Plazara kooperatibako kidea

Eneko Gorri: «Heldu berrien errotzean, euskara azken etapa izanen da»

Fin jardute aldera, ñabardurak behar dira, soziolinguistikan ere, Iparraldeaz aritzean. Esaterako, migratzaileen gaineko estereotipoek, errealitateak berak, berezitasunak dituzte. Tentu handiz erreparatu die Gorrik.

Eneko Gorri joan den astean, Udaltop jardunaldietan eman zuen mintzaldian. UDALTOP
Eneko Gorri joan den astean, Udaltop jardunaldietan eman zuen mintzaldian. UDALTOP
arantxa iraola
2024ko maiatzaren 26a
05:00
Entzun

Udaltop jardunaldietan mintzatu zen lehengo astean Plazara kooperatibako kide Eneko Gorri (Miarritze, Lapurdi, 1983), beste hainbat aditurekin batera. Migratzaileen eta euskaldunen arteko erlazioez gogoetatzeko antolatu dituzte aurten jardunaldi horiek, eta Gorri ahalegindu zen Ipar Euskal Herriko ikuspegitik erreparatzen gai horri, hango berezitasunak aintzat hartuta. Ondorenean, solaserako tarte bat izan zuen. 

Zein dira kontuan hartu behar diren berezitasunak?

Nire ustez, eta Gaindegiak 2019an egindako ikerketa batean ondo zehaztua den bezala, Ipar Euskal Herrikoa eta Hego Euskal Herrikoa, migrazioari eta etorri berrien fenomenoari begira, bi egoera antagoniko dira. Antagoniko: hitz hori biziki inportantea da. Askotan topikoekin bizi gara; etorri berriak aipatzen ditugularik Ipar Euskal Herrian, pentsatzen dugu Parisetik diru askorekin jubilatzera etorri den jendeaz ari garela. Topiko hori gezur hutsa da. Kokatzen garelarik Ipar Euskal Herriko hainbat herritan, etorri berriek figura desberdina izanen dute: esaterako, neure burua kokatzen badut Miarritzen, etorri berriak 28 urteko gazte hiperkonektatuak izanen dira, Miarritzera lan egitera etorri direnak Silicon Valleyra joan izan balira bezala. Neure burua kokatzen badut Lapurdi barnealdeko herri txiki batean, nire auzoa izanen da niretzat etorri berria: bikote bat, bi haur dituena. Domintxainen edo Amikuzen edo barnealdeago kokatuz gero, jubilatzera etorri den adineko bikote hori izanen da ikusiko dudan etorri berria. 

Datuek zer diote?

Ipar Euskal Herrian bizi diren biztanleen %42 ez dira Euskal Herrian sortuak. Bigarren datua da Iparraldera bizitzera etortzen den jendearen %92 hexagonotik heldu dela: Frantziako Estatutik. 

«Miarritzen, etorri berriak 28 urteko gazte hiperkonektatuak dira, lan egitera etorri direnak Silicon Valleyra joan izan balira bezala»

Hego Ameriketatik eta Afrikatik heldutakoen irudiekin lotzen dira usu migratzaileak Hegoaldean. Hor da aldea, ezta? Soslai hori ez da Iparraldean?

Ez. Migrazio ibilbide batean, Ipar Afrikatik izan, edo Hego Ameriketatik, ibilbide horietan, Ipar Euskal Herria ez da geldiune bat. Pausagune bat izan daiteke, gero beste toki batzuetara joateko. Horrek badu eragina: biziki prezagarria den kultura eta hizkuntza aniztasuna guk ez dugu etorri berriekin. Haien buruan, Frantziako Estatuko eskualde batetik Frantziako Estatuko beste eskualde batera datoz, jarrera berezi batekin, eta turismo politikek saldu ohi dieten irudi folklorizatu batekin. Hortik dugu guk berreraiki behar biztanle berri horien arteko eta gure hizkuntzaren arteko lotura. 

Euskara arrotz zaie? Ikuskera folklorizatuarekin lotzen dute?

Frantziako Estatua eraiki da hizkuntza eta kultura bakarreko sentimenduarekin; etorkinen integraziorako giltza bakarra frantsesa da, eta, beraz, bertara etortzen den jendea kultura horrekin heldu da. Aldiz, gauza bat: iristen direlarik, txoke bat da etorri berrientzat hainbeste euskara ikustea. Ikusten baita karrikan: kartelak, bide seinaleak... Horiekin hausten zaie lehen aurreiritzia. Hori, nire ustez, gure alde da. Baina heldu berrien herritartzean, haien errotzean, euskara izanen da azken etapa. Hasiko dira errugbia maitatzen, beharbada abesbatza batean euskaraz kantatzen, mutxikoak ikasiko dituzte, haurrak sail elebidunera eramango dituzte... Hainbat urrats badira. 

Mugarriak dira bidean...

