Hendaiako atxikitze zentroan 351 pertsona eduki zituzten iaz, 2022an baino %34 gehiago

Egonaldiak gero eta luzeagoak dira, eta legez kanpoko atxikitzeak ere bai, CIMADE elkarteak jakinarazi duenez.

Clara-Lou Lagiere, Julie Afaure eta Maite Etxeberri, CIMADEko langileak
Clara-Lou Lagiere, Julie Afaure eta Maite Etxeberri, CIMADEko langileak, asteartean Hendaian egin agerraldian. GUILLAUME FAUVEAU
Iñaki Etxeleku.
Hendaia
2024ko apirilaren 30a
17:45
Entzun

CIMADEk, etorkinen laguntza elkarteak, 2023ko atxikitze zentro administratiboetako zenbakien eta egoeren azterketa txostena agertu du gaur. Hendaiako (Lapurdi) atxikitze zentroko zenbakiak ere eman ditu. Iaz, aitzineko urtean baino jende gehiago atxiki zuen zentroan Frantziako administrazioak. Jende gutiago kanporatu du atxikitzeko prozedurak gaizki eginak zirelako. CIMADEk salatu du «legez kanpoko atxikitzeak» emendatu direla.

2023an, Frantziako administrazioak 351 pertsona atxiki ditu Hendaiako atxikitze zentroan: aitzineko urtean baino %34 gehiago (2022an: 261 pertsona). Maite Etxeberrik, CIMADE elkarteko Hendaiako atxikitze zentroko langileak, erranaldi bakarrean laburbildu du 2023an ikusi dutena: «Gakotze gehiago eta egonaldi luzeagoak». Etorkin gehiago atxilotu eta zentroan atxikiak izan dira, baina kanporatze gutiago izan da.

Zenbakien bilakaera horren azaltzeko, kanporatze ilegalen ugaritzea azpimarratu dute CIMADEkoek. Etxeberrik esplikatu du bi egoeratan ikusi dituztela lege urraketa horiek: Frantziako administrazio agintaritzak «auzitegi administratiboak erantzuna eman baino lehen» kanporatu baditu pertsonak, edo «asilo eskaeraren erantzuna plazaratua izan baino lehen». CIMADEko langileak kanporatzeen «zenbaki lehiaren politiken testuinguruan» kokatu du ugaritze fenomeno hori.

Horren froga zaio zentroan atxiki jendeen %55 epailearen erabakiz askatu zituztela iaz, «poliziaren partetik atxilotze ilegalak izan zirelako, edo prefeturak akatsak egin zituelako atxikitze prozeduran». Ondorioz, urte batez, Hendaiako kanporatze tasa %37tik %31ra jaitsi da.

Julie Afaure Akitania Berriko CIMADEko ordezkariak Frantziako iazko zenbakiak eman ditu. Guztira, 46.955 pertsona atxiki dituzte, 25 zentrotan, horietarik 3.349 «haurrak» edo «adingabeak». Bereziki, Mayotten dituzte adingabe gehien atxilotzen. Afauren arabera, «eskubiderik gabeko eremu» bilakatua da uhartea; haurrak ontsalaz ezin baitira gehiago atxikirik mantendu, salbu Mayotten, «2027 arte» utzi baitzaie aukera hori.

Legez kanpoko kanporatze franko izan direla aipatu du, bestalde, Afaurek, hala nola Guadalupen. Alabaina, Haitiko jende franko kanporatuak dira Antilletako uhartetik, CIMADEkoak salatu duenez. «Alta, NBEk espresuki galdegin dio Frantziari kanporatze horiek geldi ditzan, egoera bortitzegia delako bertan».

Atxikitze luzeagoak

Batez beste, administrazioak 31 egunez atxiki ditu jendeak atxiloturik Hendaiako zentroan. 2022an baino bi egun gehiagoko batezbestekoa da. Gehiago dena, Frantziako Estatuko beste atxikitze zentroetan baino egun gehiago atxiki dituzte Hendaian: estatuan, batezbestekoa 28,5 egun izan zen iaz.

