Igande goizaldean Hernaniko parte zaharrean (Gipuzkoa) kiskali zen etxea ez dute osorik bota beharko, Xabier Lertxundi alkateak jakinarazi duenez. 36. atariko hirugarren solairuan piztu zen sua, eta laugarrenera zabaldu zen; teilatua erabat kiskalita dago, baina azpiko lokala eta solairu guztiak banaka-banaka aztertu dituzte, eta ikusi dute eraikinaren egiturak ez duela kalterik. Hala ere, atari horretako sei etxebizitzetako bizilagunak ezingo dira etxera itzuli oraingoz.
Ikusi gehiago
Atzo goizaldean piztu zen sua Hernaniko Kale Nagusian, 08:00 aldera berritu, eta eguerdi partean menderatu zuten suhiltzaileek; zazpi ataritako bizilagunak atera zituzten etxetik, eta horietatik hamahiru familiak egin behar izan dute lo etxetik kanpora. Gaur goizean eraikinak nola zeuden aztertuta, udal teknikariek eta suhiltzaileek erabaki dute kiskalitako etxearen ondoko bi atarietako bizilagunak etxera itzul litezkeela. Sua itzaltzeko erabilitako urak zenbateko kalteak eragin ote zituen, hori zen kezka atzo, baina 38. eta 34. atarietako familiak gaur itzuli ahalko dira etxera.
Bestalde, ostiralean Basaurin (Bizkaia) kiskali ziren etxebizitzak nola dauden ikertu dute gaur udal horretako teknikariek eta suhiltzaileek. Hernanin bezala, egurrezko egitura zuen etxe batek su hartu zuen Basaurin, eta lau ataritako etxebizitzei eragin zien. Kareaga Goikoa kaleko 5. atarian piztu zen sua, eta hondatuta dago etxe horren parte handi bat; 3. atarian ez zen inor bizi, itxita zegoen; hortaz, 1. eta 7. atarietako etxebizitzak nola dauden aztertu dute gaur goizean.
Behin ikerketa eginda, txosten teknikoen zain dago udala. Ertzaintza ere ezbeharra gertatu den tokian dago, sutea zerk eragin duen ikertzen.
Basauriko sutean bizilagun bat hil zen, garretatik ihesi kalera jauzi egin zuela. 33 familia atera zituzten etxeetatik, eta itzuli ezinik daude oraindik. Udalaren arabera, oraindik ezin dute segurtasuna bermatu. Lanean ari dira, haien egoerari irtenbide bat aurkitzeko asmoz.
Bizilagunak hotel batean daude ostiraletik, eta «ezinezkotzat» jo dute euren etxera itzuli ahal izatea. Irtenbide bat eskatu dute, sei hilabete barru kalean egon ez daitezen. Horrez gain, ukatu egin dute azken urteotan pisuetan eta etxeen aurrealdean berrikuntzak egiteari uko egin izana, eta udalari «kasurik ez egitea» leporatu diote. Gogoratu dute azken hilabete eta erdian hiru sute izan direla toki horretan.