Arriskuan egon liteke Hizkuntzen Ondarea Babesteari eta Sustatzeari Buruzko Legea. Frantziako Asanblean onartua izan eta bi astera, gaur bukatzen zen legea promulgatzeko epea. Baina azken momentuan haren kontrako helegitea ezarri dute 60 diputatuk baino gehiagok. Bi hilabeteko epea izanen du orain Konstituzio Kontseiluak erabakia hartzeko. Bederatzi kide ditu, eta Laurent Fabius Frantziako lehen ministro ohia da lehendakaria.
«Harrituta» agertu da legearen sustatzaile nagusia, Paul Molac diputatu bretoia. Haren informazioaren arabera, Martxan eta Modem alderdietako diputatuak izan dira legearen kontra jazarri direnak. «Betiko jakobinismoa» salatu du: «Helegitea ezarri duten diputatuen lurraldeetan ez da hizkuntza gutxiturik, baina ez diete besteei eskubiderik eman nahi». Hizkuntza gutxituak «mespretxatu eta desagerrarazteko borondatea» gaitzetsi du.
Hala ere, konfiantzaz mintzatu da. «Ez dut bereziki arriskurik ikusten. Beharbada, artikulu batzuk moldatuko dituzte; ikusiko». Berak argi du: legea konstituzionala da. «Konstituzio kontseiluak bi gauza erraten ditu: ezin da ikaslerik behartu hizkuntza gutxituan ikastera, eta legeak ez du behartzen; eta ikasleek Hezkuntza Ministerioak finkatutako programa segitu behar dute, eta legeak ez dio kontrakorik».
Peio Jorajuria Seaskako lehendakariak ere ez zuen espero helegiterik, diputatuen erabakiak «argiak» izan zirelako. «Dena posible» dela uste du: «Erraten badute ez dela arazorik murgiltzea Frantziako Hezkuntza Kodean sartzeko, sekulako indarra emanen digu; erraten badute ez dela zilegi, borroka segitu beharko dugu». Azken hilabeteetan osatu den «gehiengoa» azpimarratu du: «Senatuan irabazi genuen, eta Asanblean ere bai; hamabost eskualdetako presidenteak alde agertu ziren, eta elkarteak ere inoiz baino indartsuago gara. Borrokatu behar bada, prest izanen gara».
Konstituzioaren 2. artikulua
Aukera ezberdinak daude, Eneritz Zabaleta juristaren hitzetan: legea bere horretan uztea, legea osoki bertan behera uztea, edo legearen artikulu bat edo esaldi bat ezabatzea. «Murgiltze eredua Frantziako Hezkuntza Kodean sartzeak eragin dezake arazo gehien. Frantziako Konstituzioaren 2. artikuluarekin bateragarria den ala ez erabaki beharko du auzitegiak», esplikatu du. Hain zuzen ere, Frantziako Errepublikako hizkuntza frantsesa dela zehazten du artikulu horrek.
Zabaletak ohartarazi du Konstituzio Kontseiluak ez duela sekula argiki erran murgiltzea konstituzioaren kontrako denik, «baina epai gehienak hizkuntza gutxituen kontrakoak izan dira azken urteetan». Era berean, 2001ean hartu zuten erabaki bat oroitarazi du: murgiltze ereduan funtzionatzen duten elkarte kontratupeko ikastetxeak laguntzea haizu zela. «Ikusteko dago orain zer erabakitzen duten».
Lege «historikoa»
Frantziako Gobernuaren borondatearen kontra, aldeko 247 botorekin onetsi zuten hizkuntza gutxituen aldeko legea, apirilaren 8an. Seinale publiko elebidunak eta estatu zibileko dokumentuetan ñ-a bezalako marka diakritikoak idaztea baimentzeaz gain, hizkuntza gutxituen irakaskuntzari koadro sendoago bat ematen dio: hizkuntza gutxituak murgiltze ereduan ikasteko aukera ofizialki agertzea Frantziako Hezkuntza Kodean, ikastetxe guziek proposatu behar izatea lurraldeko hizkuntza gutxituen irakaskuntza eskaintza, eta elkarte kontratupeko ikastetxe pribatuen diruztatzean eskola elebakarrak dituzten herriko etxeak behartuak izatea haien herriko haurrak doazen ikastetxeak laguntzera.
Hizkuntza gutxituen alde lanean ari diren eragileek «historikotzat» jo zuten Frantziako Asanbleak legea onartu izana. 1951n bozkatu zen Deixonne legetik hizkuntza gutxituen aldeko halako legerik ez zela izan azpimarratu zuen Euskal Konfederazioak.
Hamabost eguneko epea zuen Emmanuel Macron Frantziako presidenteak legea promulgatzeko. Anartean, Konstituzio Kontseiluan helegitea ezar zezaketen legearen kontra. Azken momentuan, Frantziako Asanbleako 60 diputatu baino gehiago elkartu dira asmo horrekin.
Helegitea jarri diote hizkuntza gutxituen legeari
Frantziako Konstituzio Kontseilura eraman dute 60 diputatuk baino gehiagok. Paul Molac diputatuak«betiko jakobinismoa» salatu du
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu