Koronabirusa. Rafael Bengoa. Osasun politiketako nazioarteko aholkularia

«Hein batean, jokoz kanpo harrapatu gaitu birusak»

Esana zuen Bengoak: iragan urteotako epidemia ugari handiago baten atarikoak ziren; prestatu egin behar zen oldarraldi latzago baterako. Onartu du hainbat gabezia agerian geratu direla orain.

GORKA RUBIO / FOKU.
arantxa iraola
2020ko martxoaren 25a
00:00
Entzun
Otsailaren 12an, Tolosan (Gipuzkoa) hitzaldi bat eman zuen Rafael Bengoa (Caracas, 1951) osasun politiketako nazioarteko aholkulari eta Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburu ohiak; atzerri urrunetatik zetorren burrunba bat zen oraindik COVID-19 eritasuna, baina halakoei adi erreparatzea garrantzitsua zela ohartarazi zuen solasaldiaren ostean BERRIAri eman zion elkarrizketan: «Izan ere, izurri eta izurri artean ez da deus egiten. Eta, izurrien artean deus egin gabe jarraitzen badugu, beti izango ditugu ezusteak. Areago, ezuste horietako bat arrunt hilgarria izan daiteke». Asteotan koronabirusaren ondorioz sortu den egoera larriak hainbat gabezia eta hutsune agerian utzi dituela onartu du. OME Osasunerako Mundu Erakundean ziharduen SARSren izurria jazo zenean;Jaurlaritzan Osasun sailburu H1N1ena gertatu zenean. Uste du ez zela behar adinako ikasbiderik atera haietatik.

Zer gertatu da egoera horrenbeste larritzeko?

Pixka bat berandu hasi gara erantzuten, Txinatik zetozen datuak ez baititugu garaiz kontuan hartu. Baina aintzat hartu behar da Txinan ere hilabetean igaro zirela kasu bakar bat izatetik hiri oso bat kutsatuta egotera. Hilabete horretan, urtarrilean, argi ikusi zen birus hau oso kutsakorra zela. Beste kontu bat da guk pentsatu izana hain indartsu helduko zela Italiara edo Espainiara... Baina, tira, oro har, orain arte gaitzari aurre egiteko ebatzi diren etapak dira OMEk 2005ean zehaztu zituenak SARS, MERS eta beste hainbat eritasunen izurrien bilakaerak aztertu ondoren. Haiek, nolabait ere, berak bakarrik itzali ziren, hainbat herrialdek hartutako erabaki irmoen ondorioz. Zer gertatu da? Hein batean, jokoz kanpo harrapatu gaituela orain birus honek. Baina gero uste dut neurri egokiak hartu direla; aurrena, birusa hesitzen saiatzeko ahaleginak izan ziren, baina horiek ez ziren aski izan, eta konfinamenduaren alde egin behar izan da azkenean. Eta zera esan behar da: konfinamenduek funtzionatu egiten dute. Beti funtzionatu dute. Serio egiten badira,oso eraginkorrak dira tankera honetako epidemiak kontrolatzeko neurri gisara.

Zeuk esan duzu: jokoz kanpo hartu ditu, hein batean, epidemiak herrialde asko, aurrez beste toki batzuetan jazotakoari neurria hartu ezinik. Nola uler daiteke hori gaur egun? Ezagutzaren transferentzia gauzatzeko tresnak hain ugariak dira...

SARSaren epidemiaren ostean-eta plazaratu ziren gomendioetako bat izan zen OMEk azkar esku hartzeko ahalmen handiagoa behar lukeela halako kasuetan. Nazioarteko taldeak behar lituzke, bizkor batean epidemia bat duen munduko bazter batera joateko, eta han eragiten hasteko. Munduan ez da hori gertatzen ari, ordea; ez behar lukeen abiaduran, behintzat. Izan ere, hainbat estatuk badituzte halako sistemak, baina beren nazioetarako bakarrik dira. Nazioarteko sistema bat ehuntzea litzateke orain helburua. Horiek ondo jarduteko, ordea, ezinbestekoa da halako egoeraren bat duten estatuek lehenbailehen jakinaraztea zer gertatzen ari zaien.

Nazioarteko talde horiei ahalmena ere eman beharko zaie. Eragiteko, erabakiak hartzeko...

Bai, SARSaren epidemiaren harira zenbait erabaki hartu zituen OMEk, eta hainbat estatuk kritikatu egin zuten; izan ere, argudiatu zuten halakoak ezin zirela utzi nazioarteko talde baten esku. Gaizki ulertutako nazionalismo horren ondorioz, behar adinako sendotasunik ezin izan zaio emannazioartean esku hartzeko ahala izango duen sistema bat eraikitzeko prozesuari.

Baina, halakoetan, erantzunak ahalik eta globalena izan behar du, ezta? Ezinbestekoa da...

Bai, globala izan behar du. Onartu behar dugu, gainera, bagenekiela hau gertatuko zela. Ez Bill Gatesek orain dela urte batzuk horren berri emateko bideo bat egin zuelako bakarrik. Aditu guztiak ari ziren esaten hiru-lau urtean behin halako zerbait izaten dugula. Jende asko esaten ari da hau zisne beltz deituriko bat dela; hala esaten zaie, hain justu, aurreikusi ezin diren gertaerei. Baina, ez, hiru urtean behin halako zerbait gertatzen bada, horretarako prest egon beharko genuke. Ea oraingo honetan ikasten dugun. Epidemiologian beti esaten da halakoak saihestea ez dagoela gure esku, baina prestatuta egotea, bai: gure esku dago. Halakoen mehatxua iraunkorra da egun; erantzunak ere iraunkorra izan behar du.

OMEk ahalmen handiagoa behar duela diozu. Orain ere ari zen abisatu eta abisatu. Haren hitzak ez dira aintzat hartzen?

Halaxe da. Hamabost urte daramatza esaten hainbat eritasun epidemia bihurtzen direla, eta, aurrerago, pandemia; sistematikoki gertatzen da, gainera, hori. Ez zitzaion esku hartzeko gaitasunik eman, ordea; horrelako sistemak ehuntzeko beharko lukeen funtsik ere ez.Eta horren ondorioz gaude orain gauden tokian. Oraingoak aurrekoek baino ondorio larriagoak izango ditu; NBE Nazio Batuen Erakundeaknazioarteko esku hartze bat behar dela erabakitzea espero dut.

Adinekoei eta osasun egoera kalteberan daudenei gogor erasaten die birus honek. Haien osasun arta ona bermatu beharra agerian utzi du pandemiak. Horren arabera jardungo duen osasun sistema baten defendatzaile irmoa zara zu...

Bai, garrantzitsua da paziente horiek guztiak radar batean atzemanda edukitzea. Eta, hain zuzen ere, horretarako urratsak eginda baleude, Txinan birusaren ondorioz adinekoekin zer gertatzen zen ikusita, birusa hona heltzean, neurriak hartu ahal izango lirateke propio pertsona horiek babesteko. Zer gertatu da? Arta eredu hori ez dagoela oraindik guztiz garatuta. Ondorioz, ezin izan dugu era proaktiboan jardun adineko pazienteek eta kronikoek dituzten beharrei begira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.