Hegoaldeko euskal presoak baldintzapean aske uzteko eskaerak ebazteko garaia

Areitiok eta Garrok eskaera egina diote Parisi, eta bide bera jorratzeko moduan dira beste hamar. Beste 21ek Espainiaren eragozpena daukate

enekoitz esnaola
2019ko urriaren 5a
00:00
Entzun

Frantziako Kontseilu Konstituzionalaren ebazpenaren ondorioz, urte politiko honetan ikusiko da Paris hasiko den baldintzapean aske uzten Hego Euskal Herriko presoak. Alaitz Areitioren eskaera mahai gainean du, baita Zigor Garrorena ere. Biek datorren urterako dute ezarria kartzela zigorraren amaiera —udazkenerako eta udaberrirako, hurrenez hurren—, baina, Parisi baldintzapean aske uzteko eskatua diotenez, irizpide berriarekin espetxea lehenago uzteko aukera daukate. Zigor Merodiok ere eskatu zuen, baina aske geratu zen duela bi aste, zigorra beteta. BERRIAk kontsultatutako iturrien arabera, Hegoaldeko beste hamar preso bide bera jorratzeko moduan dira, bakoitza bere garaian, baina, beste 21ek badute eragozpen bat: Madrilen estradizio edo euroagindu eskaerak direla eta, haien kontrako Espainiaratzea onartzea.

Orain ia hilabete jakin zen, hain zuen, Kontseilu Konstituzionalaren erabaki baten ondorioz sortu den irizpide aldaketa: epaitegiak Frantziako Konstituzioaren kontrakotzat jo zuen «terrorismo» aferetan zigortuak dauden «atzerriko nazionalitateko» kideek Parisi ezin eskatu ahal izatea baldintzapeko askatasuna —2016tik zigor prozedurako lege artikulu berri batek eskaera horiek egiteko baldintzak zorroztu egin zituen, eta Frantziako lurraldean egoteko debekua jasoa zuten atzerriko presoei eskaera egitea eragotzi zien—. Kontseilu Konstituzionalak ebatzi du proportzionaltasun printzipioa urratzen dela, eta gobernuari agindu dio legea erreformatu edo zuzendu dezala, beranduenez datorren urteko uztailaren 1erako.

Epeak garrantzitsuak izango dira. Halaber, ikusi beharko da gobernuak legea moldatu artean zein den Dei Auzitegiaren jarrera. «Ez dute heldu den urteko uztail arte itxaron beharrik», zioen duela lau aste Areitioren abokatu Maritxu Paulus Basurcok; «nahi badute, berehala egin dezakete».

Areitiok, Garrok eta beste hamar euskal presok printzipioz Espainiako Estatuan ez dute auzibiderik, edo haien akusazioak jada epaituak daude Frantzian. Kartzela zigorra bukatzean Parisek kanporatu egingo ditu, baina hori aurreratu egin daiteke baldintzapean aske uzten badituzte.

Urraketak

2016ko ekainean Frantziako zigor prozedurako kodea aldatzean erabaki zuten «terrorismo» kontuetan zigortutako guztiek proba epe bat bete beharko zutela baldintzapean aske uzteko eskaerak egiteko —urte bat eta hiru urte artekoa, zaintza neurriekin—. Horrek bete-betean eragiten zien Hego Euskal Herriko presoei, eta Areitioren abokatuak auzitegietan ohartarazi izan du legeak berdintasun, proportzionaltasun eta gizarteratze printzipioak urratzen zituela. Kontseilu Konstituzionalak arrazoia eman zion pasa den irailaren 6an, eta ez dago ebazpenaren aurka jotzerik.

Frantziako Estatuan 38 euskal preso daude. Bostek frantziar herritartasuna dute, eta lehendik badaukate baldintzapean aske uzteko eskatzerik. Beste 33ak, espainiar nazionalitatekoak dira.

Ipar Euskal Herriko bi preso baldintzapean aske uzteko eskaerak datorren egunetan ebaztekoak dira: hilaren 8an Frederic Haranburena eta 15ean Lorentxa Beirierena. Udan, epailea askatasuna ematearen alde agertu zen, baina fiskaltzak berehalako helegitea aurkeztu zuen bi kasuetan, eta Haranburuk eta Beiriek kartzelan segitu behar izan dute. Aurrena Lannemezanen (Okzitania) dago —29 urte daramatza preso—, eta bigarrena, Roannen —hemezortzi urte daramatza espetxean—.

Emakumezko presoak Roazhongo espetxean batzea proposatu dute

EPPK-ko bi kide egun batez irtengo dira, lehen aldiz

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.