Hemeretzi nekazari zigortu dituzte, martxoan Nafarroako Parlamentuan izandako istiluengatik

Epaia defentsaren eta fiskaltzaren akordioaren emaitza izan da. Zigortutakoek ez dute espetxera joan beharko.

Nafarroako Parlamentuaren atarian izandako istiluak. IÑIGO URIZ / FOKU
Nafarroako Parlamentuaren atarian izandako istiluak. IÑIGO URIZ / FOKU
gotzon hermosilla
2024ko abenduaren 12a
13:45
Entzun

Defentsak eta fiskaltzak akordio bat egin dute, 2024ko martxoaren 7an Nafarroako Parlamentuko atarian izandako istiluei buruzko auzian, eta, horren ondorioz, Iruñeko 5 zenbakidun instrukzio epaitegiak zigorrak ezarri dizkie istiluetan parte hartzeaz akusatutako hemeretzi nekazariri. Hala ere, kasu guztietan zigorrik txikienak ezarri dizkiete, eta haietako inork ez du espetxera joan beharko.

Poliziak jo izana egozten zieten nekazarietako batzuei. Horiei istiluak eragitea, desobedientzia larria, agenteen kontrako atentatua eta lesio arinak eragitea leporatu diete, eta bakoitzari zortzi hilabeteko espetxe zigorra eta bi hilabete eta hogei eguneko isuna ezarri diete. Beste batzuei, berriz, istiluetan parte hartzea leporatzen zieten, baina ez poliziak jo izana; horiei lau hilabeteko espetxe zigorra eta bi hilabeteko isuna ezarri diete.

Akusatuen defentsa pozik agertu da, lortutako akordioa dela eta. Abokatuek azaldu dutenez, Nafarroako Gobernuaren hasierako asmoa izan zen akusatuei estatuaren instituzioen kontrako atentatua egoztea. Asmo horrek aurrera egin izan balu, auzia Espainiako Auzitegi Nazionalaren eskuetara igaroko zatekeen, eta zigor eskaerak askoz handiagoak izango ziratekeen: 5 urte arteko espetxe zigorrak.

Hala ere, abokatuek nabarmendu dute hasiera-hasieratik «desordena publikotzat» hartu zituztela gertaerak, eta inoiz ere ez «Nafarroako Parlamentua indarrez hartzeko» saiakera gisa. «Behin helburu hori lortuta, fiskaltzarekin negoziatzeari ekin genion, eta azaroan akordio bat lortu genuen». Abokatuek eskerrak eman dizkiote fiskaltzari, «alde guztientzat onuragarria den irtenbide bat bilatzen» laguntzeagatik.

Epaiketarik gabe

Akusatuek ez dute epaiketarik pairatu beharrik izan, eta gauza bakarra egin behar izan dute, instrukzio epaitegira joan, akordioarekin ados zeudela adieraztera. Bestalde, abokatuek nabarmendu dute akusatuek jadanik ordainduak dituztela agenteei zein lanean ari zen argazkilari bati eragindako kalte guztien ordainak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.