Seaska: «Heldu den ikasturtean ikastola bat izanen da Beskoitzen»

Seaskak ez du «beroan bero» erantzunen Beskoitzeko Herriko Etxearen aitzinean. Ikastolako partaide guziak bilduko dituztela erran du Jorajuriak, ikasturtea bukatu aitzin «aterabide sendo bat» aurkitzeko.

(ID_13232379) BESKOITZEKO IKASTOLA - MOBILIZAZIOA
Beskoitzeko ikastolaren egoera salatzeko prentsaurrekoa, urri hasieran. NAHIA GARAT
Ekhi Erremundegi Beloki.
2023ko abenduaren 19a
13:57
Entzun

Berehala hartu du telefonoa Peio Jorajuria Seaskako lehendakariak. Goizetik ari da kazetarien deiei erantzuten. Atzo gauean, herriko etxeak baimenik gabe utzi zuen Beskoitzeko ikastola (Lapurdi), orain arte eskura izan dituen lurrak erabili ezinik. Hamalau hautetsik babestu zuten erabakia; lauk kontra bozkatu zuten. Anne Marie Jocou hautetsiak dimisioa aurkeztu zuen arrapaladan. «Etsiturik» mintzatu zen, bere kide ohien «egiteko manerekin» haserre. Zurbil atera ziren gurasoak kontseilu gelatik. «Afrusa da», zioen Cyril Fesquinnek, «haurrak dira ikastolan».

«Ez genuen halakorik espero», aitortu du Jorajuriak. «Eraso zuzen bat da. Shock egoeran gaude». Seaskak ez du agiririk bidali gertatutakoa salatzeko, ez dute prentsaurrekorik antolatuko. Denbora hartu nahi dute, beren artean bildu eta egoerari aterabide bat aurkitzeko. «Bilkura eginen dugu gurasoekin, partaideekin, ikasle ohiekin eta Seaskako kideekin. Ez dugu beroan bero erantzun behar». Uztailaren 6a arteko epea dute herriko etxearekin «aterabide sendo bat» aurkitzeko.

Hirigintza arauak urratu izana leporatzen dio udalak ikastolari. Ikastola berri bat eraikitzeko baimen eskaera oro ukatu diete azken hilabeteetan. Ezezkoa ikusirik, bosgarren prefabrikatu bat gehitu zuen Seaskak ikastolak erabiltzen duen eremuan, haurren duintasuna aldarrikatuta, ikasgeletan nahiko lekua izan dezaten. Hori izan zen herriko kontseiluan hitza hartu zuten hautetsien ahotik atera ziren argudioetako bat. Segurtasun arazoak ere aipatu zituzten, ikastola ondoko errepidean dagoen zirkulazioa, besteak beste. 

«Aitzakiak» dira, Jorajuriaren hitzetan. «Arazoa da ez dituztela 50 ikasle baino gehiago nahi», ebatzi du. Adostutako dokumentuak arraberritu daitezkeela erran du, eguneratu: «Hitzarmen batek akats teknikoak dituelarik, moldatzen da, eta ordezkatzen du lehengoa. Hor hitzarmena haustea erabaki dute, segurtatzeko heldu den urtean lur hori ez dugula baliatzen ahalko; herriko etxeak heriotza erabaki du». 

Azken asteetan, Seaskak esperantza agertua zuen bi aldeak bildu eta gatazkari konponbide bat emateko, Jean Rene Etxegarai Euskal Hirigune Elkargoko lehendakariaren bitartekaritzarekin. Baina ez da bilkurarik antolatu. Atzoko ebazpenarekin, Fabienne Aiensa auzapezak aukera horri «bidea itxi» diola iritzi dio Jorajuriak. Ez du elkarrizketa berriz abiatzeko modurik ikusten. «Baldintzak ez dira beteak Etxegaraik bitartekaritza egiteko. Nola hitz egingo dugu bere herritik ikastola kanporatu nahi duen herriko etxe batekin?», galdetu du. «Terreno publikoa erabiltzen ez digute utzi nahi, baina, terreno pribatua erosteko prest agertu garelarik, lehentasunez erosiko zutela mehatxatu dute. Ez dute irtenbiderik nahi. Bide guziak itxi dizkigute, eta pista berriak atzeman behar ditugu».

Haserrea determinazio

«Haserrea» agertu du Seaskako lehendakariak: «Ikastola horrek ez du herriko etxea trabatzen. Eskola bat da, haurrak euskalduntzen dituen eskola bat. Hartu dutena ez da hezkuntzaren aldeko erabaki bat: ikastolaren kontrako erabaki bat da». Azken urteetan egiten dieten «jazarpena» salatu du, «ikastola kentzeko» herriko etxearen borondatea. «Herriko kontseiluan erabakia hartzekoa zutela azken momentuan jakin dugu, ez dute ezer komunikatu, ez digute ezer erran, ez gaituzte abisatu».

Argi mintzatu da Jorajuria: «Haserrea determinazio bilakatu behar dugu». Eta baieztapena ere egin du: «Heldu den ikasturtean, ikastola bat izanen da Beskoitzen». Orain, galdera da nola.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.