Euskal Elkargoa. iritzi bilketa

Helmuga bainoago, abiapuntu

Instituzio propio baten aldarriak egin duen bidea aintzat hartuta, argi dute kontsultatutako adituek: Euskal Elkargoa ez da eskatzen zena, baina eman ditzake hara hurbiltzeko tresnak.

Ekhi Erremundegi Beloki.
2016ko azaroaren 20a
00:00
Entzun
GALDERAK

1. Nola ikusi duzu azken hamarkadetan Ipar Euskal Herriko instituzio propio baten aldarrikapenak izan duen garapena?

2. Zein dira Euskal Elkargoak eskaintzen dituen aukerak, mugak eta arriskuak?

3. Ipar Euskal Herriaren egituratzearen alde, zer bilakaera izan beharko du Euskal Elkargoak?

«Elkargo hau lorpen gisara aurkezteak kezkatzen nau; ez da»



Eneko Bidegain Huheziko irakaslea

1. Instituzioaren aldarrikapena bilakaera anitzeko fase anitz izan dituen aldarrikapen bat da; departamenduaren aldarrikapenetik hasi, autonomia gero, departamenduarena itzuli zen, lurralde elkargoarekin berriz autonomia gisako zerbait... Guti gorabehera beti hortik ibili da, autonomia eta departamenduaren arteko zerbait. Frantziak, bere aldetik, bada 30 urte herri elkargoaren formula proposatzen duela, eta orain, berriz ere, formula horrekin gaude. Nik ikusten dudana da aldarrikapen horrek ezin zuela segitu lorpenik gabeko aldarrikapen izaten, horrek frustrazioa eraginen zuelako. Momentu batean, mugimendu abertzalearen lidergotik bultzatuta, prefetaren proposamenari baietz erran zaio. Anitz kritikatu izan dut baiezko hori, baina baiezkoa baino gehiago kritikatzen dudana da lorpen modura aurkeztea herri elkargo hori. Berez ez da. Instituzionalki ez da hausten Pirinio Atlantikoetako departamendua, are gutiago Akitania; urrun gelditzen da aldarrikapen instituzional historikotik. Ulertzen dudana da urte batzuen buruan mugimendu abertzaleak nahi izatea saldu lorpen bat, eta ez izanik, prefetaren proposamena saltzea lorpen modura. Ni gehiago kezkatzen nau holako urrats bat hainbeste ederresteak. Herri elkargo bat sortzen bada, sortzen da eta segi aitzina; lehenago Garapen Kontseilua sortu zen, eta anitz kritikatu zen: muga handiak zituen eta ditu. Lortu zen eta segi aitzina. Baina orain, hainbeste azpimarratuz lorpen gisa, proposamena onartuz, gainera eginez manifestazioak herri elkargoaren alde, hain zuzen errekurtsoak bazirelako horren kontra, iduri du abertzaleen betiko aldarrikapena dela. Hego Euskal Herrian ezagutzen dudan jende asko etorri zait erranez «ikusten dut azkenean lortu duzuela». Ez, ez dugu lortu. Ipar Euskal Herrian sortuko da zerbait, baina hori ez da berez inondik ere EAEren parekide, Nafarroaren parekide edota diputazio baten parekide.

2. Arriskua da, batetik, ez izatea anitz garatuko den egitura bat. Espektatiba handiak jartzea honen garapen posibilitateetan eta ez bilakatzea zerbait nahi duguna eta halako egonkortze bat gelditzea; arrisku hori egon daiteke, eta horren aurrean erne egon behar da. Uste dut Frantziak muga handiak ezarriko dizkigula ez garatzeko, eskumenen aldetik bereziki, baina baita aurrekontuen aldetik ere, orain arteko herri elkargoen aurrekontuak batuko baitira Euskal Elkargoan.

3. Uste dut behin betiko bukatu dela aldarrikapen instituzionala Ipar Euskal Herrian, orain arte ezagutu dugun formarekin. Abertzaleek onartu dute hau egitura gisa. Orain ez du zentzurik berriz manifestazioak eta kanpainak egiteak, autonomia bat edo departamendu bat eskatzeko, beste hamar edo hogei urtean bederen, ez baita izanen. Hobe dugu eraikuntzaren fasean sartu. Berriz trinkotu eta erran, hemen Euskal Herria ez dela soilik EAE.

