Udako seriea. Politika herrigintzatik (IV): Gipuzkoa

Hernanitik, herriarendako

Elikadura, energia edo telekomunikazio arloan burujabetzaren bidea lantzen ari dira Hernanin. Horretarako, elkarlanean ari dira udala, herritarrak eta eragile ekonomikoak azken hiru urteotan.

Herrilur kontsumo elkartea, Hernanin. JON URBE / FOKU
Herrilur kontsumo elkartea, Hernanin. JON URBE / FOKU
Isabel Jaurena.
Hernani
2024ko irailaren 6a
05:00
Entzun

Irakurri hemen serie honetako artikulu guztiak

 

«Haize kontra joatea: berriz antolatu, berriz parte hartu eta berriz ardura hartu bizitzeko behar dugun hori kolektiboki bermatzeko». Horrela definitu du Itsaso Lekuona Hernaniko Udaleko (Gipuzkoa) zinegotziak Hernani Burujabe proiektua. Hiru urte daramatzate egitasmo hori lantzen, politika eredu publiko, komunitario eta kooperatiboa oinarri. Herritarrak erdigunean jarri nahi dituen egitasmoa da Hernanikoa: herritarrek beraiek identifikatu ditzatela gizarte moduan dituzten beharrak, premia horiek asetzeko plangintza bat irudikatu dezatela, eta, gerora, gainerako eragileen laguntzarekin —arlo administratibo zein ekonomikokoak— errealitate eginen dute plangintza hori.

Hiru erpin ditu gobernantza eredu horrek: udala, eragile ekonomikoak eta herritarrak. Baina guztiak «gurutzatu» egiten direla dio Lekuonak: herritarrek identifikatutako beharrak bere egiten dituelako udalak, eta baliabideak jarri; eragile ekonomikoek behar horiek betetzen dituzte udalak jarritako baliabideekin, baina «irabazi edo norberaren interesen logikatik kanpo». 

Ereduaren oinarria triangelu bat bada ere, Ander Larretxea Bidea burujabetzen aldeko elkarteko kideak berriz ere azpimarratu du zer den erdian dagoena: herritarren beharrak. «Gaur egungo sistemari alternatiba bat eraiki nahi dion proiektu bat da hau. Egunerokoan estrategikoak izango diren erabakietan herritarren parte hartzea sustatuko duen alternatiba bat», zehaztu du.

Egitasmoaren oinarri teorikoa badute, eta hiru urteotan ideia horiek guztiak praktikara eramateko aukera ere izan dute, zortzi arlotara zehazki: energia, telekomunikazioa, zaintza, moneta, elikadura, etxebizitza, bioaniztasuna eta lana. Arlo bakoitzak bere berezitasunak dituela azaldu dute Lekuonak eta Larretxeak, baina, halere, lortu dutela egitasmo jakin batzuetan hiru erpinak gurutzatzea. Izan ere, horietako batzuetan burujabetza «ziklo osoa» irudikatzea erraza dela azaldu du Lekuonak, prozesu «borobilak» direlako. Nekazaritza arlokoa, erraterako: «Lurra behar da, elikagaiak ekoitzi behar dira, horiek saldu, eta kontsumitu».

«Gaur egungo sistemari alternatiba bat eraiki nahi dion proiektu bat da hau. Egunerokoan estrategikoak izango diren erabakietan herritarren parte hartzea sustatuko duen alternatiba bat»

ANDER LARRETXEABidea elkarteko kidea

Planteamendua egiteak, baina, ez du erran nahi praktikara ere hain fite eramanen dutenik: «Ez da erraza lurrak erostea, ez da erraza jendea nekazaritzara bideratzea, eta ez da erraza kontsumo ohiturak aldatzea». Halere, arlo horretan identifikatutako zenbait behar betetzea lortu dutela azaldu du Lekuonak: herriko produktuak kontsumitzeko «gune erreferentzial bat» behar zela identifikatu zuten, eta gaur egun kooperatiba bat da: Herrilur.

Bertze adibide bat jarri du Larretxeak: Enherkom. «Energiaren inguruan kezka zuten herritarrek talde eragile bat sortu zuten, eta, azkenean, plakak jarri dituzte. Elektrizitatea hortik 87 familiaren etxeetara eramaten da». Gehitu du talde horrek «merkatu logikatik kanpo» funtzionatzen duela: komunitateak lortzen duen energiaren ehuneko jakin bat herriko familia zaurgarrietara bideratzea erabaki baitute. «Eredu komunitarioari jarraituta, talde horren erabakiguneetan herritarrak daude, eta ez diote onura pertsonalari begiratzen, komunitatearen onurari< baizik».

Eredu burujabe hori lantzen hasi, eta moneta propioa behar zutela konturatu ziren. Pentsatu eta egin: Ekhi txanpona darabilte Hernaniko 100 saltoki baino gehiagotan, eta 1.300 herritar inguruk erabiltzen dute. «Hernaniko tokiko komertzioetan pixkanaka zabalduz joan zen txanpona, eta orain orokortu da. Merkatariek hasieran ez zuten oso argi ikusten, baina denborarekin bere egin dute, eta orain beraiek dira txanpona sustatzen dutenak», azaldu du Lekuonak.

Herrilur kontsumo elkartean Hernaniko produktuak saltzen dituzte. JON URBE / FOKU
Herrilur kontsumo elkartean Hernaniko produktuak saltzen dituzte. JON URBE / FOKU

Txanpona erabiltzeko Ekhilur kooperatiban bazkidetu behar dira erabiltzaileak, hamar euroko kuota ordainduta. Gero, hilabetero, bi euro eskaseko «mantentze kuota» ordaindu beharko dute. Lekuonak azaldu du dendetan eta ostalaritzan «hobariak» jasotzen dituztela erabiltzaileek, eta, «herriko ekonomia indartzen lagundu». Lekuonak uste du egitasmo horrek ere erronkak badituela: «Behar dugu jendeak ikustea zein den tresna horrek duen potentziala: ez dela, besterik gabe, erosteko eta deskontuak izateko, baizik eta gure ekonomia kontrolatzeko modu bat». 

