Errigora, Agerraldia, eta iazko azarotik, Hordago. Euskararen inguruko mugimenduak gora egin du Erriberan azken urteotan. Hordago herri ekinaldiak iazko azaroaren 13an egin zuen lehendabiziko agerraldia, Cortesen, eta erdigunean jarri zuen zer helburu duen: zonifikazioaren aurka lan egiteko sortu dute, euskara herrialde osoan izan dadin ofiziala. Hegoaldetik bultza egiteko prest dira.
Errigora eta Agerraldia dira Hordago herri ekinaldiarekin bat egin duten eragileetako bi; hainbat norbanako ere batu dira. “Ia 40 urte joan dira zonifikazioa ezarri zenetik. Duela bi urte hasi ginen gogoeta egiten, ohartu ginelako auziak astindu bat behar zuela”, azaldu du Hordago ekinaldiko kide Daniel Jimenez tuterarrak.
Astindu hori Erriberatik eman nahi izan dute. “Zonifikazioak kalte handiena eragiten duen eskualdetik”. Hegoaldetik ari dira lanean, baina herrialde osoan eragitea dute helburu, hizkuntza eskubideak “herritar guztienak” direlako. Sarea osatu nahi dute eskualdez eskualde, hain zuzen ere, eta asmo horrekin ari dira batzarrak egiten Erriberan eta erdialdeko eskualdeetan.
Herritarrak erdigunean
Hiriburutik at, herriz herriko lanari eman nahi diote balioa. “Horregatik egin genuen lehen agerraldia Cortesen, hango herritarrekin; eta horregatik eginen dugu manifestazioa Tuteran”. Urriaren 22rako antolatu dute protesta hori, Zonifikazioari hordagoa lelopean, “bereizkeriarik gabeko herrialde bat” exijitzeko. Tuteran egin zuten urriko manifestaziora deitzeko agerraldia, ekainaren 25ean.
Hordagok Tuterako eta inguruko herritarrak “mobilizatu” nahi ditu, batez ere, urriko protestarako. “Herritarrak jarri nahi ditugu erdigunean. Erriberan anitzetan sentitu gara bakartuta, baina euskara ere bada Erriberakoa, eta hemen ere bada euskararen alde ari den jendea”, erran du Jimenezek.
Euskararen legeak eremu ez-euskalduntzat dauka Erribera, eta horrek eragina izan du hango egoera soziolinguistikoan; horrek ez du erran nahi, halere, lege horrek euskararen aldeko aldarria isiltzea lortu duenik, eta Errigorak edo Hordagok eragin duten oraingo goraldia gertatu baino lehen ere egon dira Erriberan zenbait eragile euskararen alde lanean. “Euskara gurea ere badela ukatzen duenik bada, baina euskararen aldeko herritar anitz ere bai; euskaraz egin ez arren, hizkuntza eskubideen alde dira horiek ere”, erantsi du Jimenezek. Euskaraz egiten ez duten horiekin ere egin nahi dute lan, hain zuzen ere, zonifikazioa gainditzeko.
Euskararen aldeko mugimenduak Erriberan egin dituen urratsek herrialde osoari eragin diote. Iruñerrian ere sumatu dute hegoaldetik hizkuntza eskubideen auziari eman dioten bultzada, eta eskertu egin dute. Iruñean, hain justu, Euskararen Defentsarako Sarea aurkeztu berri dute, euskararen aurkako “etengabeko erasoei erantzun azkar bat” emateko asmoz. “Iruditzen zait Erriberan beste edozein tokitan baino mugimendu handiagoa dagoela orain; inportantea da aldarriak handik egitea”, erran du sare horretako kide Fermin Zabaltzak.
Lehen protesta, ekainean
Euskararen Defentsarako Sareko kideek euren bultzada gehitu nahi diote Erriberako euskalgintzak egindakoari. Ekainaren 17an egin zuten sarea aurkezteko lehendabiziko elkarretaratzea, eta Tuterako Hizkuntza Eskola Ofizialak euskararen inguruan egin nahi dituen murrizketak salatu zituzten. Taldeen erdiak bertan behera utzi nahi ditu Nafarroako Gobernuak Tuterako egoitzan.
“Nafarroako Gobernuko Hezkuntza kontseilari Carlos Gimeno euskararen etsai amorratua da; hark egindako deus ez da kasualitatez gertatzen: dena egiten du euskararen aurkako estrategia baten barruan”, salatu du Zabaltzak.
Halere, Hezkuntza Departamentua ez da euskararen aurka egiten duen bakarra, Euskararen Defentsarako Sareko kideak kontatu duenez. Nafarroako Administrazio Auzitegiak eremu mistoko udalen autonomiaren kontra hartu dituen erabakiak jarri ditu erdigunean: “Euskararen legeak udal horiei onartzen die erabakitzea euren
lantaldeetako zer postutan izanen den euskara derrigorrezko, eta zeinetan merezimendu; legearen kontra, udal horien hizkuntza eskakizunak bertan behera uzten ari da Administrazio Auzitegia, behin eta berriz”.
Egoera hori “oharkabean” pasatzen ari dela gaineratu du Zabaltzak. Gisa horretako erasoen aurrean noizean behin manifestazio bat egitea ez dela nahikoa uste dute sareko kideek, eta horregatik sortu dute plataforma hori. “Asmoa da egunerokoan gertatzen diren erasoei berehala erantzutea”.
