Goizean Hendaiako komisariara (Lapurdi) deitu eta berehala atxiloaldian sartutako zazpi lagunak aske atera dira kalera arratsaldean. Guztiek Baionako auzitegiko epaileen aurrera agertu beharko dute urtarrilaren 28an. Galdeketa guztiak Youtuben zabalduriko Korrikako bideoaren ingurukoak izan dituzte. Izan ere, martxoaren 14an Korrika Irundik (Gipuzkoa) Hendaiara iragan zen eguneko bideoa zabaldu zuten sarean etorkinekiko elkartasun taldeek. Gaur atxilotutako gehienak bertan agertzen dira.
Arratsaldeko hirurak aldera jalgi dira Hendaiako mugetako Poliziaren komisariatik etorkinekiko elkartasun taldeetako zazpi atxilotuak. Elkarturik egon ondoren, agiri bat adostu eta zabaldu dute. «Sei orduz zaintzapean egon ondoren, denek isilik egoteko eskubidea erabili ondoren, aske» atera direla zehaztu dute. 2025eko urtarrilaren 28an auzitan iraganen dira, Baionako auzitegian, «Frantzian 36 pertsona atzerritarri sarrera, zirkulazioa edo egonaldi irregularra errazteagatik, beste herrialde batzuetako herritarrei zuzenean edo zeharka mugaz gaindiko lasterketa batean parte hartzen lagunduta (Korrika)».
LAB sindikatuko Ipar Euskal Herriko bozeramaile Argitxu Dufau zazpi atxilotuetarik bat zen. Adierazi duenez, talde antolaketa diete gehienbat leporatzen. «Korrikaren ondotik izan den bideo batean oinarritzen dira egoera irregularrean diren pertsona batzuen laguntzea guri leporatzeko». Dufauri erran diote Korrika eguneko ekintza bere gain hartzeko egin prentsaurreko batean parte hartzeagatik ere deitu zutela. Polizia judizialak galdekatu duela zehaztu du. «Ulertu dugunaz, prefetak du auzibidea irekiarazi».
«Korrikaren ondotik izan den bideo batean oinarritzen dira egoera irregularrean diren pertsona batzuen laguntzea guri leporatzeko»
ARGITXU DUFAULABeko Ipar Euskal Herriko bozeramailea
Dufauk argitu duenez, bideoaz eta prentsaurrekoaz aparte ez diete beste elementurik aurkeztu atxilotuei. Ez diete erran zer arriskatzen zuten. «Dena den, deklarazioa fite joan da; denok isilik egon garenez, azkar egina zen», erran du Dufauk.
Bidasoa Etorkinekin taldeko Aintzane Lasarte atxilotua abokatuarekin izan zen galdeketan. Dufauren gisan, Korrikako bideoan agertzen denaz egin dizkiote galderak Lasarteri ere. Doi bat harritu da, ez baitzuten deus gehiagorik; kontatu duenez, deialdian «ikerketa bat» egin zela zioten. Galdeketa ez da luzatu. «Gero zelda batera eraman gaituzte bakoitza; argazkiak eta eskuen arrastoak hartu dizkigute, eta hirurak aldera erran digute aterako ginela», erran du Lasartek.
Dufauk eta Lasartek jaso duten elkartasuna azpimarratu dute. Deia jaso baino lehen, jada 80 egitura eta pertsonen sostengua ukana zuten. «Eskertzen dugu jaso dugun sostengua» adierazi du Dufauk.
Lasartek uste du eoso ondo ari direla lanean torkinekiko elkartasun taldeen artean. «Oso talde batua da, eta denak ari gara aho batez hitz egiten». Ez du baztertu denen arteko agerraldi bat egitea laster, auzibide hori dela eta. Lasartek errepikatu du elkartasuna dela Bidasoa Etorkinekin taldearekin egiten dutena. «Guk egiten duguna da etorkinak Hendaiatik Baionara laguntzea, paperak lortzen laguntzea. Hori ez da legez kanpokoa. Elkartasuna da egiten duguna, eta hori Frantziako legeak esaten du». Elkartasuna ez da delitua legean, ez eta ere epaietan. Lasartek oroitarazi du elkartasunaren ideia atxiki dutela azken immigrazio lege zorrotzagoan ere. «Guk segituko dugu jendea laguntzen giza eskubideen izenean», erran du garbiki Lasartek.
