Ipar Euskal Herriko zazpi pertsona Hendaiako (Lapurdi) komisariara deitu dituzte deklaratzera, migranteei laguntza ematea leporatuta. Etzi dute zita, 09:00etan. Eskuratu duten agiriaren arabera, «talde antolatuan migranteak muga pasatzen eta aterpetzen» laguntzeagatik galdekatu nahi ditu Frantziako Poliziak.
Jaso duten deialdian ez da zehaztua zer egunetan izan diren zazpi pertsona horiei leporatzen dizkieten egitateak. BERRIAk jakin ahal izan duenez, LAB sindikatuko Eñaut Aramendi da komisariara deitu dutenetako bat.
80 eragilek —gehiagok bat egiteko aukera dago— babesa adierazi diete zazpi herritarrei, eta etzi goizean Hendaiako komisariara joatera deitu dute, 08:45ean. Babesa eman dietenen artean daude Aita Mari itsasontzia, Anafe, Attac, Berdeak, EA, EH Bai, Ernai, ESK, Etorkinekin, Irungo harrera sarea, Kaleko Afari Solidarioak, LAB, Ongi Etorri Errefuxiatuak, Sortu, SOS Arrazakeria, Steilas... Sinatzaileek salatu egin dute «zazpi kide horiek pairatzen duten eta etorkizunean edozeinek pairatzen ahalko lukeen errepresioa».
Elkartasuna adierazi dieten eragileek eskatu dute mugak behin betiko ireki daitezela, «Irun [Gipuzkoa] eta Hendaia artekoak bezalako zubi guztiak bereziki, guztion zirkulazio askea bermatzeko».