Hendaia eta Irun arteko autobus linearen bidaiariak %77 ugaritu dira

Aurtengo urtarrilaren 6az geroztik dago martxan 15 linea, Hendaia eta Irun artean. Txik Txak autobus sarearen enpresa kudeatzailea iaz aldatu zen, eta aurtengo urtarriletik bikoiztu dute eskaintza.

Irigoien, Laborda eta Erremundegi, gaur, Irunen, mugaz gaindiko linea aurkezten. BERRIA
Irigoien, Laborda eta Erremundegi, gaur, Irunen, mugaz gaindiko linea aurkezten. BERRIA
Leire Casamajou Elkegarai.
2025eko apirilaren 22a
16:30
Entzun 00:00:0000:00:00

Hendaia (Lapurdi) eta Irun (Gipuzkoa) arteko autobus linea berriak berekin ekarri du 2025a arte biltzen zituen bidaiarien kopurua «%77 handitzea». Gaur goizean prentsaurrekoa egin dute ordezkari politikoek: Irungo auzapez Cristina Labordak, Euskal Hirigune Elkargoko mugikortasun sindikatuko lehendakari Jean-François Irigoienek, Europa eta mugaz gaindiko lankidetza kontseilari ordezkari Joseba Erremundegik eta Hendaiako auzapez Kotte Ezenarrok. 

Aurtengo urtarrilaren 6az geroztik dago martxan 15 linea, ordu arte 31 linea zena. Erraterako, urte hatsarrean aldatu zen Txik Txak Ipar Euskal Herriko garraio publikoen sarearen kostaldeko eremuaren kudeatzailea; urtarrilean, hain zuzen, ardura hori RATPdevek hartu zuen bere gain, RATP Parisko garraioen konpainia autonomoaren adarrak. Kudeaketa aldaketa horrek «zerbitzuaren bikoiztea ekarri» du.

Orain, beraz, 15 lineak Hendaiako Adinekoentzako Aterpetze Egoitzaren eta Irungo San Joan plazaren arteko bidaia egiten du, noranzko batean eta bestean. Irungo auzapezak kontsideratu du «aurrerapauso handia» ekartzen duela «arrakasta» horrek: «Garraio zerbitzu eraginkorragoa eta hobeki konektatua eskaintzen du Bidasoaren bi aldeetan. Gure politiketan beti izango da lekua gure Iparraldeko auzoekin harremanak azkartzeko».

Udan berantago

Linea aldaketa horrekin espero zuten jende gehiagori harrera egin ahal izatea, autobus gehiago ezarriz, maizago. Irigoienek uste du emaitza hori Euskal Hirigune Elkargotik «mugaz gaindiko garraio sare baten plantan emateko» egin duten lanaren «erakusle» dela. Eta Erremundegik azpimarratu du «Irungo Herriko Etxearekin izan [duten] elkarlan estua».

Konkretuki, 15 linea astelehenetik larunbatera arte ibiliko da, 07:00etatik 20:30era: ordu horien artean, 30 minutuan behin iraganen da autobus bat; igandez, aldiz, orenero, 08:00etatik 20:00etara. Udarako zerbitzuaren pixka bat luzatzea aurreikusi dute, usu egiten den gisara: ekainetik irailera, gaueko azken abiatzea 22:30ean eginen dute.

Bestalde, 31 linea zenari begira, ibilbidea sinplifikatua izan da honako honetan, iraupena hobetzeko.

Hendaiako geltokia

Halere, bi linea dira Ipar eta Hego Euskal Herria lotzen dituzten lineak: 15a eta 14a, ohiko 31 eta 33a. Prentsaurrekoan azaldu dutenaz, bi lineen eskaintzaren bikoizteak «aukerak ugarituko ditu Hendaiako bi tren geltokietako loturen kasuan», etxetik lanerako edo eskolarako bidaiei dagokienez, batez ere; pentsatzen dute jende gehiago erraztasun handiagoz hurbilduko dela autobusen bidez.

«Autobus loturak hobetuz, Txik Txak sarea mugaz gaindiko garraio sare publikoaren garapenaren eragile da», erran dute. Eta oroitarazi dituzte mugaz gaindiko garraiorako plantan ezarri dituzten zenbait baliabide, hala nola bizikleta bidea edo beste zenbait autobus linea ere.

Kontratua 2032ra arte

Iazko otsailaren 29an, SMTC Garraio publikoen sindikatu mistoak aho batez erabaki zuen Txik Txak sarearen kostaldeko eremuaren kontratua RATPdev-rena izatea 2032ra bitarte. Kudeaketa irailaren lehenean abiatu zuten, eta sistema berria aurtengo urtarrilaren 6an jarri zen martxan.

Abiatze horretarako, orotara, 50 bat pertsona gehiago kontratatu behar zituen RATPdev enpresak: 30 bat autobus gidari, bost bat pertsona mantentze lanetan aritzeko, beste hainbeste segurtasunean... Helburua Lapurdiko kostaldeko garraio publikoen eskaintza %20 emendatzea zuten.

Ipar Euskal Herria ez baita kostaldean gelditzen, eremu zabalago batean hedatzen da Txik Txak sarea: orotara, 161 herri biltzen ditu —Landetako hiru herri barne—, 300 kilometro koadroko periferia du, eta, 335.000 jende hunkitzen ditu. 2020an Txik Txak proiektua abiatu zenean, 26 zonatan antolatu zuten sarea, baina, oraingoan, hiru baino ez dituzte bereizten: Ipar Euskal Herriko kostaldea —RATPdevek kudeatzen duena—, Lapurdi barnealdea eta Ipar Euskal Herriko barnealdea; Lapurdi barnealdea Transdev SA eta Hiruak Bat enpresek kudeatzen dute orain, eta Ipar Euskal Herriko barnealdea, berriz, Hiruak Batek baizik ez.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.