«Elkargoak aukera ugari eskaintzen ditu, baina mugak ditu eskumenetan»



Eguzki Urteaga Soziologia irakaslea EHUn

1. Nahiz eta Frantziako Iraultzan Garat anaiek Euskal Departamentu baten sorrera eskatu eta, XIX. mendean, Baionako Industria eta Merkataritza Ganberari loturiko sektore ekonomikoek instituzio propio baten premia azpimarratu, Iparraldeko erakundetzearen aldeko aldarrikapena batez ere 60ko hamarkadan indartzen hasi zen, Enbata erakundeak egitasmo politiko zehatz bat plazaratu baitzuen. Geroztik, gorabeherak egon arren, sendotzen joan den aldarrikapena izan da. Hasieran, batez ere mugimendu abertzaleak defendatzen zuen; denbora joan ahala, eragile berriak gehitu zaizkio, hala nola, Euskal Herriko Departamentu baten aldeko Hautetsien Elkartea, Euskal Herriko Udalen Biltzarra, CFDT sindikatua ala, tarteka, Alderdi Sozialista.

2. Elkargoak aukera ugari eskaintzen ditu, besteak beste, Ipar Euskal Herriari izaera politiko-administratiboa ematea; lurralde horretako erreferentziazko erakunde eta ordezkaria bilakatzea; herritarrei eta beraien ordezkariei eskumen, gobernantza eta finantzaketa bereziak esku artean uztea; hiru probintzietan politika publiko propioak gauzatzea... Hala ere, muga nagusienak eskumenetan kokatzen dira, legeak derrigorrezko sei eskumen onartzen baitizkio —garapen ekonomiko, etxebizitza, lurralde antolaketa ala hondakinen eremuetan— baita hautazko beste eskumen batzuk ere. Nahiz eta eskumen berriak eskuratu, Mankomunitate batenak edukitzen jarraituko du. Horrez gain, kudeatuko dituen zergak diru sarreren zati bat besterik ez dira izango, estatutik datozen diru ekarpenen menpekotasuna sortuz.

3. Funtsean, Euskal Elkargoak sei erronka nagusiri aurre egin beharko die, kontuan izanik egitura ebolutiboa izango dela: 1) dauzkan eskumenak bere osotasunean betetzea baita ere berriak eskuratzea, transferentzia bidez edo Estatu, Eskualde eta Departamentuaren eskumen batzuen delegazioa lortuz; 2) erakundearen benetako ordezkaritza eta gobernanza eraginkorra lortzea; 3) bere diru iturriak handitzea eta ugaritzea, Estatutik datozen diru laguntzek nabarmen behera egin baitute azken urteetan; 4) lurraldea ordezkatzea, sustatzea eta koordinatzea; 5) hizkuntza, kultura eta mugaz gaindiko lankidetzan erreferentziazko erakundea bilakatzea; eta 6) estatus bereziko Lurralde Kolektibitaterako trantsizioa prestatzea.

«Lurraldea kohesionatzeko urratsa da. Subjektu kulturala izan ostean, politikoa izatea»



Eneritz Zabaleta Zuzenbide irakaslea eta ikerlaria

1. Instituzio aldarrikapenak hainbat eboluzio ezagutu ditu. Ukazio/kontra proposamen dikotomia baten gainean eraiki da, azken urteetan. Historian zehar, instituzio aldarrikapenak bi ildo jarraitu ditu : ezagupenaren ildoa, ala ildo identitarioa —lurralde baten, kultura baten eta identitate baten ezagupena galdetzen zuena— eta ildo sozio-ekonomikoa ala lurralde ildoa —lurralde baten kohesio ekonomikoa bultzatzeko asmoz, instituzio bat galdetzen zuena—. 1980ko hamarkadaz geroztik, dinamika instituzionala ukazio/ kontra proposamen ildo baten gainean eraiki da. Mugimendu abertzaleen aldarrikapenei (autonomia, independentzia, departamentua) ukoa eta departamentuaren proposamena etorri zen lehenik. Promesaren ukoa eta gero, Miterrand presidentearen eskutik, Estatuak kontra-proposamena egin zuen 1990 hamarkadan «Pays Basque 2010» prospektiba eta kontraktualizazio politikarekin.

Mugimendu horren kontra-proposamen gisara, instituzio aldarrikapena errotu zen Batera mugimenduan. Kontraktualizazio logikaren agortzeak, 2012az geroztik, berriz ere uko/kontra proposamen dinamika bat agerrarazi du. Garapen eta Hautetsien Kontseiluetatik osatu Lurralde Elkargoaren proposamenari , ukoarekin erantzun zion Estatuak. Gero, kontra-proposamena etorri zen, Hirigune Elkargoarena, eta orain egitura horren sortze fasean gaude.