Egonaldien epe hori luzatuz joan da azken urteetan. Etxeberrik oroitarazi duenez, COVID-19aren pandemia baino lehen, urteko heina hamabost egunekoa zen. «COVID denboran handitzea uler zitekeen, muga guztiak hetsiak zirelako», adierazi du Etxeberrik. Baina, gaur egun, Gerald Darmanin Frantziako Barne ministroaren politikari lotua dela dio. «Ez dituzte pertsonen egoerak ikertzen gehiago; jendeak pentsatu gabe gakotzen dituzte, segidan zenbakiak hazteko». Horregatik dituzte epaileek hainbeste askatze manu egiten, atxikitzea justifikatzeko «txostenak ez baitira batere onak».

Etxeberrirekin gisan, Hendaiako atxikitze zentroko CIMADEko langile Clara-Lou Lagierek azpimarratu du prefeturek ez dituztela funski aztertzen egoerak, eta horrek egoera zentzugabeak sortzen dituela, jendeak zentroetan atxikiak baitira, eta hondarrean konturatu ezin direla kanporatu. «Absolutuki nahi dituzte pertsonak atxikitze zentroetan mantendu, baina debaldetan; kaltegarria da pertsonentzat berentzat, eta kostu handia du diru aldetik, gainera».

Atxikitze zentroan giltzapetu jendeen etorkia aitzineko urteetan bezalatsukoa izan da 2023an. Nagusiki Aljeriatik, Marokotik eta Tunisiatik jin pertsonak izan dira.

Beste arazo bat seinalatu du etorkinen laguntza elkarteak: osasun mentaleko arazoak edo eritasunak dituzten gero eta jende gehiago sartzen dituztela atxikitze zentroetan. Atxikitze zentroetan zerbitzu psikologiko edota psikiatrikorik ez denez, «pertsona horiei kalte egiten zaie», Afaurek erran duenez, eta haien «laguntzeko lana azkarki zailtzen du». Hendaiako zentroan zazpi pertsona izan dira «patologia aski pisuekin» iaz, Lagierek zehaztu duenez. «Hendaiako zentroan ez da psikologo bakar bat ere heldu, nahiz eta 2021etik ministerioko manu batek hala eskatzen duen», gehitu du Lagierek.

Beste «zentzugabekeria» bat ikusi dute CIMADEkoek Lagieren erranetan: «Frantses nazionalitatea duten haurren buraso asko sartu dituzte atxikitze zentroetan, babestuak zirelarik kanporatzetik». Frantziako administrazioa urrunago joan da iaz. Frantses nazionalitatea zuen pertsona bat giltzapetu baitu Hendaiako atxikitze zentroan. «Azkenean, 48 orenen buruko askatu zuten».

Maiatzaren 17ko gaualdia

Urteko txosteneko zenbakiak emateaz gain, besterik egin nahi izan du aurten Ipar Euskal Herriko CIMADE elkarteak. Gaia «gehiago gizarteratu» nahi izan du, eta, horretarako, gaualdi berezia antolatu du, maiatzaren 17rako, Hendaiako Borderline Fabrikan. 

Gaualdia Bordeleko (Okzitania) CIMADEko boluntario eta langileek muntatu antzerki bat erakutsiz abiatuko da, zeinetan atxikitze zentro bateko egoera nolakoa den taularatu baitute. Horrez gain, ironia erabiliko dute atxikitze zentroetako pertsonen nahigabeen salatzeko. Charters Awards sari banaketak antolatu dituzte, «prefeturetarik atera diren egoera absurdo batzuk azpimarratzeko». Urtean gertatu egoera zentzugabeenen arabera sarituko dituzte Frantziako prefeturak. 

Gaualdia DJ batek hedatu musikarekin bukatuko dute, «informazioa hedatzeaz gain, jendeen artean loturak egiteko ere bai», Etxeberrik argitu duenez.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.