Ramosen ustez, «egoera larria da», nahiz eta gizentasunaren tasa (%10,2) Espainiak duen indizetik (%16) edo Ameriketako Estatu Batuetan dagoen batez bestekotik (%20) urrun egon.«Gizentasuna eta gehiegizko pisua ez dira berehalako arazotzat hartzen, ez baitute minik egiten, baina argi dago haur eta gazte batek nagusi denean pairatuko dituen arazoen iturri zuzena dela», ohartarazi zuen medikuak. Gaztarora arte gizakiak izango duen gantz kopurua zehazten dela azpimarratu zuen.
Gizentasuna edo gehiegizko pisua dute 6 urtekoen %20k
Ikerlanak 6 urtetik aurrerakoei heldu die, baina 6 urtetik beherako umetxoen elikaduran gehiegizko pisua lortzen laguntzen duten ohitura batzuk agertzen hasten direla sumatu dute (sei urteko haurren %20tik gorak gehiegizko pisua edo gizentasuna dute). Ramosen hitzetan, «hausnartu beharko genuke zer egiten ari garen haur txikiekin, elikatzeko kontuan helduon eskuetan baitaude».
Azterketak Araba, Bizkai eta Gipuzkoako 11.000 haur eta gazteren elikadura aztertu du, eta Nafarroan egindako azterketak ere hartu ditu aintzat. Oro har, ohitura txar ugari ikusi dituzte, eta, nabarmenena, gozoki asko jaten dela. Alabaina, kasu batzuetan hobera egin dela uste dute: oliba-olioa, fruitu lehorrak edo esnekiak jateko joera handitu egin da. Ildo horretan, Ramosek proposatu zuen fruitu lehorrek gozokiek duten rola ordezkatzeko aukera aztertzea.Bestalde, sendagileak onartu zuen «alde dezente» dagoela herrietako umeen eta hiri-guneetan daudenen dieten artean. Herrietakoena hirietakoena baino «orekatuagoa» dela esan zuen.Gizentasuna goranzko joera da. Europako Batasunean plazaratutako txostenak dio urtero 400.000 haur sartzen direla gehiegizko pisuko zerrendan. Kontuak ondorio ekonomikoak ditu: EBko osasun gastuen %7 gehiegizko pisu arazoak artatzeko bideratzen baitira.Vital Kutxaren Fundazioak kanpaina sendoa abian jarri du azken bolada honetan herritarrek ganorazko elikaduraren ohiturak har ditzaten. Aurtengo maiatzean aurkeztutako txostenak ohartarazi zuen Araba, Bizkai eta Gipuzkoako 18 urtez gorako herritar guztien %50,1ek gainpisua edo gizentasuna daukatela; 41 urtetik aurrera gizentasuna pairatzeko arriskua biderkatu egiten dela adierazi zuen.
EAEko haur eta gazteen elikadura
Vital Kutxaren Fundazioaren lanak banan-banan aztertu ditu Araba, Bizkai eta Gipuzkoako 6 eta 18 urte bitarteko ume eta gazteek dituzten elikatzeko nahiz beste era bateko ohiturak, janari bakoitzaren kontsumo mota zehaztuta. Hona ezaugarri nagusiak:
Gosaria: %6k ez dute gosaltzen, %20k ez dute esnekirik hartzen eta %44k ez dute zerealik edo ogirik jaten. Hamar minutu baino gutxiago behar dituzte gehienek (%68k).
Hamaiketakoa: %55ek ez dute egiten, eta, egiten dutenen artean, gailetak jaten dituzte %47k, gozokiak %21ek, ogitartekoa %18k eta fruta %18k.
Askaria: Ez dute egiten %26k, eta, egiten dutenen artean, ogitartekoa jaten dute ia denek (%76k). Fruta jaten dute %29k, esnekiak %21ek eta gozokiak %12k.Fruta: Haur eta gazteen %47k erantzun dute ez dutela ia inoiz fruta jaten (egunero gutxienez hiru aldiz jatea gomendatzen dute sendagileek) eta %26k diote ez zaiela gustatzen.
Arraina: %29k onartzen dute ez dutela ia inoiz jaten (gomendatzen da astean hiru edo lau aldiz jatea). Bestalde, %52k esaten dute ez zaiela arraina gustatzen.
Okela: Fruta edo arrainarekin gertatzen denaren aurkakoa gertatzen da okelarekin, gomendatzen denaren halako bi jaten ari baita. Haragia gustuko ez dutenak %13 besterik ez dira. Astean lau aldiz baino gehiago jaten dute %46k eta ia inoiz ez soilik %6k.
Frijituak: %31k diote astean lau aldiz baino gehiago jaten dituztela. Azterketak ondorioztatu du behar baino bi aldiz gehiago jaten direla.
Lekaleak: Haur eta gazte askok (%41ek) ez dituzte gustuko. Osasunaren Munduko Erakundeak dio bi edo hiru aldiz jan behar direla asteko, baina %18k aitortzen dute ez dutela ia inoiz jaten.
Pasta: Gomendagarria den mailatik gertuen dagoen kontsumoa da. Soil-soilik haur eta gazteen %9k diote ez zaiela pasta gustatzen.
Erraiak: Gibela eta abarreko janariak oso mesedegarriak dira, adibidez, A motako bitamina gorputzari hornitzeko, baina ikerketak erakutsi du haur eta gazteek ez dutela ia probatzen. %80k esaten dute ez dutela batere jaten.
Ariketa fisikoa: Azterketak dio gaur egungo haur eta gazte asko (%50etik gora) sedentariotzat har daitezkeela, ez baitute ohikoa izaten ariketa fisikorik egitea.