Hezkuntza Lege proiektuak beste langa bat gaindituko du: gaur amaituko dira testuari ekarpenak egiteko eragileen agerraldiak Eusko Legebiltzarreko Hezkuntza Batzordean. Besteak beste, Heize sare publikoko zuzendaritza elkarteen federazioak eta Save the Childrenek hartu dute parte gaurko saioan. Josebe Azpirik, Heizeren Bizkaiko koordinatzaileak, eskola publikoaren ahalduntzean sakontzeko beharra nabarmendu du, eta, ildo horretatik, eskola publikoarentzako plan estrategiko bat eskatu du.
Heize hezkuntza publikoa zabaldu beharraz aritu da: «Argi dugu gure gizartearen etorkizuna publikotik etorri behar dela, eta, horretarako, pauso irmoak eman behar dira». Bide horretan, besteak beste, aipatu dute eskola publikoaren «bilakaerarako eta garapenerako» plan estrategikoa egin beharra dagoela. Gainera, plan estrategikoaren eskutik memoria ekonomiko bat ere behar dutela nabarmendu dute. Eta irakasle klaustroan egonkorrak izatea galdegin dute.
Euskara ere hizpide izan dute: proposatu dute egungo hizkuntza ereduen sistema gainditzea eta eredu orokortu inklusiboa ezartzea, euskara gaitasuna bermatuko duena. Halaber, nabarmendu dute euskararen erronka irakasle guztiena dela, ez hizkuntza irakasleena bakarrik. Hortaz, nahi dute gainerako irakasleek ere hizkuntzen trataerari buruzko formakuntza jasotzea. Segregazio neurriez ere aritu dira. Heizeko kideen esanetan, itunpekoen eskaintzari muga jarri behar zaio.
Bestalde, bereziki segregazioaz aritu dira Save the Childreneko ordezkariak. Uste dute aurrerapenak egon badaudela lehen zirriborrotik lege proposamenera: besteak beste, lekuen erreserba sistema eta doakotasuna aipatu dituzte. Hala ere, ñabardura bat egin du Alvaro Ferrer erakundeko kideak: «Aurrerapenak nahikoa dira? Uste dugu ezetz».
Ferrerren hitzetan, izan ere, legea helburu batzuk jartzea baino gehiago da: helburu horiek lortzeko tresnak ere zehaztu behar dira, eta uste dute gaur-gaurkoz ez daudela nahikoa: «Euskal hezkuntza Zerbitzu Publikoa sortze hutsak ez dio segregazioari aurre egingo, beste neurri batzuk ez dauden bitartean. Esan dute baldintzak zorroztu behar zaizkiela itunpekoei, eta, adibidez, eska dakiekeela umeen ehuneko jakin bat «zaurgarriak» izatea.