Nafarroako Justizia Auzitegiak hemezortzi urteko espetxe zigorra ezarri dio gizon bati, iazko uztailean Zhen Yiang bikotekidea hiltzeagatik. Biktimaren lau seme-alabei 552.383 euroko kalte ordaina ordaindu beharko die, eta datozen hamar urteetan ezingo da haiengana hurbildu. Hala ere, zigorraren bi herenak betetzen dituenean —hots, hamabi urte barru— edo hirugarren gradua eskuratzen badu, Espainiako Estatutik kaleratua izango da hamar urtez.
2023ko uztailaren 1ean hil zuen bikotekidea, labana sartuta, Iruñeko Ermitagaña auzoko Anayak tabernan. Ordubete geroago, bere burua entregatu zuen Iruñeko Udaltzaingoaren komisarian, eta zer egin zuen aitortu. Behin-behineko espetxe zigorra ezarri zion Iruñeko 3. Instrukzio Epaitegiak orduan, eta bi delitu egotzi: hilketa matxista eta tratu txar jarraituak. Aurrerantzean, Emakumeen Gaineko Indarkeriaren Epaitegiaren esku gelditu zen.
Fiskaltzak 23 urte eta 11 hilabeteko zigorra eskatzen zuen harentzat, hilketa matxista eta tratu txar jarraituak leporatuta. Biktimaren senideek, ordea, 25 urteko kartzela zigorra eskatu zuten hilketagatik, beste urtebete eta bederatzi hilabete tratu txarrengatik, eta 100.000 euroko kalte ordaina Zhen Yiangen seme-alaba bakoitzarentzat. Azkenean, bi aldeek akordioa egin dute.
Maria Cruz Garcia fiskalak azaldu duenez, zigorra defentsaren abokatuari proposatu ziona baino urtebete txikiagoa izan arren, akusazio partikularrarekin akordioa lortu zuen azkenean, eta horixe ebatzi du auzitegiak epaian. Hasieran eskatutako zigorra ezartzea lortu ez badute ere, Garciak hedabideen aurrean adierazi du «pozik» dagoela: «Materialki justizia egiten duen emaitza bat dela iruditzen zait, nahiz eta moralki agerikoa den seme-alabei ez diela modurik emango amaren hutsunea betetzeko». Akusatuak ere esan du «konforme» dagoela zigorrarekin.
Ez zuen agindurik onartzen
Ebazpen judizialean jasotzen denez, iazko apirilean ezagutu zuten elkar biktimak eta hiltzaileak, We Chat aplikazioaren bidez —aplikazio hori Txinan sortua da, eta aukera ematen du jendea ezagutzeko—. Zhen Yiang dibortziatuta zegoen orduan, eta gizonarekin harreman bat hastea erabaki zuen.
Elkar ezagutu eta gutxira, erabaki zuten bien artean taberna bat alokatzea Emitagaña auzoan: Anayak taberna. Negozioa eramateak, baina, tirabirak sortu zituen haien artean, gizonak ez baitzuen onartzen «emakume batek agindurik ematea». Eztabaidak izaten zituzten, eta gizonak behin baino gehiagotan mehatxatu zuen emakumea labana batekin.
2023ko ekainaren 29an, emakumeak etxetik bota zuen gizona, eta hura tabernara joan zen lotara. Uztailaren 1ean, Zhen Yiang lanera joan zen, egunero bezala, 08:00etan. Bikotekideak hil egin zuen orduan, labana handi batekin; handik ordubetera, bere burua entregatu zuen Iruñeko Udaltzaingoaren komisarian, eta aitortu berak hil zuela andrazkoa.
Hurrengo egunetako protestak
Laster hasi ziren gertatutakoa gaitzesteko protestak herri, auzo eta hiriburuetan. Hilketaren biharamunean, esate baterako, elkarretaratze instituzional batean parte hartu zuten Iruñeko Udalak eta Nafarroako Gobernuak, eta iluntzean, berriz, protesta egin zuten ehunka lagunek Iruñeko Udaletxe plazan, Euskal Herriko Emakumeen Mundu Martxak deituta. Bi egun geroago, beste herri eta hiri batzuetara hedatu zen indarkeria matxistaren aurkako aldarria, elkarretaratzeak egin baitzituzten iluntzean.
«Gizartearen antolaketa patriarkalaren ondorioz, indarkeria matxista gure artean da une oro: bai erakundeetan, bai kalean eta baita gure inguru hurbilenetan ere», azaldu zuen Emakumeen Mundu Martxak: «Sotilenetik odoltsuenera, emakumeok ehunka eraso mota jasaten ditugu egunero, eta feministok argi dugu arazoa egiturazkoa dela, sistema heteropatriarkalaren ondorioa, eta ez dela etengo gizartea egituratzen duen matxismoa erauzi arte».
Nafarroako Gobernuko lehendakari Maria Txibite ere mintzatu zen Zhen Jiangen hilketaz, Nafarroa festa da, erasotzaileei stop sanferminetako kanpainaren aurkezpenean. Txibitek «sexu erasorik gabeko festak» defendatu zituen, eta ohartarazi «une kritikoa» zela bortxa matxistari zegokionez. Haren irudiko, baliteke urteetan berdintasunaren alde eginiko politikak «kolokan» egotea, eskuin muturraren eraginez: «Emakumeen aurkako indarkeria bukatzeko, ezinbestekoa da hura aitortzea. Horregatik, instituzioetan sartzen hasia den negazionismoa da gure etsairik okerrena».