Koronabirusari aitzin egiteko neurriek airearen kalitateari eta kutsadurari ere eragin diote. Nabarmen murriztu dira errepideetako joan-etorriak, eta horrek eragin zuzena izan du kutsaduran. Hala, Ekologistak Martxan elkarteak aurkeztutako txosten baten arabera, konfinamendua hasi zenetik, Martxoaren 13tik, nabarmen murriztu da Hegoaldeko hiriburuetako aire kutsadura. Aitzineko urteko hilabete berarekin alderatuta, erdira murriztu da airean atzemandako NO2 maila. Azken hamarkadan martxoan eta apirilean erregistratuetako txikienak dira. Apiril hasieran ere egin zuten beste neurketa bat, eta ordurako sumatua zuten airearen kutsadura murriztu egin zela itxialdiarekin.
Gasteiz izan da kutsadura gehien murriztu duen hiria, iazko datuekin alderatuta erdia baino gehiago murriztu baita kutsadura: %58. Iruñean ere erdia baino gehiago gutxitu da kutsadura, %54. Donostian eta Bilbon, aldiz, gutxiago murriztu da kutsadura, nahiz eta hiriburu horietan ere nabarmen gutxitu den. Donostian %49 eta Bilbon %46. Ekologistak Martxan taldeak nabarmendu duenez Hegoaldeko lau hirietan legezko muga balioaren eta Osasunaren Mundu Erakundearen urteko gidaren «oso azpitik» mantentzen dira datuok.
Ekologistak Martxan-ek nabarmendu du, gainera, udaberrian nagusi izaten diren euriek eta aldakortasun atmosferikoak ere anitz lagundu duela airearen kalitatea hobetzen. Datuak aztertzen direnetik apirilik hezeena izan da aurtengoa, eta martxoa ere oso hezea izan zen, elkartearen hitzetan.
Talde ekologistak ondorio argia atera du: hirietako motor trafikoa murrizteak nabarmen gutxitzen duela kutsadura eta, beraz, osasun publikoa hobetzen duela. Hori guztia osasun larrialdiko egoera batean gertatzea paradoxikoa den arren, instituzioei adierazi diete badela nahikoa arrazoi mugikortasun politikak aldatzeko: «Emisio txikiko eremuak ezarri beharko lirateke, garraio publikoa berreskuratu eta bizikleta eta oinezkoen zirkulazioa indartu, ibilgailu motordun pribatuaren ordezko garraiobide gisa»; hala eskatu dute. Herri barneko abiadura muga orduko 30 kilometrora jaisteko eskatu dute, eta garraio publikoa bermatzea, finantzaketa lege baten bidez. Halaber, Ekologistan Martxan-ek eskatu dute hurbileko erosketa, borondatezko telelana, administrazio elektronikoa eta lanorduen mailaketa bultzatzeko.
Nitrogeno dioxidoa da autoen ihes hodiek isurtzen duten kutsatzailerik ohikoena; hortaz, haren bilakaera erabat lotuta dago motor trafikoaren isurketekin. «Gas narritagarria da, eta arnasketako gaixotasunak larriagotzen ditu, baita hainbat heriotza goiztiar eragin ere», azaldu du Ekologistak Martxan-ek.