Helduen euskalduntzea aintzat hartzeko eskatu die AEK-k erakunde publikoei

Aurreko ikasturtearekin alderatuta, euskaltegi pribatuen finantzaketa %4,9 murriztuko duela iragarri du Jaurlaritzak

Euskara bizia leloa hartu dute AEK-ko euskaltegiek matrikulazio kanpainarako. LUIS JAUREGIALTZO / ARGAZKI PRESS.
Bilbo
2012ko irailaren 5a
00:00
Entzun
AEK-k egindako inkesta baten arabera, Euskal Herri osoko biztanleriaren ia erdia noizbait ibili da euskara ikasten, eta lanik gabe daudenen %35ek euskara ikasi nahi dute luze gabe. Ondorioz, euskal herritarrek «euskaraz bizitzeko nahia» dutela uste du AEK-ko koordinatzaile nagusiak, Mertxe Mugikak. Hark azaldu duenez, gizartearen euskalduntze gurari horren alde lan egiten jarraitzeko prest daude euskaltegietan, baina, aldi berean, erakunde eta administrazioei «beraiena egiteko» eskatu die. Herritarren «nahiak eta beharrak» entzuteko, eta euskara zein helduen euskalduntzea aintzat hartzea galdegin die Mugikak.

Bada, atzo goizean, AEK-k hastear den ikasturtearen matrikulazio kanpainia aurkezten zuen bitartean, Jaurlaritzak euskaltegi pribatuei emandako dirulaguntzak %4,9 murriztea adostu zuen: joan den urtean 20,7 milioi euroko laguntza jaso zuten, eta 2012-13ko ikasturtean laguntzak 19,7 milioirenak izango dira. Gainera, ikastaro mota gehienei eragingo diete murrizketek. Izan ere,ohiko eskoletarako 600.000 euro gutxiago jasoko dituzte euskaltegi pribatu homologatuek, eta funtzionarioen ikasturte osoko euskalduntze eskolentzako aurrekontua 200.000 euro murriztuko da. Barnetegietan egiten diren egonaldiek, berriz,690.000 diru laguntza lortu zuten 2011-12ko ikasturtean, eta aurten 620.000 euro jasoko dituzte, 70.000 gutxiago.

Nork bere kabuz ikasteko ahaleginak izango dira finantzaketa maila mantenduko duten bakarrak; iaz legez 1,1 milioi euro bideratuko ditu Gasteizko gobernuak jarduera horietarako. Hala ere, Jaurlaritzako Kultura Sailak plazaratutako oharraren arabera, diruz lagundutako ikastaro mota «guztietan», finantzaketa publikoa «jardueraren aurrekontu osoaren»%70 izango da.

«Eskaintza oparoa»

Diru laguntzen inguruko balorazioa egiteaz gain, 2012-13ko ikasturtean AEK-k izango duen ikastaro «eskaintza oparoa» aurkeztu du Mugikak. Hasteko, euskaltegiko ohiko eskolen inguruko xehetasunak eman ditu. Koordinatzaile nagusiaren esanetan, ikasleek «erraz» aurkituko dute euskara ikasteko «behar duten giroa, metodologia eta laguntza» AEK-n. Horrez gain, ikasleek maila guztietan on line ikastaroak egiteko aukera izango dutela jakinarazi du. «Nahi den leku eta orduetan ikasteko aukera ematen dugu». Halaber, Foruko barnetegian (Bizkaia) urritik ekainera ikastaroetan izena emateko parada izango dute ikasleek. Mintzapraktika taldeak ere antolatuko dituztela jakinarazi du Mugikak.

Bestalde, enpresa, administrazio eta erakundeentzako euskara normalizazio planen berri eman du. «Aholkularitzan, metodologia parte hartzailean eta etengabeko hobekuntzan oinarritzen gara hizkuntzaren erabilera areagotzeko». Horrez gain, gaztelaniatik euskarara eta euskaratik gaztelaniara «mota guztietako testuak» itzultzeko zerbitzua abiatu du AEK-k, koordinatzaile nagusiak azaldu duenez.

Hastear den ikasturterako matrikulazio kanpainiaren leloa Euskara bizia da, eta Ana Castro Barakaldoko irakaslea da haren protagonista nagusia. Castrok berak azaldu du leloaren esanahaia: «Euskararen ezagutza eguneroko bizitzarekin lotzea nahi dugu». Azkenik, 2011-12ko ikasturtean AEK-koikasle izandakoek Euskara bizipoz lehiaketan parte hartzeko aukera dutela gogora ekarri dute.Euskara ikastearekin lotutako bizipen bat hautatu beharko dute ikasleek, eta hori irudikatzen duen argazkia eta testuabidali beharko dute AEK-ko webgunera. Sari gisa, hiru irabazleek ez dute aurtengo matrikula ordainduko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.