08:45ean
Zazpi lagunek Hendaiako komisarian deklaratu behar zuten gaur goizean, «talde antolatu batean» migranteei muga pasatzen lagundu izana egotzita. Deitutakoak 08:45ean agertu dira komisariaren aurrean, sostengua adierazi dieten eragile askoren ordezkariek lagunduta, eta, komisariara sartu ahala, poliziek jakinarazi diete atxiloaldian daudela. 24 ordu iraun zezakeen atxiloaldiak, eta fiskaltzak bazuen aukera luzatzea eskatzeko. «Sartuko gara, eta ikusiko dugu zehazki zer leporatzen diguten. Ez dakigu nola pasatuko den gaurkoa; ikusiko dugu», adierazi du LAB sindikatuko Eñaut Aramendik komisariara sartzean.
Aramendirekin batera, LAB sindikatuko Argitxu Dufau, EH Baiko eta Etorkinekin kolektiboko Jakes Bortairu eta Dominika Dagerre, Bidasoa Etorkinekin elkarteko Aintzane Lasarte, Fernand Perret, eta LFIko kide bat deitu dituzte komisariara. Banan-banan sartu dira polizia etxera, txalo artean eta han bildutakoek «Euskal Herria, harrera herria!» oihukatzen zutela. Barrura sartu ahala, jakinarazi diete atxiloaldian atxikitzen zituztela.
Deitutako zazpi lagunei sostengua erakutsi dieten 80 bat eragileen izenean, agiria irakurri du Irungo Harrera Sareko Oihana Galardik. Babesa azaldu diete «migratzaileei harrera duina egiteko eta pertsonen joan-etorri askea eta giza eskubideak defendatzeko borrokan jarraitzen dutenei», eta erantsi dute haien eredua «inspirazio iturri» dela: «Elikagaiak banatzea, arropa ematea edo behin-behineko ostatua ematea ez litzateke inoiz zigortu behar».
Eragileen iritziz, «onartezina da Frantzia bezalako demokrazia batean pertsonak behar duenarekin solidarioak izateagatik prozesatzea». Frantziako Gobernuari eskatu diote bertan behera utz dezala «elkartasunari egindako errepresioa», eta salatutako ekintzaileen lanaren garrantzia aitor dezala.
«Frantziako Gobernuaren adierazpen eta ekintzek oso seinale kezkagarria igortzen dute giza eskubideen arloan», azaldu dute. «Premiazkoa da gure konpromisoa berrestea oinarrizko eskubideekin, migratzaileen harrera duinarekin eta zailtasunak dituzten pertsonekiko eskuzabaltasunarekin. Elkartasuna ez da delitua».
Antzera mintzatu da EH Baiko hautetsi Iker Elizalde. Atxilotutakoei elkartasuna adierazteaz gain, Frantziako Gobernuaren jarrera salatu du: «Behin eta berriro errepikatu dugu elkartasuna ez dela delitu bat. Harrera herria gara, eta hori berrestera etorri gara hona».
Fermin Muguruza abeslaria ere Hendaian izan da, deklaratzera deitutakoei babesa ematen. «Oso larritzat» jo du gertatutakoa, eta nabarmendu du zazpi ekintzaileak oso ezagunak direla, «esanguratsuak eta erreferentziazkoak». «Argi adierazi behar dugu elkartasuna ez dela delitua eta ez dugula mugarik eta arrazakeriarik nahi».
Etorkinekin elkarteko kide Amaia Fontangen ustez, ekintzaileak atxilo hartzea, «migratzaileen kontrako erasoa ez ezik, elkartasunaren kontrako erasoa ere» bada. Gogorarazi du Euskal Herrian duela urte eta erdi hasi zirela elkartasuna lantzen duten ekintzaileen kontrako erasoak: «Ez gara harrituak, baina horrek erakusten du Euskal Herriak segitu behar duela harrera herria izaten, eta horretarako bat egin behar dugula». Antzera mintzatu da LABeko Joana Urruti: «Elkartasuna gure balioetan da».