Elorrioko Txintxirri ikastolak hartu ditu bere gain aurtengo Ibilaldiaren antolakuntza lanak , eta Hel horri! leloa aukeratu dute goiburutzat. Maiatzaren 31n ospatuko dute, eta, antolatzaileek esan dutenez, hiru helburu lortu nahi dituzte horrekin: Txintxirri Ikastolaren hezkuntza eredua herriratzea, erronka berriei aurre egiteko baliabideak eskuratzea eta herriko eragile eta taldeekin harremanak sendotzea.
«Gauza jakina da Elorrio herriak elorriari zor diola izena», azaldu dute, «antzina oso ugaria omen zelako landare hori inguruan. Horrela ba, leloa eta irudia lantzerakoan abiapuntu hori hartu dugu, izenak eta izanak duten lotura oinarri hartuta».
Elorrioko Ikastolak 1968ko urtarrilaren 12an zabaldu zituen ateak, «ÂÂÂÂÂÂEuskal Herri osoan euskalgintzak bizi zuen loraldi berriaren barruan eta diktaduraren aurkako askatasun haizeak hauspoturik». 1973an lortu zuten orain erabiltzen duten egoitza, eta geroztik bere proiektua garatu du, «herrian eta herrirako lanean eta beti euskara, euskal kultura eta Euskal Herria gure ardatz izanik». 2018an 50. urteurrena ospatu zuten.
Kantua eta bideoa ere aurkeztu dituzte. Den-dena ikastolan bertan egin dute, «gurasoak, lagunak, ikasle izandakoak, irakasleak, langileak eta ikasleak auzolan handi batean elkarrekin aritu ostean». Itsaso Basaurik, Haritz Luzarrek eta Iraitz Erkiagak idatzi dute abestiaren letra, eta grabazioan Mockers, Sugoi, Puro Txile, Oxabi eta beste zenbait talderen musikariek parte hartu dute.