Hegoaldeko gobernuek genero indarkeriaren aurkako ituna sinatu dute

Erkidegoek Madrilgo gobernuari eskatu diote edukiz eta tresnaz horni dezala ituna. Madrilgo Mediku Elkargoak txostena ireki dio Yllanesi

Autonomia erkidegoetako ordezkariak atzo, Madrilen. BALLESTEROS / EFE.
aitor biain
2017ko abenduaren 28a
00:00
Entzun
Irailaren 28an onartu zuten indarkeria matxistaren aurkako ituna Espainiako Gorteetan, eta hura berretsi dute orain autonomia erkidegoetako gobernuek. Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak ere bat egin dute akordioarekin, eta atzo sinatu zuten Berdintasunaren Mahai Sektorialaren bileran.

Izaskun Landaida Emakundeko zuzendaria Eusko Jaurlaritzaren ordezkari gisa izan zen Madrilen. Ana Ollo Herritarrekiko eta Erakundeekiko Harremanetako kontseilaria izan zen Nafarroako Gobernuaren ordezkaria.

Espainiako Gobernuak 200 milioi euro jarriko ditu datorren urtean itunean jasotzen diren 214 neurrietatik 26 martxan jartzeko. Autonomia erkidegoek, baina, edukiz eta tresnaz hornitzeko eskatu diote gobernuari.

Espedientea Yllanesi

Madrilgo Mediku Elkargo Ofizialak espedientea ireki dio Jose Diego Yllanesi, Nagore Laffageren hiltzaileari, hirugarren graduan egonik Madrilgo klinika psikiatriko batean lanean aritzeagatik. Halaber, elkargoko kide izateko eta mediku gisa jarduteko bateraezintasun baldintzak berrikusteko ere eskatu dio Mediku Elkargoen Erakundeari.

Andrea eta Lunes Lila elkarteek «pozik» hartu dute albistea: «garaipen txiki bat» dela adierazi dute. «Sistemaren oker eta astakeria batzuen ondoren, medikuen erakundeek kasua aztertu eta neurriak hartzeko erakutsitako jarrerak arnasa eta poztasun apur bat eman digu». Hilketagatik zigortutako osasun langile batek berriz ere lanean jardutea salatu zuten bere garaian bi elkarteek.

Bestalde, 46 eta 30 urteko bi gizon atxilotu dituzte Abadiñon eta Getxon (Bizkaia), emakumeei eraso egitea leporatuta. Abadiñon atzemandako gizona espetxeratu egin dute; bikotekidea etxean atxiki izana eta sexu erasoak egin izana egotzi diote.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.