Hernaniko Langile ikastolako komunitateak protesta egin du jangelako janariaren kalitate txarra salatzeko

Hernaniko Langile ikastolako gurasoek jakinarazi dutenez, ostiralean har bat aurkitu zuten jangelan zerbitzatutako janarian. Hezkuntza Sailak espedientea ireki dio Serunion-i, jangelako janariaz arduratzen den enpresari.

Irati Urdalleta Lete.
2023ko azaroaren 13a
09:09
Entzun

Berriz ere arazoak jangeletan. Hernaniko (Gipuzkoa) Langile ikastola ikastetxe publikoko gurasoek jakinarazi dutenez, ostiralean Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak abisu bat eman zien, eta esan ez zerbitzatzeko jangelan zerbitzatzear zeuden lehen platera. Hala egin bazuten ere, haur batek har bat topatu zuen bigarren platerean. Egoera salatzeko, protesta egin zuten atzo. Serunion enpresa arduratzen da zerbitzuaz, eta, hark izan dituen beste zenbait arazo tarteko, Hezkuntza Sailak erabaki du espedientea zabaltzea. EHIGEk ostiralean adierazi zuen kanpaina bat abiatu duela eskola jantokiak kontrolatzeko eta horien jarraipena egiteko.

Ostiralean izan zuten arazoa Langilen. Gurasoek ohar bidez adierazi dutenez, Hezkuntza Sailak abisu bat pasatu zien, lehen platera, babarrunak, ez zerbitzatzeko eskatuz; ordurako, ordea, begiraleek «kaltetutako janaria» jana zuten. Arazoa ez zen hor amaitu: «Haur batek har bat aurkitu zuen bere platerean. Gure haurrek arrainarekin zetorren entsalada, postrea eta ogia baino ez zituzten jan, badaezpada ere».

Gertatutakoa salatze aldera, atzo protesta egin zuten Hernanin, eta dozenaka herritar atera ziren kalera. Gainera, bertan adierazi zutenez, gaur ez dute Serunion enpresaren —bera arduratzen da jangelako janariaz– janaririk jango: «Guk bermatuko dugu haur guztientzako janaria duina eta osasungarria izango dela».

Arazo zabala

Langilekoa ez da kasu bakana. Hernaniko ikastetxean Serunion enpresa arduratzen da janariaz, baita Durako (Araba) Ikasbidea ikastola zentro publikoan ere. Bertan ere harrak agertu ziren janarian joan den hilean, eta aurreko asteazkenean bigarren platera erretiratu behar izan zuten, ohi baino garratzagoa zegoelako. Egoera ikusita, Hezkuntza Sailak kontratua eteteko prozedura hasi du, eta espedientea zabaldu dio Serunion enpresari.

Hernaniko ikastetxeko gurasoek ere argi dute arazoa ez dela beraiena soilik: «Gertatutakoa eredu oso baten isla eta ondorioa da. Gure haurren elikagaiak makroenpresen esku daude». Erantsi dute eredu hori «inposatua» dela eta hezkuntza komunitateari ez zaiola ahotsik ematen. «Irabazi ekonomikoak lehenesten dituztenen esku utzi da gure haurren elikadura». Horri aurre egiteko, esan dute Langile Ikastolan «haurren elikagaiei buruzko eredu propio bat» landu nahi dutela: «Gertuko produktuak gertu prestatu nahi ditugu». Halaber, elkartasuna adierazi diete jangelako langileei ere: «Langileekin gaude. Lanpostu feminizatuak eta prekarizatuak dira, eta gure haurren hezkuntzaren atal oso garrantzitsu bat lantzen dute».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.