«Minez eta tristura handiz» hartu du Estefania Beltran de Heredia Eusko Jaurlaritzako Segurtasun sailburuak herenegun San Mamesen inguruetan hil zen ertzainaren albistea. Hausnarketa eskatu du gertatutakoaz.
Erne sindikatuak esan du gertatutakoa «indarkeriazko heriotza» bat izan dela. Ados zaude?
Furgonetatik jaistean sentitu zen gaizki ertzaina; ez zegoen lehen lerroan, ez zen horra iritsi. Ondoezik zela eta, zorabio bat izan zuela pentsatu zuten hasieran, eta anbulantzia bat eskatu zuten. Bihotzekoak eman zion, baina. Basurtuko ospitalera eraman zuten, eta, tarte batez hura suspertzen ahalegindu baziren ere, ez zuten lortu. Lanean zegoen ertzaina, bai, dispositiboaren parte zen, baina ez zuen inolako erasorik edo kolperik jaso; operatiboa ez zen heriotzaren arrazoia izan.
Ernek aipatu du hamalau ordu zeramatzala lanean, 07:00etatik, alegia.
Sindikatuekin adostuta dagoen ordutegiaren barruan zebilen lanean agentea. Hori da brigada ibiltarikoek duten ordutegia. Urte asko dira sindikatuekin ordutegia adostuta dagoela. Ez zen inolako aldaketarik izan dispositibo honi dagokionez.
Zure dimisioa eskatu du Esan sindikatuak.
Ez dakit zein den eskari horren arrazoia, baina errespetatzen dut nolanahi ere.
Ondo prestatuta zegoen segurtasun operatiboa?
Dispositiboa ongi antolatua izan zen, eta aurreikusi bezala eraman zen aurrera: Ertzaintzak azkar eta behar den moduan jardun zuen; modu profesional eta eraginkor batean, hain zuzen. Horren adibide da, esaterako, istiluak soilik estadioaren inguruan gertatu zirela, eta ez hiriko beste edozein txokotan. Bilboko eta bilbotarren segurtasuna bermatuta egon zen une oro.
Hausnarketa eskatu duzu futbol munduaren inguruan. Nolako hausnarketa behar da?
Operatiboaz harago, analisi sakonagoa egin behar dela uste dut: zer gertatzen da futbola indarkeriaz jokatzeko aitzakiatzat erabiltzen duten zale talde hauekin? Beren burua futbolzaletzat duten horien inguruan hausnartu behar dugu, edota futbola indarkeria erabiltzeko aitzakiatzat duten horien inguruan. Futbol taldeek ere gogoeta egin behar dute hemen, eta zale horiek baztertu.
Horrelako zaleen mugimenduak mugatzea galdegin dute hainbat eragilek: lurraldean sartzen ez uztea, adibidez. Halakorik egin daiteke?
Halako neurriak hartu nahi baditugu, legeak onartu behar ditugu horretarako. Gaur-gaurkoz, ezin zaio pertsona bati lurraldean sartzea debekatu, horretarako arrazoiren bat ez baldin badu behintzat. Azpimarratu nahi dut, ordea, herenegun jazo ziren istiluak bi taldeen zaleek eragin zituztela; bazen kanpotik etorri zenik, baina baita hemengo bertako jendea ere. Zorionez, talde txiki eta murritz batzuen arteko kontua izan zen. Eta, zorionez diot, bi taldeen zaleen gehiengoak ez zuelako inolako istilurik eragin; futbolaz disfrutatzera joan ziren, ingurukoenganako errespetu guztiarekin.
Hain zuzen ere, tokikoei bertakoei kendu zizkieten ertzainek harriak, labanak, eta antzekoak; ez kanpokoei.
Hala da. Horregatik azpimarratu dut istiluen eragileak bi taldeetako zaleak izan zirela. Hemengoek ere badute gertatu zenaren erantzukizuna. Athleticeko jarraitzaileei kendu zitzaizkien borrak, labanak, harriak, altzairuzko ukabilak, bengalak eta antzeko tramankuluak... Ez ziren futbol partiduetara eraman ohi diren ogitartekoak; asmo jakin bat zuten material horrekin. Hemengo bertako zaleen inguruan ere pentsatu behar dugu: zer egin dezakegu indarkeria erabiltzen duten taldeekin? Hemen daukagunaz hausnartu behar dugu, kanpora begiratu baino: etxean ere baditugu adibideak.
Bi taldeetako zaleak atxilotu zituzten.
Bai. Bederatzi pertsona atxilotu zituzten guztira. Bost tokikoak dira, eta lau atzerritarrak: hiru errusiarrak dira, eta bat poloniarra.
Ikerketarik abiatu al du Ertzaintzak zer gertatu zen aztertzeko?
Ertzaintzak sistematikoki egiten duen lana da. Horrelako operatibo bat amaitutzat eman ondoren, balorazio txosten bat egiten du. Zerk huts egin zuen aztertu eta hobetu daitezkeen puntuak identifikatzen ditugu. Horretan ari gara.
Futbola eta indarkeria. Estefania Beltran de Heredia. Segurtasun sailburua
«Hemen daukagunaz hausnartu behar dugu, kanpokoaz bainoago»
«Gogoeta» galdegin die euskal futbol taldeei: indarkeria darabiltenak «baztertu» ditzatela eskatu die. Berretsi du hildako ertzaina operatiboaren parte zela, baina ez zela hura izan heriotzaren arrazoia.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu