Erregularizazioa Orain mugimenduko kidea

Fernanda Callejas: «Hemen lan egiten badugu, beste edozein langilek dituen eskubideak izan behar ditugu»

Espainiako Kongresuak tramiterako onartu du 500.000 migratzaileren egoera administratiboa erregularizatzeko herri ekinaldi legegile bat. Callejasen arabera, «bigarren urratsa» da hori; lan asko dute egiteko.

Fernanda Callejas, Erregularizazioa Orain mugimenduko kidea. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
Fernanda Callejas, Erregularizazioa Orain mugimenduko kidea. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
Olatz Silva Rodrigo.
2024ko apirilaren 16a
05:00
Entzun

Joan den astean, Espainiako Kongresuak tramiterako onartu zuen 500.000 migratzaileren egoera administratiboa erregularizatzeko herri ekinaldi legegile bat. Ekinaldiak jasotako sinaduren %10 Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan jaso dituzte; eta Nafarroan manifestazio ugari egin dituzte. Funtsezkoak plataformak sustatu du ekinaldia, eta haren parte da, besteak beste Erregularizazioa Orain mugimendua. Fernanda Callejas (Matagalpa, Nikaragua, 1989) mugimendu horretako kidearen ustez, ezinbestekoa da herritar horien egoera erregularizatzea, gainerakoek dituzten eskubideak izan ditzaten. 

Zein da herri ekinaldi legegilearen muina?

2021eko azaroa baino lehen Espainian bizi ziren herritar guztiak erregularizatzea. Ordu hartan, milioi erdi lagun zeuden egoera horretan. Horietako askok lortu dute jada euren egoera erregularizatzea, baina beste askok hogei urte daramatzate egoera irregularrean.

Migratzaileek berek sustatua da ekinaldia. Zergatik abiarazi zenuten?

Bizitza ez da jasangarria politika publikoetatik kanpo zaudenean. Atzerritarren Legeak dio egoitza baimena eskatu ahal izateko hiru urte eman behar dituzula herrialdean. Are, lana ere izan behar duzu. Hori ez da erraza; oztopo ugari daude. Jende askok ez die lanik eman nahi egoitza baimenik ez dutenei. Egoitza baimena izateko, baina, lana izan behar duzu. Kontrajarria da.

Voxek bakarrik bozkatu du ekinaldiaren aurka. Hala ere, azken egunera arte, alderdi batzuek ez zuten baieztatu alde bozkatuko zutenik. Nola eraman duzue hori?

PSOEk eta PPk ere esana zuten tramitazioaren kontra bozkatuko zutela. Eta EAJk zalantzak zituen. Estres handikoa izan zen aste hori. Astebete lehenago, uste genuen ez zela aurrera aterako. Horregatik, erabaki genuen alderdiei presio soziala egiteko kanpaina bat abiaraztea. Herritarrei eskatu genien sare sozialetan bideoak eta argitalpenak egiteko, eta arrakasta handia izan zuen. Asko zaindu dugu testua; legelariek idatzi dute, eta behar baino sinadura gehiago lortu ditugu. Gutxienez, tramiterako onartu behar zuten.

«Eragin politikoa izatea zaila da GKE batean edo alderdi batean lan egiten ez duzunean; asko zaintzaren arloko langileak gara»

Nolakoa izan da Kongresura iritsi arte egindako ibilbidea?

Migratzaile askok gorputza ere jarri dute sinadurak lortzeko: indarkeria, arrazakeria eta erasoak jasan ditugu. Zaila izan da, baina lortu dugu. 700.000 sinadura lortu genituen; horietatik 611.000 eman dituzte ontzat. Bilera ugari ere egin ditugu alderdiekin. Eragin politikoa izatea zaila da GKE batean edo alderdi batean lan egiten ez duzunean; asko zaintzaren arloko langileak gara. Egindako lan guztia errespetatzeaz gain, sinatzaile guztien eskubidea errespetatu behar zuten joan den astean Kongresuan. Kongresuak erakutsi behar zuen demokraziari dagozkion eskubideak errespetatzen dituela, baita giza eskubideak ere. 

Zer eragiten du administrazio egoera irregularrean egoteak?

Egoera irregularrean dagoen jendeak ez du eskubiderik, eta indarkeria jasaten dute. Esaterako, egoitza baimenik gabe dagoen batek ezin du bere integritate fisikoa bermatu lanean. Migratzaileok ekarpena egiten diogu ekonomiari. Errenta ordaintzen dugu, supermerkatuetan erosten dugu, eta lan egiten dugu. Halere, askok ez dute osasun publikorako sarbiderik ere. Hemen lan egiten badugu, beste edozein langilek dituen eskubideak izan behar ditugu.

Ekinaldiak bederatziehun eragile baino gehiago ere bildu ditu.

14.000 pertsona boluntario izan dira. Jende askoren lana dago honen atzean, ez bakarrik migratzaileena. Ekinaldiak askotariko jendearen arteko loturak sustatu ditu. Eta herritar autoktonoei ere mesede egin die. Badakigu migratzaileak beharrezkoak direla demografia zaharkituari aurre egiteko. Arazoa da migratzaileak esplotatu nahi dituztela. Eragile antirrazistok askotan esaten dugu: lehen esklabotza existitzen zen; gaur egun, pertsona bat esplotatu ahal izatea eta langileak eskubiderik gabe eduki ahal izatea esklabotza modernoa da. 

«Euskal Herrian giza eskubideen alde borrokatzen direnei esan nahiko nieke adi egoteko. Lanean jarraituko dugu herri ekinaldi legegilea onar dezaten»

Zer harrera izan du herri ekinaldiak Euskal Herrian?

Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan bildu dira sinadura guztien %10; hau da, 70.000. Aipatzekoa da Eusko Legebiltzarrean herri ekinaldi legegile bat aurkezteko 10.000 sinadura besterik ez dela behar. Nafarroan ere manifestazio ugari egon dira. Etxeko eta zaintzako langileen lana izugarria izan da. Langile egoiliarrak, libre zituzten ordu gutxi horietan, plazara atera dira sinadurak jasotzera. Marijaiarekin ere ibili ginen Bilbon sinadurak jasotzen. 

Hemendik aurrera, zer?

Lehenengo urratsa 500.000 sinadura lortzea zen, eta bigarrena, berriz, tramitazioa onartzea. Lan gogorra dugu egiteko. Alegazioak egiteko ordua da; horietan migratzaileen eskubideak errespetatzen dituztela bermatu behar dugu. Are, badago beste arrisku bat: bazter batean uztea. Hori ezin da gertatu. Beharrezkoak diren lan batzordeak sor daitezela exijituko dugu, alegazioak egin daitezela, eta berriro bilkurara bueltatu dadila. Euskal Herrian giza eskubideen alde borrokatzen direnei esan nahiko nieke adi egoteko. Lanean jarraituko dugu herri ekinaldi legegilea onar dezaten.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.