Irati Iziar eta Jon Zapata: «Helburua da Taupa mugimenduko kide izateko bide desberdinak eskaintzea»

Lehen taupadaldiak egin ditu Taupak, Euskaltzaleen Topaguneak urte askoan egindako lana soin eta asmo berriz janzteko abiarazi duten mugimendu berriak; Irati Iziarrek eta Jon Zapatak aldaketaren zergatia eta nondik norakoak zehaztu dituzte.

Irati Iziar eta Jon Zapata. MONIKA DEL VALLE / FOKU
Irati Iziar eta Jon Zapata. MONIKA DEL VALLE / FOKU
arantxa iraola
2024ko abenduaren 21a
05:00
Entzun

Mugimendua igarri dute egunotan inguruan Taupako arduradunek: ohi baino biziagoa. Joan den asteburuan plazara atera ziren, eta iragarri zuten hemendik aurrera Euskaltzaleen Topagunearen jarduna izen eta izan berri baten inguruan josiko dutela: Taupa euskaltzaleen mugimendua dira orain. Ordutik, oso ugariak izan dira webgunerako bisitak, eta berritasunaren gaineko galderak, ekarpenak, iradokizunak. Uhin horri tiraka josi nahi dute hemendik aurrerakoa. Aldaketari buruzko zehaztapenak eman dituzte Irati Iziar lehendakariak (Gasteiz, 1975) eta Jon Zapata aktibazio arduradunak (Iruñea, 1996). Hizkuntza larrialdiaren gaineko ohartarazpena hor da, indarraldiaren inguruko esperantza ere bai, eta uste dute ataka horretan Taupa behar-beharrezkoa den mugimendua dela. Iziar: «Honi buelta emateko garaiz gabiltza: hori da mezua».

Zelakoak izan dira Tauparen lehen taupadak?

JON ZAPATA: Nik uste dut harrera ona espero genuela, baina hori baino gehiago izan dela. Hedabideetatik egundoko atentzioa jarri duzue honetan, eta asko eskertzen dugu. Inguruko jendeak ere esan digu interesgarria dela kontatuko duguna eta egingo duguna... Hainbat lekutatik jaso ditugu halako mezuak.

IRATI IZIAR: Bai, eta, gainera, mezu positibo moduan. Zeren eta larrialdiaren ideia horretatik gatoz, kezka horretatik, baina gu esperantzatik ari gara: zerbait egingarria eta bizigarria proposatzera gatoz.

Elkarteen elkartea izan da Topagunea. Orain esan duzue Tauparen muina euskara elkarteek-eta izaten jarraituko dutela, baina norbanakoei ere tokia egitea dela asmoa: Euskal Herri osoko euskaltzaleei eman nahi diezue parte hartzeko era. Nola egingo duzue horretarako bidea?

IZIAR: Hau hausnarketa batetik dator, ohartu ginelako euskara elkarteen mugimendua pixkanaka itzaltzen ari zela, euskaltzaleengana iristeko arazoak genituela, eta mugimendu hori pixka bat diluitzen, itzaltzen eta likidotzen ari zela.

ZAPATA: Topaguneak Topagune izaten jarraituko balu, eragiten jarraituko genuke, zalantzarik ez, baina egia da espazialki mugatuta geundela; nahiz eta proiektu asko ditugun, eta Euskaraldiaren moduko dinamikak sustatzen eta lantzen ditugun, uste dugu ezinbestekoa zaigula euskara elkarteak ez dauden herrietara heltzea ere, modu nabariagoan eragin nahi badugu.

«Uste dugu ezinbestekoa zaigula euskara elkarteak ez dauden herrietara heltzea ere, modu nabariagoan eragin nahi badugu»

JON ZAPATA
Barrura begira, zuen antolaketan, aldaketa handia eskatu dizue beste parte hartze bide batzuk irekitzeak?

IZIAR: Barruan, etxean, gauza batzuk aldatu ditu. Baina muinean elkarteek jarraituko dute bazkide izaten, gure gobernantza bazkide horiekin egiten jarraituko dugu, eta parte hartze hau izango da hau dena osatzeko eta datorrena indartzeko.

Baduzue buruan bideren bat irekitzea norbanakoak bazkide izateko?

ZAPATA: Aztertzen ari gara. Zalantzarik gabe, mugimendu izatera bideratzen baditugu indarrak, argi dago jendearen parte hartze espazioak ere aldatu beharko direla. Juridikoki ez dakigu nola izango den oraindik.

Baina Taupan parte hartzeko bide batzuk dagoneko badira, ezta? Zuen webgunean bertan.

ZAPATA: Soilik informatzeko aukera irekita dago, Taupa diruz babestekoa, eta ahalduntzeko eta aktibismora salto egiteko aukerak ere badira. Helburua da Taupa mugimenduko kide izateko bide desberdinak eskaintzea. Informatuta egotea erabakitzen duena, diru ekarpena egitea, edota aktibismorako eskaintzak jaso eta egitea: guk Taupako kide moduan unibertso hori guztia hartzen dugu.

