Mobilizazioak Katalunian

Hemeretzi pertsona atxilotu dituzte Jonquerako errepide mozketan

Katalunia bitan banatzen duen muga itxita egon da 31 orduz. Guardia Zibila, Frantziako Polizia eta mossoak manifestariei oldartu zaizkie

Frantziako Polizia, mossoak eta Guardia Zibila oldartu egin zaizkie Jonqueran batutako herritarrei. DAVID BORRAT / EFE.
Igor Susaeta - Andoni Imaz
2019ko azaroaren 13a
00:00
Entzun
Tsunami Demokratikoa plataformak deitutako mobilizazioaren ondorioz, Katalunia bitan banatzen duen mugako errepide nagusia, AP-7a, itxita egon da 31 orduz: herenegun goizetik atzo eguerdira arte. Frantziako Polizia, Guardia Zibila, eta Mossos D'Esquadrak manifestariei oldartu zitzaizkien atzo goizean, eta dinamikak mobilizazioa tokiz aldatu zuen. Frantziako agenteek negar egiteko gasa eta borrak erabili zituzten manifestariak sakabanatzeko. Pirinio Atlantikoetako Prefekturaren bozeramaile batek adierazi zuenez, hiru polizia indarren artean koordinatutako operazioa izan zen. Hemeretzi lagun atxilotu zituzten horretan: hemezortzi Frantziako Poliziak, eta bestea mossoek. Iluntzerako, ordea, Frantziako Poliziak atxilotutako hemezortziak aske utzi zituzten.

Sei pertsona zauri arinekin zauritu zituzten, goizean, Jonqueran, Poliziaren oldarraldietan.Zenbaki hori eman zuten larrialdi zerbitzuek. Sanitaris per la Republicak oso bestelako zenbakia eman zuen: 125 lagun artatu behar izan zituztela adierazi zuen.

AP-7a 31 orduz blokeatu ondoren, manifestariek N-II errepidean gauza bera egiteko ahalegina egin zuten. Horretan ari zirenean, kamioi batek aurrean eraman zuen protestari talde bat. Tentsio handiko momentua izan zen, baina kamioiak ez zuen inor zauritu. Mossoek gidaria atxilotu zuten ondoren.

Plataformak aurreko astean iragarri zuenez, «orain arteko anbiziorik handieneko»ekintzak azaroaren 11tik 13ra gauzatzeko asmoa zuen. Beraz, mobilizazioa beste leku batera eraman zuen atzo bertan, hegoaldera, Jonqueratik 60 bat kilometrora, Gironara. 18:30 inguru zirenean AP-7 blokeatzen hasi ziren manifestariak. Bien bitartean, CDR errepublikaren defentsarako batzordeek Bartzelona hiriko errepide nagusiak «blokeatzeko» deia egin zuten.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.