Heriotza mehatxuak egin dizkiete Elizondoko eta Baztango alkateei

Udaletxean Espainiako bandera jartzeko eta ikurrina kentzeko exijitu die talde ezezagun batek

Garbiñe Elizegi, berak eta Elizondoko alkate Mikel Sobrinok jaso dituzten gutunekin, atzo. IÑIGO URIZ / ARGAZKI PRESS.
Erredakzioa
Iruñea
2013ko abuztuaren 9a
00:00
Entzun
Baztango eta Elizondoko udaletako (Nafarroa) alkateek heriotza mehatxuak jaso dituzte bi herri horietako udaletxeetan «banderen legea ez betetzeagatik». Ikurrina eta euskal presoak Euskal Herriratzearen aldeko ikurrak erabilera publikoko guneetatik berehala kentzeko egintzen die gutunak eta udaletxeetako balkoietan Espainiako bandera jartzeko, «Banderen Lege betez, zeina derrigorrezkoa den nazio osoan». Hori egin ezean hil egingo dituztela ohartarazi diete Garbiñe Elizegi Baztango alkateari (Bildu) eta Mikel Sobrino Elizondokoari (independentea). ANN Agrupación de Nacionalistas Navarros talde ezezagunak (Nazionalista Nafarren Elkarteak) sinatu du gutuna.

Prentsaurreko batean eman du horren berri Elizegik, Bilduren Nafarroako legebiltzar taldeko Bakartxo Ruiz eta Xabi Lasarekin batera. Baztango alkateak azaldu duenez, uztailaren 19ko data dauka gutunak, baina aurreko astera arte ez zuten ireki. Gutunean esaten da bi alkateak «heriotzara zigortzea» erabaki zutela ANN taldeko kideek joan den uztailaren 13an egindako bilera batean, «aho batez». Espainiako Banderen Legea bete ez eta herriko bestak «aldarrikapen politikoak» egiteko erabiltzea leporatu diete bi alkateei. Astebeteko epea eman diete ikurrina eta euskal presoen eskubideen aldeko ikurrak kentzeko, eta ohartarazi diete hori egiten ez badute «erabakia» gauzatzeko prestutasun oso dutela. Elizegik jakinarazi duenez, salaketa jarri dute Foruzaingoan.

EH Bilduko Bakartxo Ruizek, berriz, gogor salatu du gertakaria. Nafarroako Parlamentuko legebiltzarkideak adierazi du jarrera horiek islatzen dutela «eskuin zaharkituak joko demokratikoa onartzeko duen ezintasuna». Azpimarratu du azken hilabeteetan «ugaritu» egin direla EH Bildu legez kanpo uzteko «mehatxuak», baita kasu honetan bezala, «errekete berriek» egindako heriotza mehatxuak ere. Gogora ekarri du, besteak beste, 2011ko abuztuan Andoaingo eta Lasarteko udaletan ere (Gipuzkoa) jaso zituzten heriotza mehatxuak.

EH Bilduko kideak UPNri, PSNri eta PPri dei egin die gertaera horiek salatu ditzaten. «Giza eskubideen eta eskubide zibilen defentsak bazterketarik eta salbuespenik gabea izan behar du», esan du Ruizek, eta gaineratu du koalizioko kargu instituzionalen «apustua» garbia dela. «Mehatxu guztien gainetik gure lanean tinko jarraituko dugu».

Nafarroako Gobernuak eta UPNk ohar bidez «gaitzetsi» egin dute gertatutakoa. «Mehatxu eta bortxaketa guztiak gaitzesten ditugu, datozen lekutik datozela», azpimarratu dute.

Espainiako bandera

Gernikako juntetxean (Bizkaia), berriz, Espainiako bandera erre dute bi lagunek. Aurpegia estalita, juntetxean sartu, eta bertan beste bandera batzuen ondoan dagoen Espainiakoa hartu eta nola erretzen duten erakusten duen bideo bat zabaldu dute. Bideo horrekin batera igorri duten mezu elektronikoan, ekintzaren egileek azaldu dute bandera erretzen duten seigarren aldia dela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.