Udal eta foru hauteskundeak. Elkarrizketa. Juan Karlos Izagirre. EH Bilduren Donostiako alkategaia

«Helburua da jendeak sentitzea hiri honetan ondo bizi daitekeela»

EH Bilduk Donostiako Udal Gobernua berreskuratu nahi du, eta Izagirre aurkeztu dute horretarako. Udalaren eta herritarren artean deskonexio bat gertatu dela uste du, eta hori iraultzeko «irtenbideak» aurkeztu ditu.

RAUL BOGAJO / FOKU.
Iosu Alberdi.
Donostia
2023ko maiatzaren 18a
00:00
Entzun
2011n lortutakoa berretsi nahi du Juan Karlos Izagirrek (Igeldo, Gipuzkoa, 1963). EH Bilduren Donostiako alkategaiak hiriaren gidaritza hartzea du helburu, eta 150 neurri jasotzen dituen programa bat prestatu dute horretarako, indar berezia eginda turismo eta etxebizitza gaietan.

Batzar Nagusietan aritu zara azken urteetan. Nola ikusi duzu Donostiako azken legealdia?

Oso gertutik eta, batez ere, kezkarekin. Kezkatua, uste dudalako Donostia bere izaera eta bizipoza galtzen ari dela. Deskonexio bat egon da gobernuaren eta herritarren artean. Herritarrak pixkanaka konturatzen ari dira ez direla hain protagonista, ez direlako kontuan hartzen udal gobernuan erabakiak hartzen direnean; batzuk entzuten ditugu esanez arrotzak sentitzen direla euren auzoan. Beharrezkoa da beste norabide bat markatzea.

Nola konekta daiteke, bada?

Lehen gauza da jendearekin egotea. Erronka nagusi batzuk identifikatu ditugu: etxebizitzaren arazoa, mugikortasuna, turismoa... Irtenbideak eman behar zaizkie. Helburua da jendeak berriz sentitzea hiri honetan ondo bizi daitekeela, disfrutatu daitekeela, eta bizi proiektuak garatzeko aukerak sortzen zaizkiela.

Turismoa hiriko motor ekonomiko nagusietako bat da, baina, era berean, eragina du herritarren egunerokoan. Donostiarrak euren hiria galtzen ari dira?

Badaude datu ofizialak, eta diote donostiarren bi herenek esaten dutela turismoaren hazkundea kontrolik gabea izan dela eta gelditu egin behar dela; edo gauzak birplanteatu behar direla. Turismo jasangarri baten definizioan garbi azaltzen da hazkundeak ezin dituela inolaz ere kaltetu ingurumena, auzoak eta herritarrak, eta Donostian badaude kaltetutako auzoak eta herritarrak.

Badu atzera bueltarik?

Soluzioa da turismo hori helburu batekin gobernatzea: turistek eta herritarrek elkarbizitza eroso bat izatea, eta inor kaltetua ez sentitzea. Turismoa defendatzen dugu, baina jasangarria. Turismoa zaindu behar dugun bezala, herritarrak ere zaindu egin behar ditugu.

Etxebizitzen prezioan eragin du; %40 inguru egin du gora. Nola baliatu daiteke Etxebizitza Legea horri erantzuteko?

Arazoari aurre egiteko ditugun tresna guztiak erabili behar ditugu. Orain arte bagenuen EAEko 2015eko Etxebizitza Legea, baina ez da erabili nahi izan; adibide bat da etxe hutsak alokairuzko merkatura bideratzeko aukera ematen duela, eta ez dela etxe hutsen zerrenda bat ere egin.

Orain tresna berri bat dugu, eta harro gaude EH Bilduk ERCrekin eta Espainiako Gobernuarekin adostu izanaz. Aukera ematen digu proposatzeko Donostia tentsio handiko hiri izendatzea. Horrekin, alokairuen prezioei muga ezartzea lortzen da; gertatu izan da putre funts batek eraikin bat erostea eta egun batetik bestera prezioa %40 igotzea. Aukera dago alokairu berrietan erreferentziazko prezioak jartzeko ere.

EAJk salatu du eskumenak urratzen dituela legeak.

Kezkatzen gaitu EAJri horrelakoak entzuteak. Garbi dugu ez dagoela horrelakorik. Lehen zirriborroan agian bazituen horrelakoak, baina, ERCri eta EH Bilduri esker, garbi geratu da.

7.000 etxebizitza inguru egiteko asmoa iragarri duzue. Nola kudeatu hori guztia?

Europako hiri aurreratuenei begiratzea besterik ez dago ikusteko apustu bat egin dutela etxebizitza publikodun parke ahalik eta handienak izateko. Argi dugu Donostian eraikitzen diren etxebizitzen gehiengoa babestua izan behar dela, alokairuan jartzeko. Gune publikoetan gutxienez %70 izan behar dira; eta pribatuetan aukera dago gutxienez %50 izateko.

Gazteen artean, emantzipatzeko zailtasuna ageri da arazo nagusi gisa.

3.400 gazte joan zaizkigu Donostiatik kanpo bizitzera. Etxebizitza babestu, eta alokairuzko horretatik erreserba bat egin behar dugu gazteentzat; estimatzen dugu %15-20 bermatu daitekeela. Ezin da esan hiri bat zahartzea pena dela, eta, bitartean, gazteak hiritik bidali. Kontraesana da.

Trantsizio garaiotan, berebiziko garrantzia hartu dute hirigintza eta mugikortasun jasangarriak. Non egin behar da indar?

Planifikazio orokor bat behar da. Azken urteetan ardatz nagusia kostakoa izan du, baina garrantzia hartu behar dute beste bi ardatzek. Bat Urumeakoa da. 2011-2015eko agintaldian apustu bat egin genuen, eta konpromisoa da hori garatzen jarraitzea. Hirugarren ardatza saihesbidea da. Duela 50 urte eraiki zen, baina trafikoa duela urte gutxi zenaren erdia da.

Nola hartu duzu EH Bilduko zazpi hautagaik zerrendan egoteari uko egin izana?

EH Bilduren elkarbizitzaren aldeko konpromisoa argia da. Herri erronkei aurre egin nahi diegu, hori da gure lehentasuna, eta herri moduan aurrera egiteko elkarbizitza eta normalizazioaren aldeko apustua ezinbestekoa da. Zazpi hautagai hauen erabaki hau bide horretatik datorrela uste dut. Beraz, errespetatu egiten dut. Donostia etorkizuneko erronkei heltzeko prestatu nahi dugu, eta, bide, horretan, elkarbizitzaren aldeko nire konpromisoa berresten dut.

2011n, alkatetza lortu zenuten, baina 2015ean, hirugarren indarra izan zineten. Zer ikasi duzue egoera hartatik?

Baliagarria izango zaigu berriz gobernatzen dugunerako. Gobernuan geundela konturatu ginen noraino izan daitezkeen bortitzak oposizioa eta hedabideak, ez dituztenean gustuko proposatutako aldaketak. Ikusi genuen zer garrantzia duen adostasunak bilatzeak, eta gauzek euren denbora behar dutela.

Zein dira zuen espektatibak?

Gu irabaztera goaz. Bidegurutze batean gaudela uste dut, eta erabaki beharra dago jarraitu bizigarria ez den Donostia baten bidetik, edo apustu egin EH Bilduk eskaintzen duen bidetik.

Ahal Dugu-ko idazkari nagusi ohi Nagua Albak babestu zaitu.

Donostiaren bizipoza errekuperatu daitekeela uste duten guztiek lekua dute EH Bilduren aterpean. Independentistetatik haratago ere jende asko kabitzen da hor.

Zer akordio bilatuko dituzue?

Emaitzak ikusi beharko dira, baina EH Bilduk zerbait erakutsi badu, adostasunetarako gaitasuna izan da erakutsi duena. Instituzio guztietan. Donostiarentzat onak diren proposamenekin etortzen den oro ongietorria izango da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.