«Hori barneratu nahi genuke: aktibismo bizigarriago bat, plazerarekin lotzen dena»

JON ZAPATA
Azaldu zenuten ere militantzia eredu berrietara moldatzeko asmoz egin duzuela aldaketa. Zer ezaugarriri egokitu beharra ikusi duzue?

ZAPATA: Askotan esaten da: «Parte hartzeko ereduak aldatu dira». Ados nago, zalantzarik gabe. Hau ere esaten da: «Parte hartzea asko jaitsi da». Hori ja zalantzan jarriko nuke. Guk uste dugu ez dela horrenbeste ez dela parte hartzen, baizik eta beste esparru batzuetan parte hartzen dela. Tartean indibidualismoa dago, tartean globalizazioa dago, sare sozialak zer esanik ez... Jendeak parte hartzeko espazio horiek beste modu batean bizi ditu. Bestalde, beste kontutxo bat ere badago, eta uste dut oso positiboa dela: bizi daiteke parte hartzen, eta bizi daiteke parte hartzen modu desberdinetan, eta espazio desberdinetan. Uste dugu hori inportantea dela, oso positiboa dela, eta hori barneratu nahi genuke: aktibismo bizigarriago bat, plazerarekin lotzen dena.

IZIAR: Ohartu gara ohiko parte hartze solido hori aldatu dela. Hau da, euskara elkarteetan eta urte askotan ezagutu izan den parte hartze hori, absolutua, zeinak eguneko 24 orduan, 365 egunean militantea izatea dakarren, aldatu da, eta, gainera, sakrifizioarekin eta indarrarekin lotua izan da. Jonek ondo esan duen eran, horrek gauza positibo batzuk ere ekarri ditu.

Militantzia ulertzeko beste era baten alde ari zarete, eta gozagarria behar du. Baina Tauparen aurkezpenean bertan esan zenuten: oraindik usu deserosoa da euskaraz bizi nahi izana, eta militantzia beharrezkoa da. Nola uztartu hori gozamenarekin?

IZIAR: Horregatik, nik uste parte hartzeko aukerek positiboak izan behar dutela, asetasuna ematen dizutenak, era ematen dizutenak konturatzeko zuk eman diozun denbora eta ezagutzak baduela erantzun bat, eta ez zaudela bakarrik, taldean zaudela: komunitatean.

«Parte hartzeko aukerek era eman behar dizute konturatzeko ez zaudela bakarrik, taldean zaudela: komunitatean»

IRATI IZIAR

ZAPATA: Halakoei aurre egiteko, ezinbestekoa da gertatzen den hori ulertzen duen komunitate bat eta babestoki bat izatea.

Euskaraldia egingo da maiatzean. Aurkezpenean esan zenuten Taupa indartzen lagun dezakeela ekar dezakeen olatuak. Helburu bat ere jarri zenuten: Euskaraldian ariko direnen artean hamarretik batek mugimendua indartzeko hautua egingo balu zer gerta daitekeen irudikatzeko bidea ireki zenuten. Zelakoa espero duzue prozesu hori?

ZAPATA: 320.000 pertsona aktibatu izan dira inoiz ahobizi eta belarriprest moduan; horrek ez du esan nahi guztiak herri batzordeetako kide izan direnik, eta ez du esan nahi horrek gero kolektibo zabal batean eragina izan duenik, baina gutxienez hori egiteko prest egon dira. Orduan, ausartu gaitezke esatera jende asko dagoela prest, beste modu batean bada ere, ekarpena egiteko. Komunitatea askotan ikusten duguna baino zabalagoa da, pluralagoa. Eta zergatik ez hamarretik bat? Ikusiko dugu.

Horiek Taupako kide aktibo izatea espero duzue? Jendea hortik katigatzea?

IZIAR: Hori da ideia. Baina katigatu, lehen esan dugun modu likido horretan.

«Helburua da sare irekiago bat egitea, malguagoa; zure momentuko interesen arabera, sartu eta irten zaitezkeen sare bat. Uste dugu hor potentzial handia dagoela»

IRATI IZIAR
Euskaltzale izateko aukerak zabaltzeko, ezta?

IZIAR: Hori da helburua: mugimendu baten parte sentitzea, eta ikustea badaudela aukera batzuk zeintzuetan inork ere ez dien eskatuko astero bilera batera joateko, edo ekitaldi guztietara agertzeko. Beste helburuetako bat da erakustea badela ere euskaratik epel edo urrunxeago dauden horiengana iristeko modu arinago edo gozagarriago bat. Izan ere, ez da beti: «Izan zaitez bazkide-bazkide, elkarte-elkarte». Helburua da sare irekiago bat egitea, malguagoa; zure momentuko interesen arabera, sartu eta irten egin zaitezkeen sare bat. Uste dugu hor potentzial handia dagoela.

ZAPATA: Eta lurraldetasunari kasu egiten badiogu, eragiteko modu ezberdinak daude, eta guztiak euskaltzaletasunaren barruan sartzen dira. Tokikotasunak garrantzi handia dauka, eta testuingurua ondo irakurtzen jakin behar da. Hori izango da Tauparen gakoetako bat.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.