Kutsadura

Hegoaldeko hamar herritarretik zazpik aire kutsatua arnasten dute, EBk proposatutako legeen arabera

Airearen kutsadurak gora egin du Hego Euskal Herrian, «ekonomia suspertzearen, trafikoa handitzearen eta klima aldaketaren ondorioz», Ekologistak Martxan-en arabera

Erandio kutsadura handia jasaten duen herrietako bat da. MIREIA CANTN DEL PALACIO / EFE
inaki petxarroman
2023ko ekainaren 20a
16:25
Entzun

COVID-19aren krisiak eragindako joan-etorrien murrizketak amaituta, bero handiak eta euri faltak partikulen eta ozonoaren kutsadura handitu zuten iaz Euskal Herrian, Ekologistak Martxan taldeak airearen kalitateari buruz egindako urteko txostenaren arabera. Hego Euskal Herriko hamar herritarretik zazpik aire kutsatua arnastu zuten, Europako Batasunak (EB) proposatutako lege berrien arabera.

Ekologistak Martxan taldeak, txosten batean, 69 estaziotako datuak ikertu ditu lau herrialdeetako kutsadura neurtzeko. Txostenean, bi ataletan eman dituzte datuak: Araba, Bizkai eta Gipuzkoakoak batetik, eta Nafarroakoak bestetik.

Ondorioak, baina, nahiko antzekoak dira. 2022an okerrera egin zuen airearen kalitateak, aurreko bi urteekin alderatuta. Araba, Bizkai eta Gipuzkoan, herritar guztiek eta lurraldearen %99k kutsadura «osasungaitza» jasaten dute. Nafarroan, pixka bat txikiagoa da proportzio hori, eta bereziki Nafarroa erdian eta hegoaldean jasaten dute: eskualde horietako lurraldearen bi herenek landaretza hondatzen duen kutsadura pairatzen dute.

Ozonoaren eta partikula esekien kutsadura (PM10 eta PM2,5) «nabarmen» handitu dela ohartarazi du ekologisten txostenak. Nitrogeno oxidoaren kutsadura ere areagotu da, baina ez da iritsi pandemiaren aurreko urteetako ohiko kantitateetara.

Txostenak Osasunerako Mundu Erakundearen (OME) eta EBren ohiko aire kutsaduraren irizpideak hartzen ditu aintzat. OMEren datuak gogorragoak dira, eta, horien arabera, ez litzateke egongo aire kutsatua arnasten ez duen herritarrik Araba, Bizkai eta Gipuzkoan. Europako Batasunak indarrean duen legea askoz arinagoa da, eta horren arabera, beraz, ez litzateke egongo aire kutsatua arnasten duen herritarrik. Alabaina, EBk 2030erako proposatutako irizpide berrien arabera —aldaketa prozesuan dago araudia— Hego Euskal Herriko hamar herritarretik zazpik aire kutsatua arnasten dute gaur egun. «Horrek erakusten du zenbaterainokoa den administrazioek hurrengo urteotan egoera hori zuzentzeko duten erronka», ohartarazi du Ekologistak Martxan-ek ohar batean.

Txostenak dioenez, batez ere garraioa eta jarduera ekonomikoa suspertu direlako kutsatu da gehiago airea 2022an. Halaber, urte lehorra eta beroa izan zen, eta partikulek eragindako kutsadura abisuak indarrean jarri zituzten hainbatetan. Horrek ere eragin handia izan zuen airearen kalitatearen okertzean.

Airearen kalitatea hobetzeko planak

Txostenaren egileek ohartarazi dute indarrean dagoen legediaren arabera nahitaezkoak direla airearen kalitatea hobetzeko planak. Eusko Jaurlaritzak oraindik ere ez du betetzen ozonoak eragindako kutsaduraren aurka borrokatzeko plan bat onartzeko betebeharra. Nafarroako Gobernuari ere leporatu diote orain arte planik ez egin izana. Auzitegiek aginduta, ozonorako aire kalitatea hobetzeko plan bat tramitatzen hasi da gobernua, Erriberarako.

Txosten egileen arabera, hirietan airearen kalitatea hobetzeko modu bakarra da trafiko motorduna murriztea, oinezkoen eta bizikleten mugikortasun aktiboa eta garraio publiko garbia sustatuz. Halaber eskatu dute energia aurreztea bultzatzeko, erregai fosilen zentral termikoak ixteko, diesela zigortzeko, hegazkina gutxiago erabiltzeko, ipar-ekialdeko Atlantikoko itsas garraioaren isuriak kontrolatzeko eremu bat izendatzeko, eta abereentzako makroetxalde berrien moratoria bat ezartzeko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.