Buruhausteak ematen ditu maiz, eta familiarteko liskarren sorburu eta auzi iturri ere izaten da. Izapideen nahaspilan itotzen dira batzuk, eta askotarikoak dira zalantzak: nola tramitatzen da herentzia? Zein da legez ezarritako banaketa? Utz al daiteke norbait herentziatik kanpo? Posible al da herentziari uko egitea?
Kontuak argitze aldera, hainbat xehetasun eman dituzte Andres Urrutia notarioak eta Elena Laka abokatuak. Lehendabizi, kontzeptuak definitu dituzte: oinordekotzan hartzen edo ematen diren ondasun, eskubide eta betebeharren multzoa da herentzia, eta horiek jasotzen dituena, berriz, jaraunslea edo oinordekoa. Bi eratara gauzatu daiteke jaraunspena: testamentu bidez, emailearen nahiaren adierazpena betez; eta legez, testamenturik egin ezean legeak ezartzen baitu oinordekoak nortzuk izango diren eta zer hurrenkeran.
Muga eta parametro batzuk daude ezarrita, baina, lurraldearen arabera, desberdinak dira baldintzak, lege eta sistema diferenteak aplikatzen baitira. Urrutia: «Nafarroan, erabateko askatasuna dago herentzia nork nahi duen moduan banatu ahal izateko. EAEn, zati bat gorde egin behar da seme-alabentzat, herentziaren heren bat. Baina testamentu egileak askatasuna dauka heren hori seme-alaben eta ondorengoen artean askatasunez banatzeko. Beste bi herenak libreak ditu. Ipar Euskal Herrian ere desberdina da».
Legearen arabera, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, oinordeko batzuk derrigorrezkoak dira, seme-alabak kasurako, baina badago zirrikitua ondorengo bat herentziatik kanpo uzteko —Nafarroan, askatasun osoz—: posible da herentziaren heren bat seme-alaba bakar bati ematea eta gainerakoak bazter uztea. Baita, pisuzko arrazoiren bat dela medio, jaraunsgabetzeko ere: «Seme-alaba batek tratu txar psikologikoak ematen baldin badizkie gurasoei, guraso horiek jaraunsgabetu al dezakete seme-alaba hori? Dudarik gabe. Arrazoiak neurtuta daude, Kode Zibilean daude jarrita. Baina egin, egin daiteke». Kasu horretan, jaraunsgabetzeak ondorioak izan ditzake, esate baterako, pertsona horren ondorengoengan. Hala ere, jaraunsgabetzea ez da erabat finkoa. Besteak beste, aldatu daiteke «jaraunsgabetzeko arrazoiak desagertzen badira edo adiskidetze bat baldin badago».
«Seme-alaba batek tratu txar psikologikoak ematen baldin badizkie gurasoei, guraso horiek jaraunsgabetu al dezakete seme-alaba hori? Dudarik gabe».
ANDRES URRUTIANotarioa
Herentziari uko egitea ere posible da, eta, Urrutiaren hitzetan, askotan egiten da; sarriago 2008ko krisitik hona. Era berean, onar daiteke herentzia ondasunen arabera; hots, zorrak ordaintzeko beste ondasun badaude. Laka: «Herentziari uko egin dakioke. Seniparteari dagokionez [gurasoek seme-alabei utzitako ondasun multzotik senide bakoitzari dagokion partea], kausatzailea [jarauntsia uzten duena] hil aurretik ere egin ahal zaio uko. Halaber, oinordetza itunaren bitartez ere uko egin dakieke jarauntsi oso baten edo zati baten gaineko oinordetza eskubideei, jarauntsi horren kausatzailea bizirik dagoen bitartean. Kasu horietatik kanpo, behin kausatzailea hilda, eta oinordekoak jaraunsle dela jakiten duenean, jarauntsiari uko egin diezaioke; ez dauka, nahi ez badu, jarauntsia onartu beharrik. Baina onarpena ala ukoa jarauntsi osoari egingo zaio, ezin da jarauntsia zatitu».
Hala, testamentuak eta legeak markatzen du, oro har, ondasunekin zer egin, eta oinordetza itunaren bidez baldintzak itundu eta hitzar daitezke aurrez. Urrutiaren arabera, familia ondareak transmititzeko orduan hori izan da tradizioa Euskal Herrian: baserriak, errotak, ustiategiak... Gaur egun modu hori berreskuratu dela azaldu du, eta bideari ekiteko baliagarria dela uste du.
Eta testamenturik ez bada, zer? Legeak markatzen du bidea, eta asko dira agertoki posibleak. Euskal Herri osoan seme-alabak edo ondorengoak dira lehen mailako oinordekoak; beraz, hil berri denak seme-alabak balitu, horien artean banatuko litzateke herentzia —seme-alabaren bat hil bada, haren ondorengoek haren zatia heredatzeko eskubidea lukete—. Gozamen eskubidea izango luke ezkonlagunak.
Seme-alabarik ez bada, ordea, desberdina da aplikazioa. Hego Euskal Herrian, ezkonlagunarentzat izango lirateke ondasunak; halakorik ez bada, gurasoentzat; eta bestela, anai-arreben artean banatuko litzateke. Azkenik, gainerako ahaideak leudeke: lehengusuak, osaba-izebak...