«Kultura politikoaren aldaketa»

Oinarri teorikoa ongi garatua dute, eta badituzte adibide praktikoak, baina baita zailtasun eta erronka andana ere. Erpinetako bakoitzak orain arteko joerak alde batera utzi behar ditu, eta izanen dituzten erresistentziei aurre egin. Lekuonak azaldu du eragile ekonomikoendako zailena «merkatu logikatik kanpo» aritzea dela. Udalak, berriz, uste du «egiteko modua» aldatu behar duela: «Udalek eraikita dagoen instituzio sistemari erantzuten diote, bertako lege eta marko arau guztiei. Baina eredu publiko, komunitario eta kooperatibo batean justu kontrakoa sustatzen dute, eta horrek asko mugatzen gaitu, eta, horregatik, logikak asko aldatu behar dira horrela lan egiteko». Finean, uste du «kultura politikoa aldatu» behar dela, orain arteko eredu bertikala alde batera utzi, eta erabakiak «partekatuak izatea».

«Udalek eraikita dagoen instituzio sistemari erantzuten diote. Baina eredu publiko, komunitario eta kooperatibo batean justu kontrakoa sustatzen dute, eta horrek asko mugatzen gaitu»

ITSASO LEKUONAHernaniko Udaleko zinegotzia

Errealitate hori existitzen dela onartu du Larretxeak, eta gehitu herritarrek ulertu behar dutela ez dela nahikoa «ordezkaritza bat aukeratu eta dena beraiek egingo dutela pentsatzearekin». Izan ere, uste du anitzetan traba gehienak nork bere buruari jartzen dizkiola, «barneratutako ohiturekin». «Nik erpin herritarretik esan dezaket antolatzeko garaian zailtasunak dauzkagula. Adibidez, Hernanin zenbat supermerkatu daude? Gu eta gure ingurukoak horietara joaten gara kontsumitzera; ez gara gai hemen kontsumitzeko», erran du. 

Uste du ereduaren azken helburua «herritar antolatuen egitura bat» sortzea dela: «Herritarrak martxan baldin badaude, prozesua zaila izango da geratzen. Pixkanaka-pixkanaka gero eta gehiago baldin badira, gero eta indar handiagoa egiten badute, zaila izango da egitura geldiaraztea». Herritarrek emanen diote «zilegitasuna» eredu horri, Larretxearen erranetan, konturatuko baitira «beren beharrak betetzeko tresna baliagarria» dela. 

Itsaso Lekuona eta Ander Larretxea, Hernanin. ANDONI CANELLADA / FOKU
Itsaso Lekuona eta Ander Larretxea, Hernanin. ANDONI CANELLADA / FOKU

Ados dago Lekuona, uste baitu «herritarren aktibazio» horrek ekarriko duela proiektuak bideragarriak izatea. «Horixe zen gure asmoa; ez dadila izan udaletik bakarrik sustatzen den zerbait. Izan ere, proiektuak horretara mugatzen badira, gobernu aldaketa bat edo lege bat egon daiteke, eta aurrerapauso guztiak kendu ditzakete. Ez bada herriak eskatu eta defendatzen duen zerbait, ez du funtzionatuko». 

Lehenbiziko pausoa

Bi eragileek azaldu dutenez, «sentsibilizazio lan handia» behar da hori guztia ulertzeko; «pedagogia, kultura aldaketa». Azaldu dute jendeak ikusi duela eredu hori aurrera eramateko modukoa dela, baina orain eredu hori aurrera eramatearen zergatia ulertu behar dutela. Izan ere, onartu dute herriko jende anitzek ez duela egitasmoaren berri, eta pertsona horiek guztiak nahiz herriko eragile gehiago proiektura hurbildu nahi dituztela. Proiektuan parte hartzen ez duten baina antolatuta dauden herritarrengan jarri du arreta Lekuonak: «Guretzat herritarrek parte hartzeko modu bat da herritar antolatu horiek zer esaten duten kontuan hartzea; nekazariek eta mugimendu feministak zer dioten, adibidez».

Proiektu hori Hernanitik Euskal Herriko bertze txokoetara zabaltzea ere bada haien helburua; eredu izan gabe, gainerako lurraldeendako oinarria izan dadila nahi dute. Betiere, nork bere errealitateak, erresistentziak eta erronkak oinarri hartuta, burujabetzaren ereduari gero eta herri gehiagok heltzea espero dute.

Erronkak erronka, argi dute ez dutela deus berririk asmatu, Euskal Herrian badaudelako elikadura burujabetzako proiektuak, zaintzakoak edo energia komunitateak. Halere, haiena da eredu publikoari, komunitarioari eta kooperatiboari jarraituz Euskal Herrian martxan dagoen proiektu «integralena», edo, behintzat, burujabetza adibide txiki horiek guztiak «plangintza bakar batean» artikulatzen dituena: «Lurralde bati lotuta, sektore estrategiko jakin batzuk batera aktibatzen saiatzen ari gara, bakoitzaren erritmoan», dio Lekuonak. Badakite bidea dutela egiteko, eta behin eta berriz antolatu, parte hartu eta ardura hartu beharko dutela oraindik: «Muntatu dugu bizikleta pieza guztiekin. Orain abiatu egin behar du».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.