2. Euskal elkargoak bi aukera nagusi ditu: lurraldearen ezagupen instituzionala eskaintzen du, lehenik. Lurralde horren baitan, politika publiko koherente bat, hots, lurralde politika bat eraikitzeko tresnak eskaintzen ditu, bestetik. Nolabait, instituzio aldarrikapenaren bi ildoak (ezagupena/lurralde kohesioa) asebetetzen hasteko tresnak eskaintzen ditu. Hala ere, egiturak berak hainbat muga ditu. Eskumenen aldetik, behetik gora elikatzen da. Hau da, herri mailako eta herrien kooperazio mailako eskumenak jasotzen ditu. Bigarren muga nagusia, egituraren izaera demokratikoa eta horri datxikion gobernantza arazoa da. Euskal elkargoko ordezkariak bi printzipioren gainean izendatuak dira : herrien ordezkariak dira, beraz, herri bakoitzak ordezkari bat izan behar du ; eta populakuntzaren ordezkariak dira, hots, banaketa demografikoa segurtatu behar da. Bi inperatibo horiek bateratzeko, ordezkariak Herriko Etxeetako sufragio unibertsaldun bozen bidez hautatzen dira.

3. Egituratze horren bidean, Euskal elkargoak eskaintzen dituen potentzialitateak interesgarriak dira. Lehenik eta behin, egiturak dituen eskumenekin, lehen aldiz, gure hiru lurraldeen eskalako politika publikoak definitzen ahalko dira. Lurraldea kohesionatzeko urrats handia da. Lurraldea subjektu kulturaletik subjektu politikora pasatzeko ere lehen urratsa da. Instituzionalizazio horren baitan, ezinbestekoa izanen da egituraren lotura demokratikoa azkartzea, herritarren eta egituraren artean loturako politiko eta demokratiko zuzena sartuz. Horrek, herri artekotasuna gibelean uztea dakar, eta hauteskunde zuzenak antolatzea. Azken erronka, gure hiru lurraldeen berezitasuna onartzea eta kontuan hartzea da. Berezitasun hori instituzionalki kontuan hartzea zen parioa, Lurralde Elkargoarekin. Hori ez da posible izan. Bilakaera pista bat da, Euskal Elkargoaren politika publikoetan, berezitasun hori kontuan hartze aldera, urratsak ematea.

«Argi da gure anbizioa indartsuagoa zela, baina proposamen errealista da»



Martine Bisauta Baionako axuanta eta Baterako kidea

1. Gobernuen ezezko andanaren ondotik —departamendua, estatus bereziko lurralde elkargoa—, Ipar Euskal Herri mailako herriarteko erakunde baten ideia proposatu eta babestu zuen gobernuak. Lurralde gobernantzan aitzinamendu nabarmenak ahalbidetu dituen Hautetsien eta Garapen Kontseiluaren antolaketaren segida bezala aurkeztu dute. Argi da gure anbizioa indartsuagoa zela, baina errealista iruditu zitzaigun proposamen horri heltzea, Ipar Euskal Herriaren perimetroko instituzio bat lortzeko lehen aldiz.

2. Lehen aukera da Ipar Euskal Herria ezagutua izatea eta bere etorkizuna eskutan hartzea. Frantzian eskualde erraldoiak sortzen ari diren momentuan, hirigune berriaren gutiestekoa ez den pisua proiektuak garatu eta gauzatzeko abantaila bat izanen da. Lurralde honen dinamismoa, batera egiteko borondatea eta elkarlanean aritzeko ohitura, kapitalizatu beharreko egitateak dira. Niretzat arriskua litzateke instantzia gehiegi politizatu nahi izatea, modu alderdikoiago batean, eta orain arteko gure berezitasuna izan denarekin haustea: alderdien mugak haustea, tresnak plantan ematea lortu eta denen onerako lan egiteko. Proiektu gehiengoen aldekoagoa naiz.

3. Gauza bakoitzak, bere denbora... oraingoz, etxe amankomunaren eraikuntzan engaiatua naiz osoki, eta ez naiz beste etorkizun instituzional batean proiektatzen. Lehenik, ikustekoa da herriarteko erakundeen garapenak zer emanen duen, ea gaur egungo erronka handiei erantzuteko gai izanen diren. Lehen harri bat pausatzen dugu, ondoren ikusiko dugu beste anbiziorik izatea komeni den, estatus bereziko lurralde elkargoarena bezala, goizegi da errateko. Eskuen artean dugun lana alimalekoa da. Ahalik eta ongien erantzun behar diogu Ipar Euskal Herriko herriko kontseiluen bi herenek eman mandatuari.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.