Ipar Euskal Herrian, berriz, familia egoerak baldintzatzen du banaketa. Ezkonlagunik eta seme-alabarik ez bada, gurasoen, anai-arreben eta iloben artean banatuko litzateke. Anai-arrebarik eta ilobarik ez bada, gurasoen artean. Eta gurasorik ez bada, anai-arreben eta iloben artean. Ezkonlaguna egonda, ordea, aldatu egiten da. Hain zuzen, hil denak seme-alabak baditu, ezkonlagunak hautatu beharko luke ondasun guztien gozamen eskubidea baliatu edo herentziaren laurden bat jaso. Seme-alabarik ez bada baina hil berriaren gurasoek bizirik jarraitzen badute, guraso bakoitzak laurden bat jaso eta gainerako erdia ezkonlagunarentzat gordeko litzateke —gurasoetako bat hilda badago, haren zatia ere ezkonlagunari dagokio—. Ondorengorik edo aurreko ahaiderik ez badago, berriz, ezkonlagunarentzat izango litzateke herentzia.
Testamentua, garrantzitsua
Ondasunak zer-nori banatzea erabaki nahi bada, beraz, inportantea da testamentua egitea, nahiz eta legeak muga batzuk ezarri. Testamentua egitearen garrantzia azpimarratu du Urrutiak. «Gauza askotarako balio du, ez bakarrik ondasunak orekan jartzeko. Adingabeak diren seme-alabak baldin badituzu, balio du, esaterako, tutoreak nortzuk izan daitezkeen zehazteko. Balio dezake ere desgaitasuna duen batentzat laguntza emango dioten pertsonak edo euskarriak zeintzuk izango diren izendatzeko. Edo zorrak aitortzeko, gauza zehatz bat pertsona zehatz bati emateko... Joko handia dauka».
Gainera, edonoiz aldatu daiteke testamentua. Honela azaldu du Jakak: «Nahikoa da testamentu berri bat egitea; aurrekoa baliorik gabe geratzen da. Nahi adina testamentu egin daitezke bizi osoan, eta balioa izango duena egindako azkena izango da». Abokatuaren ustez, banaketa jakin bat egin nahi bada edo legez izendatutako oinordekoak jaraunsle ez izatea nahi bada, garrantzitsua izan daiteke. Ostera, pertsona batek nahi badu, adibidez, bere ondasun guztiak seme-alaba guztientzako erdi bana izatea, ez dauka testamentua egiteko «premia berezirik».
Kontu bat argitu nahi izan du Jakak: testamentua egiteak ez du zertan ekarri eztabaidak saihestea, eta, dokumentua eskuetan izanda ere, askotarikoak izan daitezke dudak. «Ez ditu baztertzen oinordekoen arteko liskarrak testamentua interpretatzeko orduan edo ondasunak banatzeko orduan. Beti sor daitezke gatazkak jaraunspen bat dagoenean, eta epaitegietan erabaki behar dira». Hala ere, kontuak argitzeko asmoz egindako izapidea da.
«Nahi adina testamentu egin daitezke bizi osoan, eta balioa izango duena egindako azkena izango da».
ELENA LAKAAbokatua
Lakaren iduriko, adinean aurrera joan ahala «ohikoagoa» da testamentua egitea. Ados dago Urrutia. Halere, azpimarratu du jendeak normalean ez duela hilzorian dela egiten, hori «historia» omen da. «Jendeak testamentua egiten du adin jakin batean, normalean seme-alabak baldin badituzu, etxe bat erosi baduzu eta mailegua baldin baduzu... Badira bikote gazteak ere etortzen direnak testamentua egitera, umeak dituztelako oso txikiak, adinekoak... Baina gaur egun hil hurrean dagoen testamentu hori oso gutxitan ikusten dugu. Badira, baina oso gutxitan». Joera aldaketa egon dela uste du: «Gizartean jendea kontzientziatuta dago. Nolabait, barneratu egin du horren premia. Eta, gainera, horrek arazo batzuk konpontzen ditu. Ikuspegi fiskal batetik ere gauzak erraztu egiten ditu».
Urrutiak gaineratu duenez, euskaraz egin daiteke testamentua. Ez da ohikoena, baina badira hautu hori egiten duten zenbait. «Euskara hutsean egin daiteke, baldin eta notarioak euskara ezagutzen baldin badu. Ezagutzen ez baldin badu, EAEko elkargoak edo notario elkargoak badauka itzulpen sistema bat. Orduan, dokumentua bi zutabetan idazten da. Nik, esate baterako, euskalduna izanik, normalean euskara hutsez egiten ditut, jendeak hala eskatuta. Eta esango nuke urtean-urtean egiten direla. Hilean bi, hiru, lau, bost aldiz egiten dira halakoak. Proportzioa txikia da oraindik, baina badago halako isuri bat, bide bat, markatzen ari dena».
Finean, ertz asko ditu herentziak, eta konplikatua da auzia. Saihetsezina, ordea, lehenago edo beranduago, norbanako guztiei eragiten dielako. Kausalitateen zurrunbiloan, hainbat bitxikeria ere kontatu ditu Lakak: «Itxura batean nahi gabe izendatzea ahaztu zuten seme-alaba baten izena testamentu batean; zorrak ondasuna baino handiagoak direlako jarauntsiari uko egin beharrean aurkitzen den jendea; Valladolideko oinordeko bat, pentsatzen zuena Euskal Herriko jaraunspen baten senipartea jasoko zuela, eta ezer gabe geratu zena EAEko senipartearen araubidearengatik...».