Koronabirusa. Zahar etxeak

«Heldu lanera, eta bakarrik nengoen: bakarrik»

I.A. Epidemiak latz jotako zahar etxe batean erizaina da I.A. Lehenengo asteetan gabezia asko izan zituztela azaldu du, «abandonatuta» sentitu zirela. «Ezin dut hori ahantzi».

Protestak. Gipuzkoako zahar etxeetan greban izan ziren martxora arte, eta mobilizazioetara itzuli dira asteon. J. C. RUIZ / FOKU.
arantxa iraola
2020ko maiatzaren 24a
00:00
Entzun
Ez du benetako izena I.A., baina izen bat aingura on bat izaten da istorio bat kontatzeko. Martxoaren hasieratik apirilaren erdialdera bitarteko bizipenen berri eman du, lantoki duen zahar etxean ikusi eta sentitutakoaren berri. Gipuzkoako egoitzarik handienetariko bat da, eta erizaina da han. Urteak daramatza lanean, eta, etxe gehienetan gertatu ohi den gisan, han ere aldaketak, ofizialki heldu aurretik ere, igarri egiten dituztela esan du: ez zuen oraindik ia izenik gaitz berri hark, baina sumatua zuten airean. «Izan ere, testak-eta egiten hasi aurretik, hil ziren hainbat egoiliar era ezohikoan». Gero sartu zen izen eta guzti izurria etxean, eta heldu ziren egun oso beltzak. «Esaterako, ni lanera heldu, eta bi hildako nituen; nire txandan, akaso hiltzen zen gero beste bat. Egun batzuetan hori horrela izan zen». Zenbaketa ofizialaren arabera, zentroko 26 egoiliar hil dira; kutsatu, erdiak. Dozenaka langile gaixotu dira.

Aitortu du egoerak hobera egin duela. «Duela gutxi lankide bati erakutsi nizkion orain ditugun babes taldeak, eta adierazi zidan: 'Hara, gu ospitalean baino hobeto zaude eta'. Egia da, orain ondo gaude, baina oso gaizki egon gara, eta niri ez zait ahazten gertatu den guztia». Oro har, «aurreikuspen falta» egon zela esan du. Esaterako, materialetan. «Erizain laguntzaileak zabor poltsekin jantzita ikusi ditut. Badakit, esango dute materialik ez zegoela inon, baina hori horrela izan da». Langileak eritu ahala, halaber, lan karga zamatuz joan zen. «Aste Santuan nire lankidea eta biok hamalau orduko lan txandak egiten aritu ginen». Egun haiek, izurriaren gorenean, eta lantaldea indartzeko neurriak oso urriak zirela iritzita, mugarri izan ziren I.A.-rentzat. Laguntza eskatu zuen Gipuzkoako Erizainen Kolegioan. «Orduan, han erantzun zidaten, egoeraren larritasuna aintzat hartuta, eginda zutela lanerako prest zeuden erizainen lan poltsa bat...». Ez zuen ulertu zergatik ez zen jo ate hura. «Izan ere, nik zera dakit, heldu lanera, eta bakarrik nengoela: bakarrik».

Lehendik dator

Uste du baliabide gehiago behar direla. «Ez da oraingo kontua, gainera: beti egon da arazo hori. Zergatik geunden, bada, greban krisi hau hasi aurretik?». I.A.-k oroitu du, hain justu, Gipuzkoako egoitzetako langileek ia bi urte zeramatzatela mobilizazioetan pandemia hasi aurretik. «Egongo zen arrazoiren bat, ezta?». Izurrian jazotakoen harira, salaketak jarri ditu asteotan ELAk hainbat enpresaren eta erakunderen kontra. Auzibide horietako batean deklaratu zuen langileetako bat da I.A. Iltzatua du aldundiko ordezkariaren itauna. «'Zu ordezkari sindikala al zara?'. Ez zen galdera gehiagorik egon». Mindu egin zuen: «Ni han erizain bat nintzen, profesional bat, ez nintzen beste deusen ordezkaria». Atzera bota ditu justiziak auzibide guztiak. «Izan ere, galdera egin ziguten: ea orain materiala dugun, lanerako talde aski sendoa dugun... Eta, bai, orain baditugu horiek guztiak. Fiskalak galdetu zidan ea orain lanean seguru sentitzen naizen. Eta, bai, orain seguru sentitzen naiz. Orain. Aste Santu osoan eta aurreko asteetan, ordea, abandonatuta sentitu ginen». Etsitzeraino: «Kutsatzea ere desiratu nuen: ez lanera joateko».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.