Heriotzak hil ez zuena

Joxan Lizarribar BERRIA Taldeko lehendakaria hil zela urtea da gaur. Bidea eten zion heriotzak Lizarribarri, baina, lekukoa hartuta, aurrera doa BERRIAren egitasmoa. Heriotzak ez baitu hil.

Lizarribar, BERRIAren bosgarren urteurreneko ekitaldian. GARI GARAIALDE / ARP.
Garikoitz Goikoetxea.
2014ko apirilaren 9a
00:00
Entzun
Heriotza etorri zitzaion ate-joka. Joxan Lizarribar, BERRIA Taldeko lehendakaria. Heriotzak eraman zuen Lizarribar gaur urtebete, eta euskalgintza jo zuen haren heriotzak. Joxan Lizarribar (Altzo, Gipuzkoa, 1951). Eraman zuen heriotzak hura, baina ez harena. Hiletan bertan ohartarazi baitzuten: «Heriotzak ez ditu ekintzak hilko». Azken urtea izan da horren erakusle. Zenbat esker on; zenbat omenaldi; zenbat keinu. Hura hil zen, baina harenak aurrera jarraitzen du. Arnasa berriz, lemazain berriz, taldeak aurrera segitzen du. Haren hatsa ahaztu gabe.

Heriotzak kendu zion arnasa, nori eta euskalgintzari arnasa ematen aritu zenari. Euskaldunon Egunkaria itxi berritan, 2003an, EKT Euskarazko Komunikazio Taldearen gidaritza hartu zuen. Ez ziren garai errazak. Guardia Zibilak euskarazko egunkaria jarria zuen jomugan: itxiera, atxiloketak, inkomunikazioa, tortura. Izan zuen beldurra: administrazio kontseiluan zebilen Egunkaria-n, eta, operazioaren berri izanda, nezeserra ere prestatu zuen, atxilotuko zutelakoan. Egon egin behar zen han, aurpegia eman, eta aurrera egin zuen Lizarribarrek, Egunkaria itxi berri zelarik EKTko lehendakaritza harturik.

Heriotzak eten zion bidea. Eta zinez oparoa ari zen izaten. Industria gizona zen Lizarribar. Adreilu erregogorrak zituen ogibide. Muturreko egoerei, muturreko hotz-beroei eusteko gai diren horietakoak. Lizarribarren estilora. Industria. Enpresak. Salmentak. Esportazioak. Mundua. Hil berritan, askok nabarmendu zuten alderdi hori: bazuela munduko berri, ibilia zela bost kontinenteetan barrena. Lizarribarrek berak aitortu zuen euskalduntasuna indartu egin ziotela atzerrian egindako ibilerek. «Kanpoan euskaldun izatea baita zure erreferentzia bakarra, ez zara beste ezer».

Kultur kontsumitzaile

Heriotzak moztu zion pausoa, eta isildu ahotsa. Nori eta dantzaren eta kantuaren bidez egin zituenari lehen urratsak euskal kulturan. Argia dantza taldean jardun zuen 16 urte zituenetik, eta dantza irakasle ere aritu zen Hernanin (Gipuzkoa). Ez Dok Amairu taldearen jirabiran ere ibili zen 1970eko hamarkadan. Ezeren gainetik, hala ere, kultur kontsumitzaile zen; literatura, balleta, opera. Sortzaileekin harreman estua zuen: Harkaitz Cano, Mikel Urdangarin, Kirmen Uribe. Eta Ainhoa Arteta. Nola lagundu zion, artean gaztetxo zela, kantu ikasketak egin zitzan. Artetak orduak egin zituen beilatokian, bidegile izan zuenaren hilotzaren ondoan.

Heriotzak eraman zion izatea, baina ez zion izana kendu. Jendetza zen beilatokian biharamunean, hitz lorez gainezka: eskuzabal, umil, azkar, oso, elegante, suhar, gertuko, euskalgintzako oinarri fundamental, nekez topatzen den horietako... Zer ez zuten esan, esker onez, haren hilotzaren altzoan. Urteetan egindako lan isila eta ausarta goraipatu zuten dozenaka alorretako gizon-emakumeek.

Lemazainik gabe

Heriotzak utzi zuen lemazainik gabe BERRIA Taldea, baina ez haren bidean jarraitzeko kemenik gabe. Bi hilabeteren buruan zuen uztekoa taldeko ardura, hamar urteko bidearen ostean, eta horri eutsi zion taldeak. Ekainean, Beatriz Zabalondok hartu zion lekukoa Lizarribarri. Urteko bilerak oso kutsu berezia hartu zuen, falta baitzen lehendakaria. Taldean egindako lanaren eskergarri, Gotzon Huegunen artelan bat eman zieten haren senideei. Ez da omenaldi bakarra izan azken urtean; Zenbat aulki huts bete ekitaldia egin zuten, adibidez, Andoainen, ekainean, hainbat kultur eragilek, Bastero aretoa leporaino zela.

Heriotzak hustu zituen malkoak. Heriotzak erraustu zuen hilotza. Altzon bada pago bat, Imaz bertsolariarena, Lizarribarren ahaide batek andregaia ezagutu zuenean landatutakoa. Maitasunaren seinale. Haren altzoan utzi zituzten errauts batzuk. Maitasunaren keinu. Urtea gaur. Urteurrenak beteko ditu malkoak. Urteurrenak ageriko du hutsunea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.