Hedabideak

Hekimenek Jaurlaritzari eskatu dio euskarazko komunikabideei «nabarmen» handitzeko baliabideak

Euskarazko hedabideen elkarteak salatu du Jaurlaritzaren laguntzek ez dutela ematen kostuak betetzeko eta ez dituztela aintzat hartzen prezioen gorakadak. Berretsi du audientzian oinarritutako diru laguntzen sistemak «kalte» egiten diela  euskarazko hedabideei.

Hekimenek eta Behategiak iaz aurkeztu zuten urtekaria. IñIGO URIZ, FOKU
Julen Aperribai.
2022ko abenduaren 22a
10:03
Entzun

Jasotakoa baino «bultzada sendoagoa» behar dute euskarazko komunikabideek erakunde publikoen aldetik, Hekimen euskarazko hedabideen elkarteak ohar bidez adierazi duenez. Eusko Jaurlaritzak euskarazko komunikabideei eragiten dieten bi diru-laguntza deialdiren ebazpenak argitaratu ditu gaur, eta eman berritan egin du ohartarazpena elkarteak.

Komunikazioaren mundua «eraldaketa prozesu sakonean» dagoela gogorarazi du Hekimenek, eta nabarmendu «funtzio sozial garrantzitsua» dutela euskarazko komunikabideek, bai «euskararen normalizazio prozesuan», baina baita «informaziorako eskubidean, iritzi aniztasunaren bermean zein desinformazioaren aurkako borrokan» ere. Funtzio hori izaten segitzeko, baina, beharrezko ikusten du «euskarazko komunikabideen ekosistema egonkortzea» eta errealitate berrira «egokitzea». Horretarako, baina, erakunde publikoen laguntza behar dela gogoratu du.

Hekimenek, ordea, ez ditu bide horretan ikusten Jaurlaritzaren diru laguntzak. Batetik, salatu du 2022-2024 aldirako euskarazko hedabideentzako laguntzak, esleitu eta hiru urtera, oraindik ez direla iristen «kostu estandarren %35 estaltzera», hala adostu bazen ere. Akordio haren helburu nagusia «komunikabideen egonkortasun ekonomikoari laguntzea» zela oroitu du Hekimenek, baina ohartarazi du papera, argindarra eta erregaiak garestitu izanak helburu horretatik «urrunago» eraman dituela. Are, zenbait komunikabidek urtetik urtera diru gutxiago jasotzen dutela ere gaineratu du. Deialdi horretan bada «paradoxa zital» bat, elkartearen arabera: «Egitasmo berriak sortzea edo ekoizpena handitzea berri oso onak badira ere, deialdirako diru funtsa finkoa denez, ekoizpena handitzea edo egitasmo berriak sortzea sektorearen kontra bihurtzen da, sektorearen beraren garapena eragotziz».

Hainbat hedabide, laguntzetatik kanpo

Aurten, bigarrenez, Eusko Jaurlaritzak diru laguntza berezia eman die hedabideei, COVID-19ak eragindako kalteei aurre egiten laguntzeko. Sei milioi euroko diru saila izan da, baina zatirik handiena gaztelerazko hedabide batzuek jaso dute. Hekimenek salatu du ezen, Jaurlaritzak azken deialdian aurrekoan baino komunikabide gehiago lagundu baditu ere, oraindik ere laguntza horietatik kanpo daudela euskarazko komunikabide gehienak. «Horrek ez du zentzurik: pandemiaren eraginak komunikabide guztiek pairatu dituzte, eta denek lan egin dute beren hartzaileei informazio egoki eta zuzena emateko».

Oraingo banaketak, hedabideen audientzietan oinarritutakoak, «kalte» egiten die euskarazko komunikabideei, Hekimenen esanetan, ez dituelako «audientzia potentzialak» bereizten; hots, ez duelako aintzat hartzen euskarazko eta erdarazko hedabideen audientzia potentziala desberdina dela. Horregatik, Hekimenek eta haren parte diren komunikabideek «baliabideak nabarmen handitzeko» eskatu diete erakunde publikoei, hiru helburu lortzeko: euskarazko komunikabideak egonkortzea, berrikuntza prozesuak eta proiektuak garatu ahal izatea, eta proiektu komunikatibo berriak garatzea eta egonkortzea.

Laguntzak

El Correo. 1.783.281,73€

Diario Vasco. 876.160,99€

SER. 643.962,85€

Deia. 547.987,62€

Gara. 309.597,52€

BERRIA. 287.925,70€

Nervion + Gorbea. 278.637,77€

COPE. 201.238,39€

Noticias de Gipuzkoa. 182.662,54€

Onda Cero. 142.414,86€

Diario de Noticias de Alava. 139.318,89€

Eldiario.es. 133.126,94€

Grupo Telebilbao/Teledonostia /Televitoria. 126.934,98€

Onda Vasca. 83.591,33€

Hamaika. 43.343,65€

Herri Irratia. 37.151,70€

Tele7. 34.055,73€

Goiena Telebista. 30.959,75€

Infosare + Hitza.eus/Ataria.eus. 27.863,77€

Radio7. 18.575,85€

Bizkaia Irratia. 15.479,88€

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.