Koronabirusa

Hegoaldeko ikasleak ere aurrez aurre itzuliko dira ikasgeletara

Txertatuta daudenek eta umeek ez dute berrogeialdirik egin beharko positibo eman duen baten kontaktu estua direnean, baldin eta negatibo ematen badute. Eguberrien osteko itzulera ez dute atzeratuko

Zarauzko Orokieta eskolako umeak ikasgelan, artxiboko irudi batean. GORKA RUBIO / FOKU.
Irati Urdalleta Lete.
2022ko urtarrilaren 5a
00:00
Entzun
COVID-19aren goraldi bete-betean egonagatik ere, Hego Euskal Herriko umeak ere aurrez aurre itzuliko dira ikastetxeetara. Atzo hartu zuten erabakia, Espainiako Gobernuko eta autonomia erkidegoetako ordezkariek egindako bileran. Gabonen osteko itzuleraz hitz egiteko bildu ziren, eta erabakia argia izan zen: maila guztietako ikasleak aurrez aurre itzuliko dira ikasgeletara, aurrez ezarritako egunetan. Hego Euskal Herriko ikasle batzuk ostiralean itzuliko dira ikastetxeetara, eta gainerakoak, berriz, hurrengo astean.

Bileraren ostean, prentsaurrekoa eman dute Espainiako Gobernuko Hezkuntza eta Lanbide Heziketako ministro Pilar Alegriak, Unibertsitate ministro Joan Subiratsek eta Osasun ministro Carolina Dariasek. Mezu bat nabarmendu dute behin eta berriz: ikasgelak leku seguruak dira.

Baina zer gertatuko da ikasleren batek positibo ematen duenean? Kazetarien galderei erantzunez, Dariasek esan du gizartean dagoen protokoloa egongo dela ikastetxeetan ere. Beraz, positibo ematen duten ikasleek zazpi egunez egon beharko dute etxean—orain arte hamar egunez egoten ziren—. Positibo baten kontaktu estua izan eta negatibo ematen dutenen artean, berriz, aldea dago: txertatuta daudenek ez dute berrogeialdirik egin beharko, baldin eta sintomarik ez badute; txertoa hartu ez dutenek, berriz, zazpi eguneko berrogeialdia egin beharko dute. Itxialdiak malgutzeko aukera ere zabalik utzi du Dariasek: Alarma Batzordeak egin beharko luke proposamena, eta Osasun Publikoaren Batzordeak aztertuko luke. Nafarroako Gobernuko Hezkuntza kontseilari Carlos Gimenok aukera hori defendatu du. Haren hitzetan, mesedegarria litzateke Osasun Publikoko Batzordeak erabakitzea ikasleek«modu orokorrean» ez egitea berrogeialdirik: «Nafarroako hezkuntzarentzat albiste on bat izango litzateke, presentzialtasuna areagotuko lukeelako, eta, beraz, baita ekitatea eta aukera berdintasuna ere».

Txertaketa da gakoa

Kasuen kudeaketan ez ezik, prebentzioan jarri du arreta Dariasek. Txertaketa. Horixe da, haren hitzetan, birusari aurre egiteko dagoen «armarik onena». Hori horrela, ikasleak eta gainerako herritarrak txertatzera deitu ditu: «Txertoek bizitzak salbatzen dituzte». Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, esaterako, 5 eta 11 urte bitarteko haurren %34,9k hartua dute dosi bat behintzat, eta %4,1ek pauta osoa. 12-15 urteko gazteen %91,8k dute pauta osoa, eta 16-19 urtekoen %90,6k. Nafarroan, 5-11 urteko umeen %32 inguruk ipinita daukate lehen txertoa. Gainerakoan, orain arteko neurriei eutsi beharko diete ikasgeletan: hala nola aireztapen gurutzatua eta maskararen erabilera —patioan daudenean ere bai—. Gimenok jakinarazi duenez, protokoloak indartuko dituzte, eta astelehenean bidaliko dizkiete eskolei.

Unibertsitateei dagokienez, Subiratsek gogorarazi du unibertsitate gehienetako ikasleek azterketak izango dituztela datozen asteetan. Adierazi du, halaber, aurrez aurre egingo dituztela proba horiek, eta otsailean ere eskolak hala hasteko asmoa erakutsi du. Horrez gain, adierazi du aztertzen ari direla pandemiagatik etsaminak egin ezin dituzten ikasleekin zer egin, deialdirik ez dezaten galdu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.