Gernika-Palestina elkarteko kolaboratzaile bat hil du Israelek, Gazan

Jabalian eginiko azken bonbardaketetan erail dute Mahasen al-Khatib irudigilea. Besteak beste, Ekainaren 8an Bilbon eta Iruñean eginiko manifestazioetan ikur gisa erabilitako ilustrazioa ondu zuen.

Emakume palestinar bat, Israelek suntsitutako Khan Yunis hirian. HAITHAM IMAD / EFE
Emakume palestinar bat, Israelek suntsitutako Khan Yunis hirian. HAITHAM IMAD / EFE
Ion Orzaiz.
2024ko urriaren 21a
09:30
Entzun

Israelek Gaza iparraldea erasotzen jarraitzen du, eta eraso horietan hildakoetako bat da Gernika-Palestina elkarteko kolaboratzaile Mahasen al-Khatib ilustratzaile eta diseinatzaile gaztea. «Eskertu nahi dugu Euskal Herriarekin izan zuen begirunea, eta gogoan izango dugu betiko guretzat egin zuen ilustrazioa. Doazkiela haren senide eta lagunei Gernikako herritik gure dolumina eta maitasuna», adierazi du elkarteak, ohar batean.

Mahasen Al-Khatib ilustratzailea
Mahasen al-Khatib ilustratzailea

Ekainaren 8an Bilbon eta Iruñean eginiko manifestazioetan ikur gisa erabilitako ilustrazioa ondu zuen Al-Khatibek, besteak beste. Gernika-Palestinak adierazi duenez, mezu hau ere igorri zuen irudigileak, protestekin bat egitera deituz: «Jabaliatik, Gazatik, hondakinetatik eta minetik, Bilbo eta Iruñeraino. Sufrimenduaren bihotzetik dei egiten dizuegu gure izenean oihu egitera, eta munduari esatera hemen zaudetela gurekin. Gure alde oihuka jarraitu behar duzue, gure ahotsa izan behar zarete, gurea ahul, minduta eta odolez beterik iristen baita. Gure mezua zarete, gure ahotsa eta gure itxaropena. Gertatzen ari den guztiari guk eutsi ahal izan badiogu, zuek ere bai. Eta aurrera egin dezakegu denok batera, eskuz esku, gure askatasuna, Palestinaren askatasuna eta gizateriaren askatasuna lortu arte».

Heriotza hori eta Israelek azken urtebetean eragindako gainerako guztiak salatzeko asmoz, gaurko antolatu dituzten mobilizazioetan parte hartzeko deia egin du Gernika-Palestinak: batetik, ELA, LAB, CCOO, UGT, ESK, LKN, Steilas, Solidari, EHNE, Etxalde eta Hiru sindikatuek elkarretaratzeak eginen dituzte Iruñean, Tuteran, Bilbon, Gasteizen eta Donostian. Bestetik, ikasle elkarteek deituta, protestak eginen dituzte Leioako, Eibarko, Donostiako, Gasteizko eta Iruñeko unibertsitateetako campusetan. Azkenik, 19:00etan, elkarretaratzeak eginen dituzte Euskal Herri osoko herrietako udaletxeen parean.

Deialdi horietan guztietan, minutu bateko isilunea egiteko deia egin du Gernika-Palestinak, «Mahasen al-Khatib eta Israelgo armadak hil dituen gainerako 43.000 palestinarrak oroitzeko».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.