«Heriotzak ez ditu ekintzak hilko»

Joxan Lizarribar zenaren hiletan batu dira ehunka pertsona; alor ugaritako jendea joan da, hark utzi duen aztarnaren seinale

Donostiako Ibaeta auzoko Espiritu Santua eliza leporaino bete zen Lizarribarren hiletarako. Kanpoan bazen barruan adina jende. JON URBE / ARGAZKI PRESS.
Garikoitz Goikoetxea.
Donostia
2013ko apirilaren 12a
00:00
Entzun
Hil da, eta hustu ditu ingurukoak. Hil da, eta bete ditu begi ertzak. Hil da, eta hustu ditu lankideak. Hil da, eta bete ditu beilatokiak. Hil da, eta haustu zaio gorputza. Joxan Lizarribar. Altzo. 61 urte. BERRIA Taldeko presidentea.Hil da hura, baina harena ez da hil. Hil da hura, baina bizi da harena. «Heriotzak ez ditu ekintzak hilko». Apaizak dio. Haustutako gorputzaren eta hautsitako lagunen aurrean. Betetako elizaren aurrean.

Hil da. Lizarribar. Kulturarena. «Guztiz konprometitua zegoen euskal kulturarekin», azaldu die apaizak elizara sartu direnei —lekurik apenas, eta barruan adina jende geratu da kanpoan—. Kulturaren Lizarribar. Meza hasterako, Jesus Guridiren Diez melodias vascas obrako doinuak jo dituzte. Eta Aita Madinaren Aita Gurea abestu dute Donostiako Orfeoiko kideek. Eta Maitia nun zira. Eta Agur Jaunak. Dantzatu diote Agurra, biolin batek musikatan. Joan zaio agur egitera kulturaren munduetako jendea: idazleak eta aktoreak, dantzariak eta musikariak. Mundu oso bat: Benito Lertxundi, Mikel Urdangarin, Rafa Rueda, Aitzpea Goenaga, Mireia Gabilondo, Harkaitz Cano, Kirmen Uribe, Joan Mari Irigoien, Jose AngelIrigarai, Juan Antonio Urbeltz...

Hil da. Lizarribar. Euskalgintzarena. Euskal Herriarena. «Euskalgintzan eta herrigintzan saiatu zen», esan du apaizak. Lizarribar. Garai gogorretan, kalabozoko itzala hankapean izan zezakeela, hanka egin ez zuena. Aurrera egin, eta BERRIA sortzeko eta gidari jartzeko adore izan zuena. Euskaraz, euskararekin. Bildu zaizkio kidekoak. BERRIA Taldekoak. Joanmari Larrarte, Martxelo Otamendi. Eta albokoak: Mertxe Mugika, Mikel Irizar, Xabier Mendiguren, Xabier Kintana. Eusko Jaurlaritzako ordezkariak; Patxi Baztarrika eta Joseba Erkizia.Eta Euskal Herriaren Lizarribar. Laura Mintegi, Xabier Isasi, Jose Elorrieta, Txutxi Ariznabarreta.

Artetaren eztarritik

Hil da. Lizarribar. Langilea. Urtez urte nekaezin aritu dena beharrean. Errepasoa egin du apaizak: nola Krafft enpresan egin zituen urteak, eta ondoren nola jardun duen Kelsen enpresan. Adreilu erregogorrekin. «Gure labean ere horietakoak egongo dira, akaso», esan du. Lankide eta lagun izan dituenak bildu zaizkio ingurura. Begiradan nabari dute nor diren.

Hil da. Lizarribar. «Eskuzabala», dio apaizak. Eta etsenplu jarri du. «Partekatzea da bizitzan egin behar den gauzetako bat». Ainhoa Arteta. Nola lagundu zion, artean gaztetxo zela, ikasketak egin zitzan. Haendelen obra bat eztarrian hartuta eskertu dio hori. Bezperan orduak egin zituen beilatokian, eta gorpua erraustu aurretik, familiaren altzoan, Maitia nun zira kantatu du beilatokian.

Hil da. Lizarribar. Altzokoa. Herritarrak bildu zaizkio agurrera. Eta kanpotarrei apaizak erakutsi die, argazki batzuen bidez, non dagoen Altzo. Eta erakutsi die Imaz bertsolariaren pagoa non dagoen. XIX. mendekoa da; Lizarribarren ahaide batek landatu zuen, andregaia ezagututa. Maitasunaren ezaugarri. Pago horren altzoan, Altzon, haizatuko dituzte hilotzaren errauts batzuk.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.