Hori da, eta hizkuntzarena beti azkena izanen da. Gure lana da euskara eta etorri berrien arteko distantzia laburtzea, frustrazio sano txiki batzuk sortzea, haientzat naturalagoa izan dadin euskarara iristea, eta deskubri dezaten zenbat gauza galtzen dituzten euskara ez jakinda. 

Euskarara hurbiltzeko bidean egiten diren mugarriak aipatu dituzu. Guraso diren horiei dagokienez, aparteko zeresana dute umeei begira egiten dituzten urratsek, ezta? Haurrak eskolan euskarazko ereduetan matrikulatuta, adibidez.

Bai, eta badugu tentazio bat ere guraso gisara: eskolari delegatzea guk egin nahi ez duguna. 

Kanpotik etorritakoen eta bertan sortuen artean bada alderik horretan?

Urko Ikardok ikerketa bat egin zuen Lapurdiko kostaldean ikastolaren hautua egin duten gurasoen motibazioei buruz. Eta horra: gaur egun errazagoa da kanpotik etorritako familia batentzat euskararen hautua egitea hemen sortu eta handitu den familia batentzat baino. Zergatik? Ikardok argiki erraten du, elkarrizketetan-eta jasotakotik: askotan aitatxi-amatxiekin borrokatu behar izan dute gurasoek euskararen inguruan transmititzen den auzolotsa hausteko. Kanpotik etorritako familia batek, berriz, integrazio modu bezala ikusten du euskara. 

Aintzat hartu behar da hori kanpotik heldutakoei buruz mintzatzean.

Beti etorri berrien bizkar gainean pausatzen ditugu guk ditugun arazoak, baina sendatu behar ditugu gure patologia txiki horiek guztiak ere. Ikastoletan edo eskoletan tailerrak egiten ditugularik guraso erdaldunekin, erraten digute: «Nire belaunaldiarekin eten zen transmisioa. Nire gurasoak, aitatxi-amatxiak, euskaldunak dira, baina ez digute transmititu, eta nik nahi izan dut hori egin, eta nik uste nuen nire aita, aitatxi, mintzatuko zela bilobekin euskaraz natural-natural. Baina nire aita 60ko hamarkadan blokeatua dago. Hori nola sendatzen ahal dut?». Hor badugu giltza bat. Zeren eta etorri berriari harrera integral bat egiten ahal diogu, nahi duzun guztia, baina hori ez badugu sendatzen... Etorri berria euskara ikasten hasiko da, baina aitatxiak zer aurpegiratuko dio heldu horri hasiko zaiolarik euskaraz mintzatzen: «Zu ez zara hemengoa»? 

«Askotan aitatxi-amatxiekin borrokatu behar izan dute gurasoek euskararen inguruan transmititzen den auzolotsa hausteko»

Udaltopen aipatu da. Kanpokoen kontrako mezuak ager daitezke hizkuntzarekin lotuta ere: xenofobia. Iparraldean badira?

Gero eta gehiago. Arretaz begiratu behar dugu fenomeno hori, ez bakarrik gu ez lerratzeko horretara, baizik gure marra gorriak argiki agerian emateko. Jende batek erraten digu Ipar Euskal Herrian: «Hemen lortu duzue oraindik erresistitzea, eta ixtea, eta zuen nortasuna atxikitzea...». Hortik biziki fite heldu ohi da: «Ipar Euskal Herria arabiarrik gabe bizi den lurralde bat da». Atx, atx... Uste dute arabiarrak direla gure kulturaren eta nortasunaren eta hizkuntzaren aurkako arrisku nagusia? Eta bada beste fenomeno bat ere: orain arte euskarari bizkarra emanda bizi izan diren euskaldunena. Etorri berriei esaten diete: «Ba, paristarrak, paristarrak...». Mehatxua balira bezala. Baina zuk zer egin duzu zure hizkuntzarekin? 

Nola egin harrera era egokian?

Guk badugu kontzeptu bat: bitartekaritza. Hori da euskarara hurbilaraztea espontaneoki hurbilduko ez litzatekeen jendea. Bitartekaritza ez da dekretuz ezartzen, ez da lege bidez aldarrikatzen. Hainbat tresna txikiren uztarketak sortzen duen mugimendu bertutetsu bat da. Mugimendu hori sortu behar dugu. 

Plazara kooperatibaren xedeetako bat da lan hori. Nola egin nahi duzue? Zer tresnarekin?

Informazio eta pedagogia soziala eginez. Hor, batetik, webgune erreferente bat sortu behar dugu. Paperezko argitalpenak ere behar ditugu. Eta plazara joatea: plazetan egon behar dugu, merkatuetan. Hor izan behar dugu: karrikan. Behar dugu euskararen etxe bat ere. Lantzen ari gara Baionan toki estrategiko batean jartzea. Gune fisiko bat behar dugu, ez dadila ghetto bat izan, oasi bat: izan dadila zerbait irradiatzailea, mugimendu hori sortzen duena.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.