Hil Argi elkarteko eta Gehiago Gara egitasmoko kidea

Nerea Erkiaga: «Heriotza bera tabua baldin bada, are handiagoa da haurren heriotzaren tabua»

Haurren heriotza lantzea, eta heriotza haurrekin «naturaltasunez eta humanitatez» lantzea. Helburu horrekin aurkeztu dute Gehiago Gara egitasmoa.

Gehiago Gara ekimena sortu dute. Haurren heriotzaz naturaltasunez lantzeko ekimena.
Nerea Erkiaga Hil Argi elkarteko eta Gehiago Gara egitasmoko kidea. GORKA RUBIO / FOKU
Irati Egibar Izeta
Donostia
2023ko abenduaren 26a
05:00
Entzun

Heriotzaz hitz egitean, isiltasuna eta ezintasuna areagotu egiten dira. Larunbatean, ekinaldi bat aurkeztu zuten Donostian haurren heriotza lantzeko, eta heriotza haurrekin naturaltasunez lantzeko: Gehiago Gara. Hil Argi elkartearen egitasmoa da. Nerea Erkiagak (Lekeitio, Bizkaia, 1973) eta beste bi emakumek sortu dute. Horrez gain, Bizipoza, Esku Hutsik, Bidegin eta Goiargi elkarteak laguntzaile izan dira, baita Heriotza Haurrekin egitasmoa ere.

Landu duten manifestua irakurtzeaz gain, aitortza egin zieten hainbat elkarte eta erakunderi ere, haurren heriotzaren inguruan egindako lanagatik.

Zer moduz egin zenuten Gehiago Gara-ren aurkezpena?

Oso ondo. Alde batetik, plazaratu nahi genuen mezua plazaratzea lortu genuen manifestuaren eta aitortzen bidez. Beste alde batetik, falta diren umeei omenaldia egitea lortu genuen; adin eta garaia batean edo bestean hildako umeen gurasoak etorri ziren. Hala ere, ez genituen ez doluan, ez minean oinarrituta gogoratu: bizipenetan oinarrituta gogoratu genituen. Oso hunkigarria izan zen.

Heriotzaz egunerokoan hitz egin behar da?

Bai, noski. Hori proposatzen dugu Hil Argi elkartean eta Gehiago Gara egitasmoan. Doluan ez gaudenean, hobeto gaudenean, heriotzaz hitz egin behar da. Egunerokoak gaia lantzera eramaten zaitu.

Doluz gaudenean, nahiko lan izaten dugu dolu hori zeharkatzen. Ezin duzu heriotzaz berba egin prozesu horretan. Dolua dolu da; hitz egingo duzu hil den pertsonari buruz, gogoratu eta omenaldiak egingo dituzu... Garai horretan, ordea, zaila da heriotzaz hitz egitea.

Umeak ere heriotzaz inguratuta bizi dira, gehienetan fikziozkoak badira ere (filmak, bideojokoak, liburuak..) Hala ere, ez da heriotzaz hitz egiten. Zergatik?

Gizarte honetan eraikitakoa da heriotzaren beldurra; beste gizarte batzuk sanoagoak dira. Urte askotan Elizak sortutako beldurra izan da, baina, gaur egun, pelikuletan, liburuetan, telesailetan, denean modurik traumatikoenean agertzen da heriotza: hilketak, torturak, istripuak...

Umeak galdera egin eta ez badiozu erantzuten, ez dizu jarraituko. Haurrak segituan konturatzen dira gai horri buruz ez dela hitz egiten. Ez dago adinik heriotzaren gaia lantzeko. 3 urteko umeekin hilerriari buruzko gogoeta egin zuten Antzuolako eskolan [Gipuzkoa]. Bizitzaren sorreraz hitz egiten ari zirela, ume batek modu naturalean kontatu zuen arreba hil zitzaiola. Hari horretatik tiraka, heriotzari buruz lantxo bat egin zuten, umeei utzita.

Pedagogoek esaten dute: «Zuk eman materiala, baina ez behartu ezer egitera, utzi haiei, eta ea noraino iristen diren. Haiek eramango zaituzte gogoetaz gogoeta leku jakin batera». Garrantzitsua da gaia datorrenean ez alde egitea, baizik eta gaiari heltzea.

