Zezenketen aurka dela erran du Enrique Villarreal Drogas musikari nafar ezagunak, jendaurrean, hainbat aldiz. Barricada taldeko kide ohia da, bertzeak bertze. Talde horren No hay tregua kanta ezagunaren doinuak entzun ziren, sanferminetan, Iruñeko zezen plazan. Zaldiek plazan hildako zezena ukuilura sartzen zuten bitartean; nabala haren gorputzean sartu, eta odolusten zuten bitartean; lurra gorriz tindatu, eta hainbat ume, haien gurasoekin, animalia hilaren gorpuari so egiten zioten bitartean, Es el juego del gato y el ratón abesten ari ziren, eguzkipeko harmailetan, peñetako kideak.
Entzierroak eta zezenketak dira berriki bukatu diren sanferminetako ikur nagusia, oraindik ere. Haien kontrako protestek, dena den, gora egin dute urteotan; bai eta Iruñean ere. Peta eta Anima Naturalis elkarteek eta Pacma alderdi animalistak, aurten ere, ekintza bana egin dute Iruñeko bestetan animaliak erabiltzea salatzeko. Gainera, @Tras_los_Muros Twitter kontuaren bitartez, hainbat argazkik erakutsi dute, sarean, zezenketen atzeko aldean zer gertatzen den. Harresiaren bertzaldekoa agerian utzi dute.
Zezenekin batera, zaldiak ere plazan biktima direla nabarmendu nahi izan dute irudi horiek. Begiak eta belarriak estalita ateratzen dira, pikadorea gainean dutela, zezenketan parte hartzera joan diren pertsonen aurrera. Ezin dute deus ikusi. Ezin dute deus entzun. Bere burua defendatzen saiatzen den zezenaren kolpeak bertzerik ezin dituzte sumatu.
Iruñeko protestak ez dira animaliak erabiltzearen aurkako bakarrak izan Euskal Herrian. Gipuzkoan, kanpaina martxan jarri du Askekintza talde animalistak, Festak ospatu, animaliak askatu lelopean. Hernaniko, Pasai Antxoko eta Igeldoko bestetan egon dira, orain arte, eta datorren astean Errenterian izanen dira. Ordizia, Idiazabal, Lezo eta Oiartzun herrietara ere joanen dira Askekintzako kideak, protesta egitera.
Gogoeta pizteko kanpaina
«Zezenketetan odola badago, baina animalia plazan ez hiltzeak ez du esan nahi kasu horretan erabiltzea justifikatuta dagoenik. Beldurra eta estresa ere sentitzen dute; gainera, animalia guztien patua bera da. Denak hiltzen dituzte, erabili eta gero. Animaliak ez daude hemen horretarako; alternatibak badira besta egiteko», azaldu du Askekintzako kide Lide Trekuk.
Erabilera horren inguruko gogoeta piztu nahi dute Askekintzako kideek, abian jarri duten kanpainaren bitartez. Animalien erabilera orokorra dela nabarmendu dute, Euskal Herriko txoko guztietan gertatzen dela. Udalek antolatzen dituzte animaliak baliatzen dituzten ikuskizunak, kasu anitzetan, baina ez beti. «Jai batzordeek ere bai». Bai eta herritarrek ere. Idiazabalen, gazte batzordeak antolatu du txerri bat harrapatzea ardatz izanen duen ekitaldia. «Haiekin harremanetan jarri gara, esan digute errespetatzen dutela gure iritzia, baina ez dutela bertan behera utziko», azaldu du Trekuk.
Zezenak, bigantxak, idiak. Horiek dira gehien erabiltzen direnak bestetan. Baina ez bakarrak: txerriak, astoak, poneyak eta bertze ere baliatzen dituzte. Errealitate hori atzean utzi nahi du Askekintzak. Bertze eredu baten alde egin du Trekuk. «Ezin dugu animaliak erabiltzen jarraitu, tradizioaren aitzakia baliatuz».
Heriotza, ikuskizun
Hamaika animalia erabiltzen dituzte herriz herri, bestaren izenean. Kanpaina jarri du martxan Askekintzak hori salatzeko. Sarean, zezenketen atzeko aldea erakutsi du @Tras_los_Muros-ek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu