Helburua bete arren, Atutxak aitortu du EAJk «emaitza hobeak» espero zituela

Oskar Matutek uste du ziklo aldaketaren adierazle direla hauteskundeen emaitzak, eta Ricok sozialisten gorakada nabarmendu du.

EAJko kideak, atzo gauean egindako agerraldian, Bilbon. JAVIER ZORRILLA / EFE
EAJko kideak, atzo gauean egindako agerraldian, Bilbon. JAVIER ZORRILLA / EFE
Iosu Alberdi.
2024ko ekainaren 10a
11:50
Entzun

Europako Parlamenturako bozen ostean, alderdietako ordezkariek lehen hitzak egin dituzte EITBren irratietatik. Emaitzen balorazio positiboa egin dute EH Bilduk, PSE-EEk eta PPk, eta helburua lortutzat jo du EAJk ere. Halere, uste dute badela zer aztertu; besteak beste, parte hartzeari dagokionez: Hego Euskal Herrian, abstentzioa %48,7koa izan da.

PSOEren zerrendak lortu du boto gehien Hego Euskal Herrian, 300.000 botoen langa gaindituta. Izan ere, sozialistak garaile izan dira Araban, Bizkaian eta Nafarroan. Emaitza horiek «goranzko joera» bati dagozkiola esan du PSE-EEren Politika Autonomiko eta Publikoetarako idazkari Ekain Ricok. Hark Araba, Bizkai eta Gipuzkoako emaitzei erreparatu die, eta azaldu du «igoera nabarmena» izan dutela duela bost urteko bozekin alderatuta. Halere, uste du egokiena litzatekeela alderaketa 2014ko hauteskundeekin egitea, 2019koak udal eta foru hauteskundeek baldintzatu baitzituzten. Ricok Espainiara ere begiratu du, eta, han PP gailendu den arren, uste du Alderdi Popularrak huts egin duela bozak «plebiszitu» gisa kalifikatzeko asmoan. Izan ere, argudiatu du Ciudadanosen botoak bereganatzea besterik ez duela lortu PPk.

Oskar Matute EH Bilduren Espainiako Kongresuko diputatu eta Orain Errepublikak zerrendako kideak beste modu batean erreparatu die emaitzei, koalizio subiranistaren gorakadan zentratuta: «Ziklo aldaketa finkatu da». Argudiatu du europarlamenturako hauteskundeen emaitzek baieztatzen dutela EH Bilduren gorakada ez dela «burbuila» baten parte, azken urteetako logika politikoaren segida baizik.

Dena ez da positibo, ordea. Matutek abstentzio «oso handiari» erreparatu dio, eta adierazi du ezkerreko alderdiek badutela kezka iturri bat hor: «Europan, ezkerrak ez gara gai izan herritarrak mobilizatzeko». Horrekin batera, eskuin muturreko taldeen gorakada aipatu du, «gezur eta difamazioetan» oinarritutako alderdiena; zehazki, Se Acabo la Fiesta alderdiarena.

«Muturreko polarizazioa»

Joera bestelakoa da EAJri dagokionez. Azken bozetatik 11,5 puntu egin du behera; hala, CEUS koalizioak Hego Euskal Herriko lehen indarra izateari utzi dio, eta hirugarrena da orain, botoen erdiak galduta. EAJren EBB gaur bilduko da, baina ez dute adierazpenik egingo. Goizean, baina, emaitzez aritu da Bizkai Buru Batzarreko presidente Itxaso Atutxa. Hark aitortu duenez, Oihane Agirregoitia hautagaiak eserleku bat izateko helburua lortu duten arren, «emaitza hobeak» espero zituzten: «Gutxienez, hobetu daitezke».

Arrazoiei erreparatzerakoan, Atutxak Espainiako politikaren «muturreko polarizazioa» eta abstentzio handia aipatu ditu. Lehenak «boto erabilgarriaren» aldeko joera sustatzen duela esan du, EAJren kaltetan. Eta bigarrena zuzenean lotu du «eskuin muturrak eta muturreko alderdiek» emaitza hobeak eskuratu izanarekin. Halere, BBBko presidenteak azaldu du alderdiaren helburuetako bat dela orain EAJren «hautesle tradizionalenek» abstentziora jo izanaren inguruko arrazoiak aztertzea; udal eta foru hauteskundeetatik hona mahai gainean izan dute gai hori. «Ez dugu lortzen gure hautesleak botoa ematera joatea».

EAEko PPko idazkari nagusi Esther Martinezek, berriz, uste du «oso onak» direla PPk Espainiako Estatuan eta Araba, Bizkai eta Gipuzkoan eskuratutako emaitzak. «2019an PSOEk hamahiru punturen aldea atera zigun; hamazazpi puntu errekuperatu ditugu. Argi irabazi dugu», adierazi du Radio Euskadin egindako adierazpenetan. Hura EAJri eta Espainiako gobernuburu Pedro Sanchezen gainerako «bazkideei» ere mintzatu zaie, esanez «negozio txarra» dela haientzat: «Ikusi dugu hemen EAJrekin, baita Kataluniako bazkideekin eta Sumarrekin ere».

Hain zuzen, Sumarreko ordezkari Alba Garciak aitortu du koalizioak eskuratutako emaitzak «txarrak» izan direla: «Gure mezuak ez du nahi besteko harrerarik, eta eskuinarenak eta eskuin muturrarenak bai». Izan ere, uste du ezkerraren arazoa Europa osokoa dela.

Eusko Jaurlaritza, osatzear

Europarlamenturako bozak igarota, Eusko Jaurlaritzaren osaera da Araba, Bizkai eta Gipuzkoako politikan espero den hurrengo urratsa. EAJ eta PSE-EE negoziazio betean daude Eusko Legebiltzarrerako bozen biharamunetik, eta espero da datozen egunetan akordio baten berri ematea; lehendakaria aukeratzeko bilkura hilaren 20an egingo da.

Halere, Ricok eta Atutxak azaldu dute europarlamenturako bozek ez dutela eraginik izango negoziazio prozesu horretan. Ricoren esanetan, bi afera ezberdin dira, baina gehitu du legebiltzarrerako bozek ere sozialisten gorakada adierazi zutela, eta hori kontuan hartu behar dela. Atutxak, berriz, azaldu du elkarrizketak «erritmo onean» doazela.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.