Herenegun Bilbon atxilo hartu zituzten zazpi lagunak askatu dituzte, karguekin

Hiri altzarien kaltea ehun mila eurokoa dela dio Bilboko Udalak, eta 21 banketxe zein 19 denda ere apurtu zirela

Kaputxadun bat, denda bateko erakusleihoa apurtzen, astelehenean. MIGUEL TOÑA / EFE.
Aitziber Laskibar Lizarribar.
Bilbo
2014ko martxoaren 5a
00:00
Entzun
Astelehenean Bilbon egin zen goi mailako ekonomia foroaren aurkako protesten harira Ertzaintzak atxilotu zituen zazpi pertsonak aske utzi zituzten atzo, epailearen aurrean deklaratu ostean. Desordena publikoa zein kalteak eragitea eta aginteari atentatua egitea egotzita atxiki zituzten guztiak. Aske utzi zituzten atzo, baina karguekin, akusazioak kendu gabe.

Segurtasun Sailak jakinarazi duenez, 18, 19, 21, 24 eta 42 urte dituzte atxilotuek, eta Bilbo, Galdakao, Portugalete, Basauri, Donostia eta Gasteizkoak dira. Zortzigarren pertsona bat ere inputatu zuen Ertzaintzak, atxilotu ez zuen arren. Epaileak hitzordua jartzen dionean deklaratzera joan beharko duela zabaldu dute berri agentziek.

Liskar handiak izan ziren egun osoan foroaren aurkako protestetan, eta banketxe zein denda handi askori egin zieten eraso protestariek. Atzo, erakusleihoetako kristal berriak jartzen eta pintaketak ezabatzen aritu ziren dozenaka langile Bilboko Kale Nagusian, astelehenean lan horietako batzuk egin zituzten arren.

Kalte handiak eta beste horrenbeste erreakzio utzi dituzte erasoek. Bilboko Udalak emandako datuen arabera, ehun mila euroren kalteak izan dituzte hiriko altzariek. Jose Luis Sabas Bilboko Lan eta Zerbitzuetarako zinegotziak eta Tomas del Hierro Segurtasunerakoak jakinarazi dutenez, erasotzaileek 21 banketxe hondatu zituzten; 19 denda eta taberna ere bai, eta «erabat suntsituta» geratu zen hotel bat. Renault etxearen denda batean zeuden hainbat auto berri ere suntsitu zituzten.

Zinegotzien datuen arabera, 160 edukiontzi mugitu zituzten protestariek, eta horietako 17 erre. Sei autobus aterpe eta autobus bateko leihoak ere hautsi zituzten. Udaltzaingoaren furgoneta bat irauli zuten Bilbo erdian, eta Bizkaibuseko 21 autobusi pintaketak egin zizkieten Bizkai osoko bederatzi herritan. Euskalduna Jauregiko bost ate ere apurtu zituzten. Zinegotzien arabera, kalte guztiak 24 orduan konpontzeko asmoa du Udalak.

Bozeramaileen Batzordeak eraso horiek guztiak gaitzetsi ditu, EAJ, PSE eta PPren babesarekin. «Hiribilduak, bere komertzioek, altzariek, zerbitzu publikoek eta hiritarrek oro har sufritutako kalte larriak» salatu ditu gaitzespen testuan. «Bilboko hiribilduak bere historian sufritu duen indarkeria eta bandalismo erasorik gogor eta larrienetakoa izan da».

Bilduk ez du salaketa sinatu, Aitziber Ibaibarriaga zinegotziaren esanetan «partziala» delako. Bere burua istiluetatik aldendu du Bilduk, baina esan du «garrantzitsuena» Guggenheimen gertatu zena dela: «Herritarrei miseria ekartzen dien politiketan sakontzeko esatera etorri zen troika». Horri «alfonbra gorria» jarri izana aurpegiratu die adierazpena sinatu duten alderdiei.

Bizkaiko Foru Aldundiak Bilboko «kristal hautsien eguna» gaitzetsi du. «Kaputxa darabiltenez» nekatuta dagoela esan du Unai Rementeria bozeramaileak; «ez gaituzte sekula aurkituko bandalismoarekin eta erasoarekin mintzatzen direnen alboan».

Eusko Jaurlaritzak Ertzaintzaren lana txalotu du: «Istiluak zabaldu eta hiriak sutan amaitzea saihestu zuen». Ertzaintzaren lanak emaitza onak utzi dituela adierazi du Josu Erkoreka bozeramaileak: zazpi atxilotu, beste inputatu bat, 50 identifikatu eta zazpi ertzain arin zaurituta. Era berean, Estefania Beltran de Heredia Segurtasunerako sailburuak jakinarazi du gertatutakoaren berri legebiltzarrean emango duela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.