2006ko udazkenean PSE-EEk, Batasunak eta EAJk Azpeitian (Gipuzkoa), Loiola auzoan egindako negoziazio politikoaren kontaketa egin du Imanol Murua Uria kazetariak Loiolako hegiak liburuan, eta BERRIA.INFOk alderdi horiek Loiolako Arrupe Etxean zein gelatan bildu ziren erakusten duen bideo erreportajea egin du, zer beste gela erabiltzen zituzten ikus daiteke, non jaten zuten... Orain arte inon ikusi gabeko irudiak dira. Ia 23 minutuko erreportajea da.
BERRIA.INFOko bideo erreportajean bilera gelak-eta erakutsi ez ezik, elkarrizketa politiko haien mamiaz ere jardun du Murua Uriak.
Honek gaur goizean aurkeztu du Loiolako hegiak liburua, Donostian. Lana Elkar-ek eta BERRIAk argitaratu dute, eta bihartik aurrera egongo da salgai. Liburua osatzeko Jesus Egiguren, Arnaldo Otegi eta Iñigo Urkullurekin egon zen hizketan, batik bat. "Egia esan, alde handiagoa espero nuen batzuen eta besteren arteko kontakizunetan", esan du kazetariak gaurko prentsaurrekoan. "Irakurleak Loiolako mahaian gertatu zenari buruzko ideia bat atera dezake". Agiri nagusiak ere eman ditu liburuan.
Bihar bertan, Martin Ugalde Foroan hitzaldia emango du kazetariak, 19:00etan, Andoainen (Gipuzkoa) -BERRIA.INFOk zuzenean emango du-.
Loiolako bilerak
PSE-EEtik Rodolfo Ares sozialisten orduko antolakuntza idazkaria eta Jesus Egiguren presidentea -behin horren partez Jose Antonio Pastor- izan ziren Loiolako mahaian. Batasunetik: Rufi Etxeberria, Arnaldo Otegi Mahai Nazionaleko bozeramailea eta Olatz Dañobeitia hasieran, eta horren ordez Arantza Santesteban gero. EAJtik: Josu Jon Imaz Euzkadi Buru Batzarreko orduko presidentea eta Iñigo Urkullu garaiko Bizkaiko Buru Batzarreko lehendakaria.
Hamabi bilera sekretu egin zituzten Arrupe Etxean, irailaren 20tik azaroaren 15era. Helburua: euskal gatazka politikoa konponbidean jartzea. Loiolan bost korapilo askatu behar zituzten: nazio izaera, erabakitzeko eskubidea, aitortu beharreko beste eskubideak, lurraldetasuna eta akordioa gauzatzeko prozedura. Akordioa lortzear izan ziren.
Murua Uriaren ibilbidea
Murua Uriak (Zarautz, Gipuzkoa; 1966) Argia eta Jakin aldizkarietan eta Egunkaria, Egunero eta BERRIA egunkarietan egin du lan. Orain lan utzialdian dago BERRIAn.
Aipatutako liburua ez ezik, beste hainbat ere idatzi ditu: Su etena Belfasten (1996, Susa; Humberto Unzuetarekin idatzi zuen), Palestina zauritua (1998, Susa), Geronimo (1999, Elkar), Jesus Atxa Agirre (2008, Bidegileak bilduma, Eusko Jaurlaritza), Euskaltzaindia, Ekin eta Jarrai (2009, Euskaltzaindia; Joan Mari Torrealdairekin) eta Esan eta Egin. Joxe Elorrietari elkarrizketa (2009, Manu Robles-Arangiz Institutua).
Xabier Mendiguren Elizegik liburuaz elkarrizketa egin dio Murua Uriari.
politika
Hemen bildu ziren Loiolan
2006ko udazkenean PSE-EEk, Batasunak eta EAJk Azpeitian, Loiola auzoan egindako =lnegoziazioa kontatu==http://paperekoa.berria.info/harian/2010-03-07/008/005/Loiolako_pasabide_ezkutuak_argitan._2006ko_negoziazio_prozesuaren_kontaketa_biltzen_du_Imanol_Muruak_ÔLoiolako_HegiakÕ_izenburupean_idatzitako_liburuan_Prozesuaz_orain_arte_argitaratu_gabeko_datu_eta_pasadizo_ugari_biltzen_ditu_kazetariak.htm=l du Imanol Murua Uriak 'Loiolako hegiak' liburuan, eta BERRIA.INFOk Loiolako Arrupe Etxean non bildu ziren erakusten du bideo erreportaje honetan. Murua Uria elkarrizketetako mamiaz ere aritu da. Gaur aurkeztu du liburua, Donostian. Bihar Martin Ugalde Foroan hitzaldia emango du, 19:00etatik aurrera Andoainen. / =l'Dena okertzen hasi zenekoa' pasartea==http://paperekoa.berria.info/harian/2010-03-07/008/006/Dena_okertzen_hasi_zenekoa.htm=l
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu