Astebetean bi parke eoliko egiteko eskaerak aurkeztu dituzte Gipuzkoan. Hernanin, Enigma Green Power enpresak aldez aurreko administrazio baimena galdegin dio Eusko Jaurlaritzari: bost haize errota izango lituzke, eta 33 megawatteko potentzia instalatuta. Gauza bera egin du Arena Power Solar taldeak Eibarren beste parke bat jartzeko: horrek sei errota izango lituzke eta 39,6 megawatteko potentzia.
Eibarko egitasmoaren berri eman du gaur EAEko Agintaritzaren Aldizkariak, eta maiatzaren 15eko data du. Eibar, Elgeta eta Bergara artean kokatuko litzateke, Bergarako Basalgo auzotik gertu. Gipuzkoan baimena eskatu duten parke eoliko egitasmoen artean handiena izango litzateke, Piaspeko egitasmoaren aurretik, zeina Statkraft Norvegiako multinazional publikoak egin nahi baitu. Asteazken honetan, Azpeitia, Errezil eta Zestoko udalek (hirurak EH Bilduk gobernatutakoak) alegazioak aurkeztuko dituztela iragarri zuten.
Hernaniko eskaeraren iragarkia, berriz, maiatzaren 9ko data du, eta EAEko Agintaritzaren Aldizkariak argitaratu zuen atzo. Parkea Adarra eta Zaburu mendien artean kokatuko litzateke; Ereñotzu auzoaren iparraldean, eta Aranorekin eta Goizuetarekin (Nafarroa) mugan. Hernaniko Udalak esan du enpresa ez zaiola zuzendu eta ez duela haren asmoen berri informazio zuzenik jaso.
Zazpi Gipuzkoan
Duela urtebete pasatxo, Sustrai Erakuntza fundazioak salatu zuen Goizueta, Arano eta Hernani artean 100 megawateko parke bat egiteko egitasmoa aurkezteko asmoa zuela enpresa pribatu batek, hain justu Enigma Green Powerrek berea jarri nahi duen gunean; proiektu hau, halere, txikiagoa da.
Hernanikoa eta Eibarkoa kontatuta, jada zazpi dira Gipuzkoan parke eoliko egiteko aurkeztu diren eskaerak. Horietako lauren aurka (Piaspe, Itsaraz, Trekutz eta Buruzai), alegazioak aurkeztu dituzte inguruetako udalek, zeinak EAJk, EH Bilduk eta PSE-EEk gobernatzen dituzten. Bazegoen beste egitasmo bat, Elgoibarko Karakate mendikoa, baina Capital Energy enpresa sustatzaileak atzera egin zuen, administrazioek jarritako eragozpenak argudiatuta.
Gaur egun parke eoliko bakarra dago martxan Gipuzkoan, Arabarekin elkarbanatuta, Elgea-Urkillakoa. 38 errota ditu, 13 Gipuzkoan.