Heriotzarainoko gose greba egiteko prest dela, sostengua adierazi diote Daniel Dergiri

700 lagun bildu ziren atzo Donibane Garazin, Dergiri elkartasuna azaltzeko; bihar jakinen da ebazpena

700 lagun elkartu ziren atzo Donibane Garaziko karriketan, Dergiren aurkako euroagindua salatzeko. GAIZKA IROZ.
Jenofa Berhokoirigoin.
Donibane Garazi
2011ko abuztuaren 16a
00:00
Entzun
Bere aurkako euroagindua onartua bada heriotzarainoko gose greba hasiko duela jakinarazia du Daniel Dergi euskal preso politiko ohiak. Bihar jakinaraziko du Agengo Auzitegiak Dergiren Espainiaratzea onartzen ote duen. Hori dela eta, «egoera aurreikusiz», sostengua «azkartzeko» deia egin zuen Amaia Elixiri Euroaginduaren Aurkako Kolektiboko kideak atzo, Dergirenganako elkartasunez egin manifestazioaren bukaeran. Zazpiehun lagun bildu ziren atzo Donibane Garaziko karriketan, Utzi Daniel Dergi bakean, euroaginduari ez! mezua zeraman banderola baten gibelean.

Dergiren erabakia «euroaginduen aplikazioaren geldiarazteko, Frantziako Estatua interpelatzeko, hemengo eta estatuko agintari politikoak beren arduren aitzinean ezartzeko eta euroaginduaren aurkako herri harresia azkartzeko» hartua dela azaldu zuen Elixirik. Euroagindua onartua izanez gero ostegunean Donibane Garazin eginen den elkarretaratzera deitu zuen, eta agorrilaren 20an Baiona eta Cahors hirietan eginen diren mobilizazioen berri ere eman zuen.

«Aro berriaz baliatu behar»

Dergiren aurkako euroaginduak agerian uzten du «Espainiako eta Frantziako estatuek ez diotela Euskal Herriaren burujabetzari eta autodeterminazio eskubideari lekurik utzi nahi», Elixiriren hitzetan. Ezker abertzalea Ipar Euskal Herriko mapa politikotik «desagerrarazteko eta ahultzeko» xedearen isla ere badela gehitu zuen. Euroaginduen aurka eta orokorki Euskal Herriak duen gatazka konpontzeko hasia den aro politiko berriaz baliatzeko deia egin zuen. Hari horri segi, elkarlana eta indar metaketa beharrezkotzat jo zituen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.