Heizek eskatu du eskola publikorako plan estrategiko bat egiteko

Amaitu dira Hezkuntza Lege proiektuari ekarpenak egiteko eragileen agerraldiak Eusko Legebiltzarreko Hezkuntza Batzordean

Heizeko ordezkariak, atzo, Eusko Legebiltzarrean. BERRIA.
Irati Urdalleta Lete.
2023ko ekainaren 13a
00:00
Entzun
Hezkuntza Lege proiektuak beste langa bat gaindituko du: atzo amaitu ziren testuari ekarpenak egiteko eragileen eta norbanakoen agerraldiak Eusko Legebiltzarreko Hezkuntza Batzordean. Besteak beste, Heize sare publikoko zuzendaritza elkarteen federazioak eta Save the Childrenek hartu zuten parte atzoko saioan. Josebe Azpirik, Heizeren Bizkaiko koordinatzaileak, eskola publikoaren ahalduntzean sakontzeko beharra nabarmendu zuen, eta, bide horretatik, eskola publikoarentzako plan estrategiko bat eskatu zuen.

Heize hezkuntza publikoa zabaldu beharraz aritu da: «Argi dugu gure gizartearen etorkizunak publikotik etorri behar duela, eta, horretarako, pauso irmoak eman behar dira». Bide horretan, besteak beste, esan dute eskola publikoaren «bilakaerarako eta garapenerako» plan estrategikoa egin beharra dagoela. Gainera, nabarmendu dute plan estrategikoaren eskutik memoria ekonomiko bat ere behar dutela. Eta irakasle klaustroan egonkorrak izatea galdegin dute.

Euskara ere hizpide izan dute: proposatu dute gaur egungo hizkuntza ereduen sistema gainditzea eta eredu orokortu inklusibo bat ezartzea, euskara gaitasuna bermatuko duena. Halaber, nabarmendu dute euskararen erronka irakasle guztiena dela, ez hizkuntza irakasleena bakarrik. Hortaz, nahi dute gainerako irakasleek ere hizkuntzen trataerari buruzko formakuntza jasotzea. Segregazio neurriez ere aritu dira. Heizeko kideen esanetan, itunpekoen eskaintzari muga jarri behar zaio.

Bestalde, bereziki segregazioaz aritu dira Save the Childreneko ordezkariak. Uste dute aurrerapenak egon badaudela lehen zirriborrotik lege proposamenera: besteak beste, lekuen erreserba sistema eta doakotasuna aipatu dituzte. Hala ere, ñabardura bat egin du Alvaro Ferrer erakundeko kideak: «Aurrerapenak nahikoa dira? Uste dugu ezetz».

Ferrerren hitzetan, izan ere, legea helburu batzuk jartzea baino gehiago da: helburu horiek lortzeko tresnak ere zehaztu behar dira, eta uste dute gaur-gaurkoz ez daudela nahikoa: «Euskal hezkuntza Zerbitzu Publikoa sortze hutsak ez dio aurre egingo segregazioari, beste neurri batzuk ez dauden bitartean. Esan dute baldintzak zorroztu behar zaizkiela itunpekoei, eta, adibidez, eska dakiekeela umeen ehuneko jakin bat «zaurgarriak» izatea.

Heizek eta Save the Childrenek ez ezik, beste hainbat eragilek eta norbanakok ere parte hartu dute azken saioan. Anjeles Iztueta Hezkuntza sailburu ohiak, esaterako, proposatu du euskara «hizkuntza propiotzat» hartzea.Sormenean hezi, kulturan bizi taldeko kideek, berriz, nabarmendu dute lege proiektuak «gabeziak» dituela euskal kulturaren transmisioa bermatzeko orduan. «Kezka» adierazi dute horrengatik.

Aurrera begira

Bukatu dira adituen agerraldiak. Eta orain, zer? Ostiralean amaituko da tartea nahi duen orok ekarpenak egiteko, eta, gero, zuzenketak aurkezteko eta eztabaidatzeko garaia izango da. Jokin Bildarratz Hezkuntza sailburuak behin baino gehiagotan esan izan duenez, legealdi honetan onartuko dute legea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.