Berehalako erantzuna
Whatsapp talde bat sortu dute horretarako. Hori da erasoen berri emateko eta jasotzeko euskarria, bai eta erantzuna antolatzekoa ere. “Helburua da zerbait gertatu den tokian agertzea pankarta batekin, eta salatzea. Xedea ez da jendetza elkartzea; berehala erantzun nahi dugu, eta azaldu ez gaudela prest eraso bakar bat ere onartzeko”, aipatu du Zabaltzak. Sarean parte hartu nahi duenak mezu elektroniko bat bidal dezake [email protected] helbidera.
Lizarran, Garean elkarteak ere sare sozialak baliatzen ditu. Kotarro izeneko hedabide digital eta fisikoa badu, adibidez, herritarrengana heltzeko.
“Garean 2007. urtean sortu zen, Lizarran, euskaldunen komunitatea trinkotzeko asmoz”, azaldu du Alfredo Dufur kideak. Bidean urrats anitz egin dituzte geroztik, eta sumatzen da karrikan, bertzeak bertze. “Euskararen erabilerari buruzko datuak Iruñerrikoak baino hobeak dira”. Erriberan bezala, herrigintzak duen balioa nabarmendu du Dufurrek. Hordagorekin ere hasi dira harremanetan. Elkarlanerako prest dira; hegoaldetik datorren bultzada laguntzeko prest.
Bor-bor Bortzirietako euskaltzaleen mugimendua aurkeztu dute Lesakan
Eragile sortu berriak helburu hartu du euskararen erabilera sustatzea Bortzirietako herrietan. Herritarak ahalduntzeko ere lan egin nahi dute.
“Bor-bor sortu dugu, Bortzirietako euskaltzaleen mugimendua, gure herrietan euskara sendoago aditzeko, esparru berrietara zabaltzeko, geuretik aritzeko, indarrak biltzeko. Mugimendua osatu nahi dugu, bor-bor paratu gure herriak. Elkarrekin ari, batera ekin”. Halaxe aurkeztu zuten Bor-bor Bortzirietako Euskaltzaleen Mugimendua larunbatean, uztailaren 2an, Lesakan egindako jende aitzineko ekitaldian.
Urtebeteko lan isilaren ondotik sortu da euskararen aldeko Bortzirietako elkarte berria. Iazko udaberrian plazaratu zuten Bortzirietan euskalgintza artikulatzeko modu berri baten beharra. Ordura bitarte, herriz herriko euskara batzordeek egiten zuten dinamizazio lana. Bortzirietako Euskara Mankomunitateak eredu hori agortua zela uste zuen, ordea, eta jardunaldi batzuk eta hausnarketa prozesu bat paratu zituen abian, bertze lekuetako esperientziak ikusi eta Bortzirietan zer egin zitekeen aztertzeko.
Jardunaldi horiek eman zuten beren fruitua, bertan eratu baitzen Bor-borren ernamuina izanen zen lantaldea. Geroztik, urtebetez Bortzirietako euskaltzale talde bat aritu da etorkizuneko Bortzirietako euskalgintza artikulatuko zuen mugimendu edo talde bat sortzeko prozesuan lanean, eta bertatik jaio da Bor-bor, zeina orain aurkeztu baitute.
Larunbatean 12:00etan paratua zuten hitzordua, eta ordurako jendez betetzen hasi zen Lesakako plaza. Euskaratik eta euskaraz, elkarrekin eta batera leloa zuen elastiko urdina soinean batzuk, Elkarrekin ari, batera ekin leloa zuen pegatina gorria soinean bertzeak, txistulari eta trikitilariekin eman zioten hasiera ekitaldiari.
Maite Bidartek egin zituen aurkezle lanak, eta Ritxi Abril eta Juanen Saralegi arduratu ziren azken urteetako errepasoa egiteaz, umorez. Horiekin batera, Bortzirietako zenbait dantzarik hartu zuten parte ekitaldian, eta baita hiru belaunaldi eta herritako bertsolariek ere: Arantzako Kattin Madariaga, Berako Julen Zelaieta eta Lesakako Manolo Arozena.
“Elkarrekin eta batera”
Arantzako Mentxu Peña eta Etxalarko Beñat Iratzoki euskaltzaleak arduratu ziren elkartearen sorrera mezua irakurtzeaz. “Euskara dantzan paratu nahi dugu. Mugimenduan. Futbolean edo pilotan jostetan. Rapean eta bertsotan. Pantailan eta paperean. Mugimenduan. Bor-borrean”.
Bor-bor zertarako sortu den ere azaldu zuten: “Orain arte euskalgintzak egin duenetik ikasi eta bide berriak urratzeko. Bortzirietako herritarren arteko indarrak bildu, metatu, pilatu, jauzi bat emateko. Herritarren, zuen guztion, gu guztion kemena bildu nahi dugu, barreneko sentimendu gartsua atera, euskararen alde paratu”.
Bide hori dena “elkarrekin eta batera” egiteko beharra nabarmendu zuten: “Elkarlanean eta elkarrekin aritu nahi dugu. Euskara gure karriketan aditzeko, eta gure etxeetara, lantokietara, ostatuetara eta eskolara sartzeko. Zernahi lanetan aritzeko. Nonahi mugitzeko”.
Mezua irakurri ondotik, Bortzirietako bortz herrietako dantzariek aurkezpen egunerako espresuki sortutako agur berezia dantzatu zuten, eta Bortzirietako Bertso Eskolako kideen abesti batekin bukatu zen Lesakako ekitaldia.
Unai Ruiz beratarrak egindako murala erakutsi zuten orduan. Mural hori izanen da, hain zuzen ere, Bortzirietako bortz herriak lotuko dituena, udan batetik bertzera eramanen baitute taldearen aurkezpenak egiteko. Irailetik aitzinera abiatuko da, berriz, elkartearen jardun iraunkorra, Bortzirietan euskara eta euskararen aldeko aldarria borborrean paratzeko.