Helburuak lortzea helburu

Gorabidek eta adimen urritasunaren arloko beste elkarte batzuek bizitza kalitateaz galdetu diete kideei: bizitzan erronka gehien dutenek bizimodu hobea dutela erantzun dute.

Enplegua lortzea izaten da adimen urritasuna dutenek izaten duten erronketako bat. MARIAN A. MONTESINOS / EFE.
Ibai Maruri Bilbao.
Bilbo
2018ko irailaren 13a
00:00
Entzun
Soilik elkarteko kide diren pertsonei entzunez lortuko dugu euren bizitza kalitatea bermatzea; ez bakarrik euren beharrizanei erantzunez, baita bizitzan dituzten erronka, gurari eta asmoei erreparatuz ere». Adimen urritasuna dutenen Bizkaiko elkartea da Gorabide. Horietako pertsona bakoitzari propio prestatutako planaren garrantzia azpimarratu du Hugo Baroja presidenteak. Elkartearen eguna izan zen atzo, eta plan pertsonalizatuak izan zituzten berbagai Bilbon egin zuten jardunaldian.

Hego Euskal Herriko eta Espainiako beste elkarte batzuekin Plena Inclusion izeneko federazioan dago Gorabide. Horietako batzuek Red Compartir sarea osatu zuten 2013an, ezagutza eta informazioa trukatzeko. Sare horrek adimen urritasuna dutenen bizitza kalitateari buruzko azterlan bat egin du, Gorabideren gidaritzapean. Ondorio argi bat atera dute: bizitzan zenbat eta helburu edo erronka gehiago eduki, euren bizitza proiektuan zenbat eta erabaki ahalmen handiagoa izan, orduan eta bizitza kalitate hobea dute adimen urritasuna dutenek.

Sareko kide diren elkarteetako 74 pertsonari egin dizkiete galderak. Ia bi heren gizonak izan dira, eta batez besteko adina 43 urtekoa izan da. Parte hartu duten gehienek %65 eta %74 arteko urritasuna daukate. «Urritasun maila handiagoa dutelako laguntza handiagoa jaso dutenek erantzun dute bizitza kalitate hobea dutela. Beste horrenbeste gertatu da adinean zenbat eta goragokoekin», azaldu ditu beste ondorio batzuk Gorabideko Enrique Ajak.

Mirko Gerolin elkarteko zuzendari teknikoak zehaztu du inkesta egiteko prozedura. Lehen urtean euren bizitza kalitateaz eta bizitzan dituzten helburuez galdetu zitzaien. Urtebetera, helburu horiek lortu zituzten aztertu zen, eta, emaitzen arabera, pertsona horiekin egiten zen lana egokitu zen. Bigarren urtea pasatutakoan, berriro galdetu zitzaien euren egoeraz. Beren buruei erronka gehien ipini zietenek erantzun zuten bilakaera onena izan zutela. «Zenbat eta helburu gehiago ipini, orduan eta lan gehiago egin behar da haiei laguntzeko, eta horrek gehiago gogobetetzen ditu». Helburu horiek arlo askotakoak izan daitezke; adibide hauek ipini ditu Gerolinek: gidabaimena lortu, senide eta lagunekin duten harremana sendotu, edo bizitza sexuala hobetu. Helburu gutxiago ipiniz gero, kontrakoa gertatzen da: ez dute horrenbesteko bilakaerarik nabaritzen, eta iruditzen zaie bizitza kalitate txarragoa dutela.

Beharren araberakoa

Azken urteetan jarduteko modua aldatzen hasi da, eta Gorabideren plan pertsonalizatuak dira horren adibide. Baina Plena Inclusion federazioko koordinatzaile tekniko Berta Gonzalezek ohartarazi du oraindik ere sarri urritasun handiena dutenak egoitzetan sartzeko joera dagoela. «Beharrizan handiena dute, eta laguntza gehien behar dutenak dira. Horregatik programa berezituak behar dituzte. Urritasun handiena dutenei ere euren bizitzaren kontrola eta erabakitzeko ahalmena eman behar zaie: bizitza proiektua gauzatzen utzi».

Azaldu du etxegabeekin lan egiten duen Rais fundazioarekin harremanetan jarri direla Housing First programa ezagutzeko. «Etxegabeen arloan, programetan sartzeko helburuak jartzen zitzaizkien, eta, horiek lortu ezean, kanpoan geratzen ziren. Rais fundazioak hori irauli egin du: kale gorrian daudenei ematen diete etxea. Horri esker hasten dute euren proiektua. Guk ere horrela jokatu beharko genuke urritasun maila handiena dutenekin».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.