Manifestuan, hainbat erakunderi dei egin diozue heriotza naturaltasunez eta humanitatez lantzeko. Hori nola egiten da?

Pertsonen artean dagoen hutsune bera dago elkarteetan eta erakundeetan. Erakundeek prest egon behar dute heriotzaren gaia lantzeko; ezin dute utzi pertsonen ahalmenen edo egoeraren araberako tratuaren esku. Erakundeek formakuntza bermatu behar dute, ezin dute ihes egin umeen edo edozeinen heriotza gertatzen denean. Erakunde horiek hezkuntza, osasun sistema, udala eta elkarteak dira.

Udalei dagokienez, adibideren bat jartzerik bai?

Adibidez, haur jaioberrien jaia ospatzen dute hainbat herrik. Jai hori antolatzen baduzu eta urte horretan ume bat hil bada, ez sortu isiltasunik; zaila izan arren, hurbildu, eman doluminak, eta eman aukera familiari parte hartzeko. Pertsona guztiok desberdinak gara: familia batzuek baiezkoa emango dute, eta beste batzuek, ezezkoa. Baina, noski, horretarako prestakuntza bat behar dugu. Oiartzungo Udalak [Gipuzkoa], adibidez, horixe egiten du, urte horretan jaio behar ziren haurren familiei ere aukera ematen die jaian parte hartzeko.

Nolako garrantzia dauka heriotzak hezkuntzan?

Oso garrantzi txikia. Hezkuntzako curriculumean ez da aipatu ere egiten, ez hitza, ez ezer. Eskola bakoitzak gai izan behar du bere protokoloa egiteko: nork hitz egingo duen gurasoekin, agurra nola egingo duten, haur horren jarraipena nork egingo duen... Hori dena protokolo baten bidez egin behar da, ezin da inprobisatu.

Bestalde, heriotzaren pedagogia da beste eginbeharreko bat. Dolurik ez dagoenean, momentuak baliatu behar dira heriotzaz hitz egiteko. Heriotzaren pedagogia garatu dutenek esaten dute bizitzarako pedagogia dela. Pertsona ahalmentsuagoak egiteko, garrantzitsua da heriotzaren pedagogia lantzea.

Osasungintzan ere arreta jarri duzue...

Aspaldi garatu ziren osasungintzan zaintza aringarriak. Batez ere, heriotza prozesuan dauden pertsonekin, gaixotasuna daukaten pertsonekin lan egiten da. Zaintza aringarrietan, sobran dauden terapiak kentzen dituzte; garbi hitz egiten da heriotzaz. Ezer egin ezin denean, asko dago egiteko.

Espainiako hezkuntza sisteman, medikuntzan, zaintza aringarriak ez dira espezialitate bat. Batzuek esaten dute ezin dela izan espezialitatea, hil edozein medikuntza alorretan hiltzen dela. Baina mediku guztiek ezin dute jakin prozesu horretaz guztiaz. Espezialistak behar dira, eta, horretaz gain, lehen arretako medikuek oinarrizko trebatze saioak izan beharko lituzkete, beti talde baten babesean, noski.

Manifestuan diozue gizartean izaten den isiltasuna gehitzen zaiola haurrak hiltzean sortzen den min handiari. Nola egin diezaiokegu aurre heriotzaren tabuari? Zer tresna erabilita?

Heriotza bera tabua baldin bada, are handiagoa da haurren heriotzaren tabua. Askotan pentsatzen dugu hitz eginez gero heriotza gogoraraziko diogula gurasoari, eta min handiagoa egingo diogula; amek edo aitek, ordea, beti gogoratuko dute haurra. Hitz egin errespetuz, eta ez kuriositatez. Ez ihes egin elkarrizketa horri. Zaila da, baina txipa aldatu behar dugu.

Garai batean, hildakoari garrantzi handiagoa ematen zitzaion. Beti aipatzen zen familia horretan zenbat izan ziren: «Zuek lau izan zarete, defuntua eta zuek hirurak». Gure logoak ere hori aipatzen du, zenbat garen. Zazpi gara eta bi falta, baina zazpi gara. Bi horiek ez dira existitzen, inoiz ez dira azalduko, baina aipatzen ditugu behintzat.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.