Hemeretzi urteko kartzela zigorra Arantza Zuluetarentzat, hamabikoa Jon Enparantzarentzat, 11na urtekoa Naia Zuriarrainentzat eta Julen Zelarainentzat, hamarrekoa Iker Sarriegirentzat, bederatzikoa Joxe Domingo Aizpuruarentzat, eta zazpina urtekoa Saioa Agirre, Juan Mari Jauregi eta Nerea Redondorentzat. Horiek dira Espainiako Auzitegi Nazionaleko Jose Perals fiskalak bederatzi auzipetuentzat atzo egindako zigor eskaerak, Bilbon preso eta iheslarien aldeko manifestazio jendetsua izan eta bi egunera. Abokatuak dira Zulueta, Enparantza eta Sarriegi, eta euskal presoen aldeko lanean jardundakoak gainerakoak. 2010ean atxilotu zituzten gehienak, eta duela ia bi urte auzipetu. Beste pauso bat eman du orain fiskaltzak, epaiketara bidean.
Zigor eskaerak ez dira nolanahikoak, ezta akusazioak ere. Fiskaltzak Halboka taldekoak izatea egotzi die auzipetuei; hau da, ETAren eta Euskal Preso Politikoen Kolektiboaren arteko «lotura» egitea, eta presoen kolektiboa «kontrolatzea». «Erakunde terroristako kide» izatea leporatu diete Zulueta, Enparantza, Sarriegi, Zuriarrain eta Zelaraini, eta hari «laguntzea» Aizpurua, Agirre, Jauregi eta Redondori. Zuluetak arma eta lehergaiak eduki zituela ere badio fiskalak.
2010eko apirilaren 14an Fernando Grande-Marlaska epaileak agindutako polizia operazioan du jatorria auziak. Hamar pertsona atxilotu zituzten orduan: Zulueta, Sarriegi, Enparantza, Zuriarrain, Agirre, Jauregi eta Aizpurua auzipetuak, eta beste hiru lagun —Jose Luis Gallastegi LABeko kidea, Erramun Landa margolaria, eta Asier Etxabe—. Bi egunera, David Pla ere atxilotu zuten Hendaian (Lapurdi) operazioarekin lotuta, baina aske utzi zuten epailearen aurretik pasatu ere egin gabe.
ETAren mezulari izatea, erakunde armatuko kideen zein laguntzaileen ihesak kudeatzea eta ETAren iraultza zergaren ordainketetan parte hartzea leporatu zien 2010ean Grande-Marlaska epaileak. Torturatu egin zituztela salatu zuten atxilotutako batzuek, eta sexu erasoak egin zizkietela ere kontatu zuten Zuriarrainek eta Agirrek.
Hainbat esparru jo zituzten operazioarekin, abokatuenaz gain. Zuriarrain abokatuen Bilboko bulegoko langilea zen garai hartan; Jauregi, LABeko kidea; Agirre, Etxerat elkarteko bozeramaile izana; eta Aizpurua, hainbat alditan preso egona.
Kolpe gehiago abokatuei
Inkomunikazio aldiaren ondoren, espetxera bidali zituzten hiru abokatuak, Zuriarrain eta Agirre. 2010eko abenduan eta 2011ko otsailean irten ziren kalera, baina haietako batzuk atxilotu egin dituzte beste hainbatetan ere. Zulueta, esaterako preso egon zen 2011ko uztail eta irail artean ere, eta halaxe dago 2014ko urtarriletik. Haren egoera askotan salatu dute lankide eta lagunek, bakartuta daukatelako kartzelan.
EPPKren bitartekarien aurkako sarekadan atxilotu zuten Enparantza ere, Zuluetaren gisan, 2014an. Martxoan irten ahal izan zen kartzelatik; hura ere bakartua izan dute tarte horretan.
Ez dira horiek izan abokatuen aurkako sarekada bakarrak. Iaz beste hamabi ere atxilotu zituzten, Herrira-ren aurkako operazioan. Libre utzi zituzten haiek, baina hainbat baldintza eta muga jarri zizkieten beren lana egiteko.
Hemeretzi urte arteko eskaerak egin ditu fiskaltzak hiru abokaturen aurka
Zulueta, Enparantza eta Sarriegiren aurka ez ezik, 2010ean atxiloturiko beste seiren aurka ere jo du
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu