ikastolari lurrak kentzeko. Beskoitzeko (Lapurdi) mapatik ikastola ezabatu nahi du Fabienne Aiensa auzapezak. Osasun arazoengatik hartua zuen geldialditik itzuli da, «erabakia asumitzeko». Eta harekin batera asumitu dute beste hamalau hautetsik, otzan, eskuetan dardararik gabe. 1970eko hamarkadan hautetsi batzuek ikastolen kontra zuten jarrerarekin parekatu dute maiz Beskoitzekoa Seaskako arduradunek. Herra hau 2023koa da.

1970eko hamarkadan Enbata zikina ziren ikastolen bidez euskarari etorkizuna eman nahi ziotenak; bonbak ematen zituzten, eta bonbak ematen irakatsi nahi zieten haurrei. Euskararen kontrako herra asumitua zen. Garai hartan, euskarak ez zuen egiturarik. Alta, gizartea euskaldunagoa zen; euskaraz bizi ziren Ipar Euskal Herriko herri anitzetan.

50 urte berantago, 39 ikastetxe ditu Seaskak: 33 ikastola, bost kolegio eta lizeo bat; 50 urte berantago, lurraldeko hautetsi garrantzitsuenek parte hartzen dute urtero Herri Urratseko ekitaldi politikoan; 50 urte berantago, Jean Rene Etxegarai Euskal Hirigune Elkargoko lehendakariak Brebeta euskaraz tixerta janzten du argazkilari eta kameren aitzinean. Euskararen aldeko eragileak arlo anitzetan dira egituratuak, eta hogei urte ditu EEP Euskararen Erakunde Publikoaren hizkuntza politikak. Zenbat aitzinatu den 50 urtez.

Baina, azken inkesta soziolinguistikoaren arabera, apaldu eta apaldu ari da euskaldunen proportzioa, eta maila berean erabilera. Eta mobilizatzeko gaitasuna ere apaldu da: 2.500 pertsona elkartu ziren azaroaren 18an Beskoitzen. Ez ziren askoz gehiago apirilaren 22an Baionan euskalgintzaren deiari erantzun ziotenak. Baina denen ahotan da euskararen alde Ipar Euskal Herrian dagoen kontsentsu zabala.

Susan Faludi kazetari estatubatuarrak plazaratutako backlash kontzeptua erabiltzen du mugimendu feministak aitzinamendu batzuen ondotik agertzen den erreakzioa definitzeko. Usain hori hartzen hasiak dira batzuk euskararen arloan ere. Euskararen alde jardun behar dela diote kolore guzietako hautetsiek, ez da modan euskararen kontra agertzea, baina joera aldaketa bat sumatu daiteke. Eneko Gorri soziolinguista eta euskalgintzako ekintzailearen azterketa da: «Gero eta gehiago, politikariak hasten dira baldintzatzen euskararen aldeko ekintzak: euskararen alde bai, baina gure baliabide ekonomikoen mugen barruan; euskararen alde bai, baina Frantziako Errepublikaren koadroan; euskararen alde bai, baina jendartean badira kezka iturri diren beste gai batzuk –etxebizitza eta abar–. Lehenago holakorik ez zen entzuten; izan daiteke haizearen zentzuaren aldaketa baten seinale». Ildo beretik, azkenaldian, euskaraz hitza hartu duten hautetsiei kargu hartu izan diete behin baino gehiagotan hainbat instituziotan.

Beskoitzen urrunago joan dira; herra asumitu dute. Eta hor da arriskua: egoera berri honek bide ematen ahal die beste hautetsi batzuei euskararen kontrako neurriak hartzeko. Erosoago sentitu daitezke, babestuago. «Oldarraldiak ez du etenik, oldarraldiak ez du mugarik», idatzi zuen Idurre Eskisabel Euskalgintzako Kontseiluko idazkari nagusiak astelehen arratsean. Oldarraldi horri erantzuteko zer indar dagoen izanen da gakoa.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.